KOLO(r)SALA IZANGO DA!
Euskal herriko bilgune feminista 2017-12-15

Zezen bat, zaldi bat, usoa eta kandelatxo bat. Beherago, beso bat. Besoa bakarrik. Pertsonarik gabe. Eta buru bat, lurrean. Jada bizirik ez dagoen umea eta emakume bat. Negarrez. Biluzik. Zuria, beltza eta grisa. Sua ere azaltzen da nonbait. Baina ez da inguruan dantza egitera gonbidatzen zaituen horietakoa. Ezta hondamendi natural batek sortutakoa ere. Bonbek sortutako sua da. Sufrimendua sortzen duen horietakoa. Gogoratzen? Gernika da baina Yemen ere izan zitekeen… edo Palestina; edo inoiz zuria, beltza eta grisa izan den munduko beste edozein leku.

Zuriak, beltzak eta grisak dira gerrak. Inperialistak, kolonialistak, arrazistak, klasistak, kapitalistak eta heteropatriarkalak diren bezala. Kolorebakoak. Gure lurraldeak, gure bizitzak eta gure gorputzak guduzelai bihurtzen dituztenak. Jatorrizko herria utzi eta beste nonbaitera joaten behartzen gaituztenak, bide horretan egiten dizkiguten bortxaketen konplize isilak eta ustez segurua den lurralde batera heldu eta gure gorputzak salerosten dituztenean ere mutu dirautenak, adibidez.

Baina gerrateetako zuriari beste zentzu bat eman genion guk, Liberian. Grisa urdindu genuen Greenham Common-eko kanpalekuan eta beltzari esanahia aldatu diogu munduko hainbat puntutan. Horrela hasi ginen gerren iruditegia aldatzen. Horrela hasi ginen ulertzen, subjektu politikoak garen heinean, ez gaudela prest kalte kolateral hutsal izateko eta gerren arduradunek, nahi eta ez, entzun egingo gaituztela.

Kanpin denda, arropa beltzak edo zuriak, kateak, hitza eta ekintza dira orain arte behar izan dugun guztia; eta horiek dira gure armak. Bihar eramango ditugunak. Hala salatuko ditugu interes ekonomikoak bizitzen gainetik jartzen dituztenak, milaka pertsonen heriotzaren arduradun diren armen industriak, eta berauek sostengatzen dituzten instituzio eta kapitalaren jauntxoak.

Gerra Portu honetan hasten delako. Baina bihartik aurrera gerra ez, beste zirku bat izango delako hemen hasiko dena eta kolosala izango da.

 

IRATI GONZALEZ LARENA, BILGUNE FEMINISTA

Euskal herriko bilgune feminista
Euskal herriko bilgune feminista

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *