Konspiratzea elkarrekin arnasa hartzea delako
Malen Aldalur 2016-12-07

Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? Izan zaitezke euskaltzale feminista izan gabe? Orain dela pare bat urte hasi zen emakume euskaldun eta langile talde bat Angela Davisen menperakuntza hirukoitzaren teoria berrartu eta geurera aplikatzen. Nortzuk? Eider Rodriguez, Idurre Eskisabel, Anari Alberdi, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Maialen Lujabio eta Lorea Agirre.

Bi urteren ondoren, lagun talde horrek Eskafandra bilduma feminista sortu du. Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea liburua euskaratu dute; eta hasieran, liburu bakar bat itzultzeko asmoa bazuten ere, Ekafandra bilduma feminista bihurtu dute.

'Emakumea, arraza eta klasea' liburuaren aurkezpena. (Argazkia: Aritz Larrea)
‘Emakumea, arraza eta klasea’ liburuaren aurkezpena. (Argazkia: Aritz Larrea)

Honela azaltzen du Lorea Agirrek: “Davisek arraza dioen tokian guk euskara diogu. Ez berez bi meperakuntzen neurria berdindu nahi dugulako, inondik ere, baizik eta gurean arrazagatiko zapalkuntza nazioagatiko zapalkuntza delako, eta oraintsu arte harrigarriki ikusi ez bada ere, uste osoa dugulako nazio menperakuntzarako leku pribilegiatuetako bat, lehen bezala orain, euskal hiztuna dela; eta, horrenbestez, euskal hiztuna delako menperakuntza linguistikoa eta sexu-genero menperakutza klase menperakuntza ere baden modu berean, hizkuntza menperakuntza ere bada sexu-generoen menperakuntza”.

Menperakuntzek batak bestea areagotzen dutela uste dute, eta honenbestez elkarrekin borrokatu behar direla. Agirrek Mikel Laboak kantatzen due JoxAnton Artzeren “beste bat loturik deino ez gara libre izango” kantua aipatzen du zapalkutzaren mamia ulertzeko.

Idurre Eskisabelek ere honela dio: “Guk gutasun kolektibo baten esanahia ematen diogu horri. Nor izatea herri izatearekin lotuz, eta herri izate hori hizkuntzaren gainean eraikiz”.

Davisek emakume, beltz eta klase sozial apalekoa izateak dakartzan hiru zapalkuntzak lotu zituen, aurreneko aldiz. Danele Sarriugartek itzuli du, eta aurkezpenean hark azaldu zuenez hutsune bat betetzeko asmoz idatzi zuen Davisek liburua 1983an. Dena den, oraindik gaurkotasun handiko liburua da: “Nork zaintzen ditu gure zaharrak? Nork garbitzen gure komunak?”. Gaur ere pertinentea da Davisen pentsamendua plazara ekartzea.

Hiru aldiz zapaldua denak hiru aldiz errebelde eta hiru aldiz aliatu izateko zoria duela aldarrikatzen du pentsamendu feministaren mugarri den liburu honek; baina oraingoan, euskaraz.

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *