Desira desordenatuak liburuan hamaika hausnarketa eginarazi dizkidan Juanjo Olasagarreren Puskak biziz liburuan agertzen den aipu bat irakurri nuen behin: “Zoriontasuna burges doilor heterosexualek ezarritako diktadura demokratikoa da”.

Eta hala da, zoriontasunaren ideia inposatu digute; “zoriontsu” izateko lan merkatura ahalik eta arinen sartzeko, ikasketak egitera bideratzen gaitu sistemak, ondoren etxe bat erosteko eta bertan familia normatibo bat osatzeko:  kontrako sexua duen pertsona batekin ezkondu ostean, maitasun osoz egindako seme-alabak izateko. Ordena horretan.  Emakumeon kasuan, gainera, familia horri zaintza bidezko maitasuna ematea izango zaigu zoriontasunaren gailur. Zoriontasuna norma-lizatu egin da, sistema heteropatriarkalaren mesedetan.

Zoriontasunaren eredu perfektu hori saltzen diguten bitartean, hori bera lortzeko eta mantentzeko zailtasunak jartzen dizkigute etengabe. Politika neoliberalek, esaterako,  etxebizitzaz produktu bat egin dute, eta eskubide izatetik negozio izatera pasatu da.  Gainera, etxebizitzaren eredua  bera eta  bakarra da, familia nuklearrari zuzendua dagoena, hau baita kapitalismoa mantentzeko doako lanaren indarra segurtatzeaz arduratzen den mekanismo bakarra (Federici).   Baina ez da etxebizitza bakarrik, garraioa, hiriak, kaleak…  pertsona zehatz batzuentzako eginak daude, kapitalismoa mantentzeko “gaituak” diren pertsonentzako, hain zuzen, horrek dakarren biolentzia guztiarekin.

Beste hainbat gauzaren artean zaintza kolektiboa, baliabide komunalak eta askatasun sexuala zuen gizarte matriarkala suntsitu zenean, eta honen ordez gizarte klasista eta bere instituzioak ezarri zirenean (Estatua, familia nuklearra eta jabetza pribatua), hasi zen emakumearen debaluazio soziala. Harremanak eredu hetero-monogamikora mugatu ziren eta familiaren definizioa ezkontzaren baitan besterik ez zen ulertzen, gizonak fabriketara bideratu zituzten eta emakumeak etxearen eremura mugatu. Modu horretan, gizonek beraien ugazabaren dependentzia zuten modu berdinean, emakumeek beraien senarren erabateko dependentzia zuten. Familia eredu hori gizartearen indibidualizazio prozesuan ezinbestekoa izan zen; familia-nukleo bakoitzari etxebizitza baten beharra sortu zitzaion eta honek kontsumismoa areagotu  zuen, etxebizitza bakoitzak sukalde bat (eta bertako tresneria guztia), egongela bat eta geroago komun bat (gutxienez) izan behar zuelako bizi-baldintza duin batzuk lortu nahi baziren. Honek denak, gainera, energetikoki, gutxi batzuen eskura dagoen energia-kontsumo eredu ez-jasangarri batera eraman gaitu. Kontsumismoaz gain, indibidualismo patriarkalaren beste helburuetako bat emakumeen arteko aliantzak suntsitzea izan zen. Baliabide komunalak kentzean (sukaldea, ortua eta garbiketa guneak, esaterako, landare sendagarriei buruzko jakintza partekatzeko gune ziren baita), emakumeen arteko harremanak hoztu egin ziren, zereginak eremu publikotik pribatura mugatu baitziren, bakoitza bere etxera. Jakina baita klase kontzientzia hartzea eta zapaltzailearen kontra errebelatzea zailagoa dela bakarrik egonda, taldean egonda baino.

Eta hau dena gaur arte.

Zoriontasunaren ideiari berriro helduz, homosexualitatearekiko hartzen ari den jarrera heteroprogrea ekarri nahi nuke.  Ikuspuntu erabat kontserbadorea da pentsatzea bikote harreman bat osatzearen helburuetako bat ezkontzea dela, eta perbertsoena, honekin homosexualen eskubideak ziurtatuta dauden diskurtsoa garatu izana (Estatuaren desioa desiatzea, Butler). Ze, zer gehiago eska dezakegu, heterosexualen moduan zoriontsu izateko, gure artean ezkondu ahal bagara! Ezkontza kontratu sozial eta ekonomikoa den bitartean, ezkontzarako eskubidea lortu izana erregimen heterosexualak agintzen duen normalitatea eta moderazioa lortzearen helburuarekin izan da.

Sexu berekoen arteko ezkontzak eskuragai dauden  aukerak izan behar dira, noski, baina nire ustez honek trantsizio egoera bat izan beharko luke, zeinak eskubide zibilak ezkontzaren kontratutik at lortzea eta Estatuan oinarritzen ez diren aliantza ta zaintza kolektibo ereduak aurrera eramango dituen gizartea lortzea helburu dituen, eta horretarako, Estatuarekin mota honetako edozein aliantza abolitu beharko litzatekeela deritzot. Gainera, zilegitasun sexuala ezkontzaren bidez bakarrik lor daitekeela pentsatzean, esaten gabiltza sexualitatea ezkontzaren baitan besterik ulertzen ez dugula eta zilegitasun hori Estatuari erosi behar diogula kontratu sozial horren bidez, honek gainerako harreman afektibo-sexual guztiak aukera ez-bideragarritzat hartzen dituelarik.

“Zoriontasunaren” diskurtso positibistak eragiten duen ezintasunari kontra egitea uste baino iraultzaileagoa da. Akatu dezagun zoriontasuna!

Eva Perez-Pons
Eva Perez-Pons

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *