“Lasai soilik emakumeak dira”
Malen Aldalur 2017-09-20

“Lasai soilik emakumeak dira; ez digute arazorik sortuko”, hala esan omen zuten bi poliziak Bizkaiko zahar etxeetako langileen mobilizazio baten hasieran. Urte eta erdi pasa da protestak hasi zituztela; “beharginak gizonezkoak balira, lan gatazka berehala konponduko litzateke”. Gertutik begiratzeko eta jarraitzeko modukoa da Bizkaiko zahar etxeetako langileen borroka. Lan baldintzen prekarizazioan arreta jartzen asmatu dute; egoeraren eta gatazkaren oinarri matxistan jarri dute begipuntua.

Dantzan eta mozorrotuta kantatu zuten Bilboko zahar etxe batean; Arriagan kanpatu zuten hiru egunez; 300 egunetik gora egin dituzte greban. “Lasai soilik emakumeak dira; ez digute arazorik sortuko”.

Langile borrokaren subjektu, oraindik, maskulinoa iraultzen ari dira emakume hauek; sindikalismoari emakume –eta kasu askotan etorkin– aurpegia jarri diote. Errekonozimendu sozialik eta ekonomikorik aitortzen ez zaien zaintza lanak jarri dituzte jo puntuan. Eta, noski, ez da kasualitatea. Gaur gaurkoz zaintza lanak emakumeeek, eta, batez ere, emakume etorkinek egiten dituzte. Silvia Federici, idazle, irakasle eta aktibista feministak Berrian egindako elkarrizketan honela esaten du: “Zaintza lanak oraindik emakumeen gain geratzen dira, eta gehiena emakume etorkinek egiten dute, baldintza beldurgarrietan. Politika zinikoa dute gobernuek, baita Europar Batasunak ere; immigrazio eskubideak murrizten dituzte, emakumeen lana are gehiago esplotatu ahal izateko”.

Bizkaiko zahar etxeetako langileak ez dira lan eremu feminizatu eta honenbestez prekarizatuetan lanean aritzen diren bakarrak; hor daude ‘Kelly’ak, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten langileak, garbitzaileak, eskoletako jangeletan lan egiten dutenak, supermerkatuetan lanean daudenak… Isilik pasa dituzte urteak baina hasi dira oihuka. Kontxi Rodriguez ELA sindikatuko ordezkariak honela azaldu du: “Andreok otzanak, esanekoak eta isilak izateko hezi gaituzte umetatik. Eta guk ere horrela jokatu dugu. Baina aldatzen ari gara”. Aldatzen ari dira. “Lasai soilik emakumeak dira; ez digute arazorik sortuko”.

Bizkaiko zahar etxeetako langileen borroka klase borroka da, genero borroka da, arraza borroka da. Zahar etxetako langileen borroka, borroka feminista da. “Lasai soilik emakumeak dira; ez digute arazorik sortuko”, zaintzeari uzten dio(ten)gun arte.

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *