Kontsumitzen dugun eskaintza kulturala feminista al da?

Filmak, serieak, marrazki bizidunak, antzezlanak, liburuak… eskaintza kulturalak gure egunerokotasuna zipriztindu eta osatzen duen unean, nola egiten dugu aukeraketa A pelikula edo B ikusteko orduan? Portada erakargarriena duena aukeratzen dugu, lantzen duen gaiagatik? Genero ikuspegia irizpide horietako bat izaten al da? Askotan gertatzen da bat pelikula ikustera joan eta ez gustatzea. Batzuetan gustuen kontua izango da, zalantzarik gabe, baina beste askotan, ziurrenik, halakoetan ikusi behar izaten dugun matxismoak eragina du. Ez gara islatuak sentitzen, baztertuak eta estereotipatuak sentitzen gara eta nazkatuta gaude horretaz.

Horrekin lotuta, Bechdel testaz jardungo gara gaurkoan. Ezaguna al duzue? Zer den ez dakizuenontzat, azalpen laburra egingo dizuegu bideoa jarri aurretik: Bechdel testa filmetan, komikietan, antzezlanetan, etab. genero desberdintasunak neurtzeko erabiltzen den sistema da. 1985ean agertu zen lehenengoz, The rule izeneko tira komiko batean, Alison Bechdelen “Dykes to Watch Out For” komikian. Bertan agertzen den pertsonaia emakumezko batek dio berak ez dituela filmak ikusten ez badituzte ondoko baldintzak betetzen:

  1. Filmean gutxienez bi pertsonaia emakumezko ateratzen dira.
  2. Pertsonaia horiek behin, gutxienez, elkarrekin hitz egiten dute.
  3. Elkarrizketa horren gaia gizon bat ez den beste zerbait da (baldintza hau ez dagokio bikote erlazioari bakarrik: adibidez, aitari buruz diharduten bi ahizpek ere ez dute testa gainditzen).

Hiru arau “sinple” hauek alderantziz jarriz gero, ia film guztiek betetzen dute arau hori gizonak protagonistak direnean; aldiz, emakumezkoei ezarriz gero, lotsagarria da zenbatek ez duten testa gainditzen.

Jakin badakigu Disney-eko pelikulek maitasun erromantikoa eta beste hainbat balore sexista zabaltzen dituztela, baina, ikusi ahal izan duzuen moduan, genero desberdintasunak eta matxismoa bultzatzen duten film ugari daude. Oscar sariak eta beste hainbat sari jasotzen dituzten film ezagunenetako gehienek (denek ez esateagatik) ez dute Bechdelen testa betetzen, hau da, ez dituzte emakumeak kontuan hartzen. Ez gaituzte errespetatzen.

Udan zuen ikuspegi bechdeldarra zorroztu nahi baduzue, jarraian testa betetzen duten film batzuk aipatuko dizkizuegu, zuek gehiago aipatuko dituzuenaren esperoan 😉

  • Tomates verdes fritos
  • Las mujeres de verdad tienen curvas
  • La fuente de las mujeres
  • Thelma y Louise
  • Laurence Anyways
  • Erin Brockovich
  • Frida
  • Etab.

Uda gozagarri eta feministaz gozatu!

Kalaka - Nerea eta Ilazki
Kalaka - Nerea eta Ilazki Kalaka komunikazio parekidea

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *