Loturez askatu!
Kalaka - Nerea eta Ilazki 2017-03-23

Poltsa_diseinuakLotura entzuten dugunean zer datorkigu burura? Bikotekideen arteko harreman toxikoetan sor daitezken loturak? Familian sortzen direnak? Estereotipoetara mugatzen gaituzten loturak? Edozein irudi, hitz, kontzeptu, liburu, filme, oroitzapen izanik ere, ziur baduzula zerbait buruan bueltaka.

Emakumeok loturez inguratuta daude, emakume izateagatik ezarri dizkiguten loturak, heteropatriarkatuak mendeetan zehar geure buruetan iltzatu dizkigunak, onartzearen poderioz gure egin ditugun loturak, ingurukoek ezarri dizkigutenak, besteen aurrean ondo geratzeko geure buruei jartzen dizkiegunak… ugari ditugu eta zaila da horietaz guztietaz jabetu eta askatzea. Baina, gaurkoan horretarako gonbita luzatu nahi dizuegu.

Norberak nahi duena egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu beti, eta gaurkoan inoiz baino gehiago. Martxoaren 8rako “Ni una menos”-eko kideen deialdiarekin bat egiten dugu feminizidio, soldata desparekotasuna eta esplotazio ekonomiaren aurkako geldialdira. Nazioarteko geldialdia. Bizitzaren alde, emakumeok aske bizi, lan egin, bidaiatu ahal izan dezagun hemen eta beste edonon. Beti mugimenduan nahi gaituztelako; beti besteentzat; beti alde batetik bestera: enkarguak, etxea, ikasketak, lana, haurrak (edo bikoteak, edo lagunak, baino beti besteak); beti zapalduta. Gure loturak zeintzuk diren hausnartzeko tarteak lapurtzen dizkigute: guk nahi duguna egiten ari garen edo ez pentsatzeko astirik izan ez dezagun, borrokarako denborarik har ez dezagun.

Bada garaia gure lotura handien aurka borrokatu eta lotura txikiagoez kontziente izateko. Askotan horiek dira zailenak, txikiak, normalizatu ditugunak, gure ingurukoek ere ikusten ez dituztenak. Asimilatu ditugu. Normalizatu ditugu. Ez gara konturatzen inposatutako loturak direla, aske izaten uzten ez gaituztenak; heteropatriarkatuaren esanetara jartzen gaituztenak. Beraz, har dezagun tartea guretzat, gure loturentzat. Eta aska gaitezen. Emakume bakoitzaren askapen prozesua beste guztiontzat ere aurrerapausoa delako.

Gelditu gaitezen, planto egin dezagun gure askatasunagatik borrokatzeko! Bizi nahi dugun arren, akatzen gaituzte. Egunero, une oro. Emakume izate hutsagatik.

Libre bizi nahi dugu, kontziente, loturez aske!

Kalaka - Nerea eta Ilazki
Kalaka - Nerea eta Ilazki Kalaka komunikazio parekidea

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *