Kontentagaitz, mizkin, konplikatu
Lide Jimenez 2016-03-16

Etb1-eko Gaur egun bukatutakoan iragarkien txanda iritxi zen. Ez nuen jarraian zetorren saioa ikusteko bat ere asmorik, baina katez aldatu gabe gelditu zen telebista eta iragarki batek atentzioa eman zidan: martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna gerturatzen ari dela eta Emakundek abiatutako kanpainak zera dio “Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu”. Bertan, gizarteko genero desberdintasunen jatorria gazteek haurtxotatik jasotzen dituzen mezuetan dagoela nabarmentzen da. Ez da ohikoa adinean aurrera joan ahala gertatzen diren matxismo-adierazpenen jatorriari arreta jartzea, eta poztu egin nitzen behingoz arazoaren errora zuzendutako kanpaina bat ikusi nuelako.

Iragarki batzuk aurrerago, ordea, segidan zetorren “Gu ta gutarrak Jai School” saioaren iragarkia egokitu zen eta ikusitakoak erabat haserrarazi ninduen. Bertan, nerabe talde bat azaldu zen Eitb-ko platoan dantzan eta saltoka, Joey Montanaren “Picky” abestiaren erritmora, Gran Hermano Vip-eko soinu-banda arrakastatsuaren erritmora, hain zuzen ere. Pasa den astean ezagutu nuen abesti hau eta guztiz matxista iruditu zitzaidan. Abestiko istorioan, mutilak neskarekin dantzatu nahi du, baina neskak ez du nahi. Mutilak ez du ezezko hori ulertzen eta ekin eta ekin neskarekin dantzatzen saiatuko da. Behin eta berriro “picky” deitzen dio, kontentagaitz, mizkin, konplikatu. Mutilak ez du ulertzen neskak nola ez duen berarkin dantzatu nahi. Nobioa duela jartzen dio aitzakitzat neskak, baina Joey ez du engainatuko, badaki gezurra dela, Joey-k badaki barrenean neskak berarekin dantzatu nahi duela, nahiz eta oraindik bera ez den konturatu.

Zein zentzu dauka haurtzarotik jasotzen diren mezu sexisten aurkako kanpaina bat egiteak, segidan neskak bortxatzera animatzen duen musikarekin festa egitera bultzatzen baditugu nerabeak?

Zein harritzen eta eskandalizatzen da herrietako festetan (tematuz gero, ezezkoa baiezko bihurtzen dela dioten abestien erritmoan) adin txikiko mutilek adin txikiko neskak bortxatzen dituztenean?

Bada indarkeria matxistaren jatorriari hipokresiarik gabe aurre egiteko garaia, eta ume eta gazteek kontsumitzen dituzten produktuen sortzaileak kontziente izan behar dira ardura handia dutela. Izan ere, heziketa etengabekoa da eta horrelako gai bat ez lukete arinkeriaz tratatu behar segundu bakar batean ere.

Lide Jimenez
Lide Jimenez

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *