Maiatzaren batean bandera moreak airean: Nor gara langile klasea?

2016eko maiatzaren lehena langile klasearen nazioarteko borroka eguna dugu. Lana, edo hobeki esanda, soldatapeko enplegu duin baten aldeko eskubidearen aldarrikapen eta borroka eguna. Tradizioz, sindikatuek ordezkatu eta defenditzen duten eguna. Emakumeok enplegu eta bizi baldintza duin batzuen aldeko borrokan beti tinko jardun izan gara lan merkatu formaletik, honen bazterretatik eta, batez ere, honetatik kanpo.

Ukaezinak dira gaur egun lan merkatuak eta lan harremanek orokorrean bizi duten prekarizazio basatia, babeserako tresna kolektiboen ahultzea eta lan harremanen indibidualizazioa tarteko. Egoera honen aurrean ondorioak bestelakoak dira gizon zein emakumeontzako. Eta logikoa denez, honek antolaketa kolektiboa eta borroka sutsua eskatzen du.

Etxeko lanei eta zaintzari benetan duten balioa aitortzea beharrezkoa ikusten dugu, eta auzitan jarri behar da hauen antolaketa soziala: gizon eta emakumeek berdintasunez egin behar dituzte.   Erantzukizun hau jendarte guztiari dagokio. Beraz, berdintasunaren inguruko diskurtsoen erretorika gainditu eta arazoaren errora jo behar dugu, hezkuntza eredua ez ezik kontziliazio politikak ere zalantzan jarri, zeren horiek emakumeon rola -bizitzaren sostengatzaileena- bideratu ordez indartu egiten baitute.

Emakumeok esan ohi dugun bezala: lana sobera dugu eta enplegu duina faltan. Oraindik ere nagusiki, lan merkatu ez ofizialean, ez arautuan eta ez errekonozituan dihardugunak gu gara. Lana gainezka daukagu; kalitatezko bizitza eta enplegua nahi ditugu, emakume guztioi autonomia, eskubideak eta prestazioak bermatzeko.

Eta XXI. mendeko kapitalismo neoliberalean ezagutzen ari garen aldaketa prozesu anitzak kontuan izanda (langabeziaren igoera, 3. sektorearen suntsiketa, ezkutuko ekonomia…), egun, langile klaseaz aritzean, berau fabrikako menpekotasunik gabeko gizon heterosexual zuri batzuek soilik ordezkatzen al dute? Hortaz, langile klasearen berdifinizio baten beharra azpimarratu nahiko genuke, zeinetan, langile izaera esleituko zaion aberastasuna, balioa, prestigioa, zaintza, bizitzaren mantentzera bideratzen diren jarduera guztiei, hauek soldatapekoak izan edo ez. Kapitalismoa eta heteropatriarkatua txanpon beraren bi aurpegiak dira. Eredu jasanezin bat osatzen dute, pertsonen eta Lurraren, eta batik bat emakume-gorputzaren menperatzean eta esplotazioan oinarritua.

Emakume migranteak, bollerak, transexualak, aniztasun funtzionala dugunak, soldatapeko langileak, baserritarrak, prekarioak, langabetuak, adin desberdinetako emakumeak, jatorri desberdinetakoak, hirietakoak, herrietakoak, etab. biltzen dituen Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa honek jendarte eredu berri bat eraikitzen ari diren subjektu politiko kolektibo desberdinen arteko aliantzan sinesten du feminismoak, aldarri nagusi izaki. Gure arteko aniztasun eta desberdintasunen jakitun gara, baina argi daukagu aldaketa garai honetan, feminismorantz aldaketa egiteko elkartu eta noranzko berean eragiteko garaian gaudela.

Bizi ereduen talka baten aurrean aurkitzen garen honetan, feminismotik, bestelako eredu baten aldeko imajinario eta jardunbiderako hautua egiten dugu: Honek produktibitatea eta erreproduktibitatearen aitortza lehenesten du, bizitzari duen balioa aitortzen dio, ezaugarritzat elkartasuna du, denboraren jabetza ahalbidetzen du eta zaintza-lanen balioespena onartuko du. Horregatik, maiatzaren batean ere, bandera moreak astintzen ditugu elkarrekin, trapu soilak izan ez daitezen.

EH Emakumeen Mundu Martxa
EH Emakumeen Mundu Martxa

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *