Ilustrazioa: Uxue Bereziartua

Krak. Nire bizitzan zehar hainbat krak gorpuztu ditudala esan dezaket gaur egungo betaurrekoetatik.  Krak fisikoak batzuk, sinbolikoak besteak, emozionalak gehienak. Begirada errotik alda diezaguke krak batek, edo begiratzen diogun horri beste nonbaitetik begiratzeko bidea zabaldu; deseraikitzen hasteko edo eraikitzeari ekiteko.

Entzuten, ikusten, ukitzen, sentitzen… duzun edozerk eragin diezaguke krak bat, baina beti gorputzetik pasako da, krak bat bada. Barrutik zeharkatzen gaituen horrek mugitzen eta eraldatzen baikaitu esanguratsuki.

Eta nire bizitzako krak desberdinen errepaso mental batek, gaur egun naizen gorputz hau izatera ekarri nauen krak bat dakarkit paperera. “Taller de decolonización: anatomía sexual, placer y eyaculación femenina” izenburupean Txilen parte hartu nuen tailer baten hasierako ariketatxoa izan zen. Ariketa bera egitera gonbidatzen zaituztet, probatzeko, ea zer eragiten dizuen:

Zaudeten lekuan zaudetela, irudikatu uterodun* gorputz anitzen zirkulu baten parte zaretela momentu batez. Orain, luzatu besoa zuen gorputzarekiko perpendikular eta itxi ukabila.

Momentu honetan imajinatu ukabil itxia zure bihotza dela. Zein mugimendu egiten du zure bihotzak? Nola ponpatzen du?

Esango nuke, gehienok jakin dugula, gehiago edo gutxiago, nola mugitzen den gure bihotza. Ikastetxeko garaian ez bada, telebistan ikusi dugulako sarritan. Are, gure baitan mentalki imajinatu ere.

Baina ariketa ez da hor bukatzen. Hemen dator bigarren zatia… Itxi begiak eta jarri berriz besoa eta eskua lehen bezala, ukabila estututa. Orain, ukabil hori, zure uteroa da. Eta zure uteroak zer mugimendu egiten du? Nola ponpatzen du uteroak?

Nik, momentu hartan ukabila itxita mantendu eta hotzikara bat sentitu nuen. Eta nire antzera, inguruan nituen pertsona gehienok egin genuen gauza bera: elkarri begiratu eta geldi geratu. Konpartituko dituzue, nahi baduzue, zuen erreakzioak eta gorpuztutako sentsazioak.

Niretzat, bizitzako krak esanguratsu bat izan zen. Momentu hartan bertan, nire baitan hain modu inkontzientean baina ezinbestekoan zegoen muskulu batekiko ezjakintasun inposatu hartaz benetan ohartu nintzelako. Heteropatriarkatua nire erraietan gorpuztu nuelako egin nuen krak. Gorputzen kolonizazioaz hainbestetan entzuna nuen hori, teoria orokor izatetik nire gorputza zeharkatzen zuen hotzikara desatsegin izatera pasa zelako. Begirada aldarazi zidalako. Nola da posible nire uteroaren funtzionamendua ez ezagutzea? Zer dakit nire ziklo menstrualaz? Zer nire bizitza ziklikoaz? Autokudeatutako ginekologia, zertarako?

Krak batek, geldiune bat eta milaka galdera zabal diezazkiguke. Eta galdera potoloak gustatzen zaizkit, erantzun potoloak baino, zapaldu gabeko bide bat hasteko aukera eskaintzen dutelako. Gure gorputzen burujabetzaranzko bidean, beste krak batzuk eta deseraikuntza bezainbeste eraikuntza ekar ditzaketelako.

Udane Barinagarrementeria Laka
Udane Barinagarrementeria Laka

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *