Martxoaren 8an jasandako erasoa salatu dute Leioako ikasle feministek

Joan den ikasturteko martxoaren 8an irakasle baten aldetik jasandako erasoa salatzeko prentsaurrekoa egin dute Leioako ikasle feministek: “Ez dugu onartuko gertaera hau mahai gainetik kendu eta ahaztea, pertsona zehatz batzuei komeni arren”.

Azpimarratu dute bere garaian azaldu  moduan, martxoaren 8an, Emakume* Langilearen Nazioarteko Eguna zela eta UPV/EHU-ko campusetan egitarau bat antolatu zuela unibertsitateko talde feministak: “Hainbat ekintzen artean, emakumeok* grebara batzeko asmoarekin, hardbass deritzon ekintza antolatu genuen. Orokorrean erantzun positiboa jaso zen, izan ere, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere greba deitua zegoen”. Horrez gain, Bizkaiko campuseko errektoreordeak malgutasuna eskatu zuen emakume* ikasleek grebarako oztoporik izan ez zezaten. Gainontzeko fakultateetan egin zuten moduan, Medikuntza eta Erizaintzako fakultatean ere ateak jo zituzten emakumeak* kalera irtetera gonbidatuz: “Bertan, Kirurgia saileko tinbrea jo ostean, bere onetik aterata zegoen gizonezko irakasle bat irten zen bertatik oso modu bortitzean, bastoi bat eskuan zuela, gurekiko astinduz eta hainbat irain eta mespretxu erabiliz. Atea itxi eta guk musikarekin jarraitzen genuela, berriro irten zen jarrera berberarekin. Oraingoan ordea, gutako bi jotzea lortu zuen bastoiarekin. Hots,UPV/EHU-ko irakasle den gizonezko batek emakumezko* bi ikasle makila batekin jo zituen”.

Gaineratu dute, hori irakasle horren izaera bortitzaren adierazle nahikoa izango ez balitz, fakultate horretako hainbat irakasle, langile eta ikaslek zenbait urtetan zehar salatu dituztela jarrera zapaltzaileak izaten dituela etengabe, ez soilik emakumeen kontra, baita gainontzeko kolektibo gutxietsien aurka ere: “Horrez gain, duen botereaz jakitun izanik, M8aren aurreko egunetan grebaren aurkako jarrera irmoa azaldu zuen eta grebara batzeko oztopo handiak jarri zizkien emakumezko* ikasleei, nahiz eta, aipatu dugun bezala, EHUk honekin bat egitearen aldeko jarrera erakutsi zuen. Beraz, gure ustez, egun hartan irakasle honek izandako jarrera ezin dugu ulertu jokabide isolatu gisa, baizik eta emakumeon* aurkako jarrera orokor baten azken muga”.

Erasoari erantzun bat eman nahi izan diotenean oztopo “larriak” izan dituztela azaldu dute: “EHUn zein beste instituzio batzuetan kargu garrantzitsuak ditu eta kontaktu sare zabala. Unibertsitatearen barnean bertan, botere handia du eta Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko ikasleen etorkizunean baldintzatzailea da. Hau dela eta, gutako askok haien ibilbide profesionala zapuztuta ikus zezaketenez irakasle honen vendetta pertsonal batengatik, erabaki genuen bide judiziala ez jarraitzea”.

Azaldu dute EHUren interesekoa izango zelakoan, Errektoretzaren Berdintasun Sailera jo zutela babes eta laguntza bila: “Lehen aipatu legez, grebaren aldeko jarrera azaldua zuen errektoretzak aurretik, eta Berdintasuneko Sailak protokolo berria aurkeztu zuen ikasturte hasieran, edozein kolektibo gutxietsiko kideek eraso bat jasanez gero babesa eskainiz. Guk eskuak lotuta genituenez, gure konfiantza jarri genuen EHUrengan. Hainbat irakaslerekin, Medikuntzako dekanotzarekin, Errektoretzarekin eta Berdintasun Sailarekin hitz egin genuen. Azken honek esan zigun irakasle honi espedientea irekitzeko prozesua martxan jarriko zela eta gu babesteko intentzioa zutela”. Dena den, azpimarratu dute prozesu horren hasiera nahiko iluna izan zela: “EHUko sail ezberdinen artean eztabaidak hasi ziren, eta orokorrean, denek eskuak lotuta zituztela ulertarazi ziguten; elkarri erantzukizuna egotziz aritu ziren, gu tartean izanik. Bazirudien inorrek ez zuela esku-hartu nahi.” Azkenean, barne espedientea irekiko zutela jakinarazi zieten.

Uztailean erasoaren egunean bertan zeuden batzuk testigantzak ematera deituak izan ziren. Jakinarazi dute testigantzak jasotzeko prezesua “nahiko bortitza” izan zela: “Hasiera batean biktimatzat errekonozitu gintuen instituzioak, gu bortizki eta mehatxuka joan ziren erasotzaile moduan aurkezten saiatu zen”.

“Gure helburua irakasle hau bere postutik kentzea izan da hasieratik, ikasleak eraso gehiago jasateko arriskuan egon ez zitezen, eta vendetta pertsonalaren arriskua ez izateko. Hau luzerako joango zelakoan, EHUri eskatu genion behintzat erasotzaileak publikoki barkamena eska zedin. Aurretik azaldutako prozesu lazgarria jasan ondoren, gaur egun ez dugu inolako barkamenik jaso. Aitzitik, erasotzailea inongo damurik gabe dabil fakultatean zehar, mespretxua erakutsiz mugimendu feministarekin lotzen duen ikasle orori. Erasotua izan zen emakumeetako batek oraindik ere klaseetan eta pasilloetatik ikusten du, beste eraso bat jasan dezakeelarik edozein momentutan”, azaldu dute.

Bukatzeko, honela gaineratu dute: “Argi izan dezatela EHU-k eta gainontzeko instituzio burgesek ez gaituztela isilduko. Isilik eta otzan nahi gaituztenen aurrean, borrokan jarraituko dugu!”

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *