Asteburuko nekea zela eta, goiz oheratu nintzen astelehen gauean; Donostiako Parte Zaharra baino lehen, dirudienez. Etxe azpiko tabernan berriketan zebiltzan hiruzpalau gizon.

“Hemezortzi urte edo izango zituen baina ederra zegoen e? 90, 60, 90 neurriak zituen eta gainera ile horia!”, bota zuen emozioz gainezka gizonetako batek. Barrez erantzun zuten besteek, eta gustura jarraitu zuen kontakizunarekin: “Aitona bat izan nintekeen berarentzat, baina gustura hurbildu nintzen berarengana; egia da kalabazak jaso nituela eta ez zuela nitaz ezer jakin nahi, baina ez nintzen titiak eta ipurdia ukitu gabe geratu! jajajaja!”. Eta lagunek: “Handia zara!”, “Zu beti berdin e!”, “Bera ere gustura geratu zen orduan!”.

Eta hor jarraitu zuten eraso baten kronika egiten, barrez eta zilegitasun osoz. Amorratuta eta haserre oheratu nintzen. Erasotzailea goraipatzen jarraitu zuten denbora batez, eta alde egin zuten nire etxepetik.

Pare bat aldiz joan naiz aurten Hernanira sagardotegi garaian, eta festa giroan ohikoa den gisan eraso bat baino gehiago ikusi ditut: lagunari ipurdia ukitu, aurrean dudan neskari oharkabean lepora igo, oihuka parean duten emakumearen gorputza puntuatu… Begiak itxi eta Hernaniko mutil horiek imajinatu ditut edozeinen etxepeko tabernan eurek egindako erasoen berri harro kuadrillan kontatzen.

“Handia zara!”, “Zu beti berdin e!”, “Bera ere gustura geratu zen orduan!”. Orain dela egun batzuk, Bulling-aren inguruko Kiva proiektuari buruzko erreportaje batean irakurtzen nuen, erasoekin bukatzeko konplizitatearekin apurtzea ezinbestekoa dela. Hau da, eraso egin ez arren, erasotzailea babestea badela, bere horretan, jazarpen nahikoa. Izan ere, erraza eta komodoa da horretarako inguru erosoetan (herri mugimenduetan, asanbladetan, lagun feministen artean) halako erasoak ahobatez salatzea; baina ez dakit zenbat diren nukleo maskulinoetan edo eremu ez erosoetan, euren lagunei kontra egitera ausartzen direnak; halako komentarioen aurrean, erasoa salatzen dutenak; euren konfort gunetik aterako dituzten jarrerak hartzen dituztenak.
Izan ere, ez Hernanin ikusitako erasoetan, ezta atzo gauen entzundako elkarrizketan ere, ez nuen ikusi erasotzailearen lagunik biktimaren alde posizionatzen.

Bulling-arekin gertatzen den bezala, erasoei aurre egiteko beharrezkoa da konplizitateekin apurtzea eta erasotzaileak babesteari uztea. ‘Eraso sexistarik ez’ dioten pegatinak paparrean pegatu, baina lagunen aurrean isiltzeak ez du ezertarako balio.

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *