Ikasle eta gazte baina gurasoez apur bat burujabeago izan nahi dugunon artean, askok asteburuetan taberna zuloko lan prekarioa onartu dugulakoan nago. Gutako asko emakumeak izango gara, eta ugari Herriko Tabernetako langileak.

Lan baldintza duinen aldeko manifestazioetan ibili arren, autogestioaren inguruko hausnarketak egin arren eta bestelako bizi eredu bat sutsuki aldarrikatu dugun arren, gauetako kamarera lanak onartu ditugu askok, horrek dakarrenarekin (kontraesanak biziarazten gaitu); kontratuan (formal edo informala izan) soldata eskasa onartu dugu, dagozkigun eta ez dagozkigun lanak egitea ere bai, ordu extrak halabeharrez egin eta xentimo bat gehiago ere ez poltsikoratzea, gaueko ordubatean itxi behar eta azken lau mozkorrekin goizeko bostak arte egon beharra, noski, negozioaren hobebeharrez. Are gehiago, Herriko Tabernako zerbitzari izateak “lan bolondresa” onartzea ere badakar, 24 orduko militantziaren adierazpena omen, beraz, askotan nahi ez ditugunak edo ez dagozkigunak egitea tokatzen zaigu (“todo sea por la causa”).

Dena den, bada kontratu idatzi edo ahozkoetan aipatzen ez den zerbait, baina, dirudienez, langile emakumeok onartu behar duguna: behin eta berriz aguantatu behar ditugun piropoak, dei iraingarriak, goitik beherako begirada biluztaileak, mozkorren mingain-aspertuen telefono eskaerak… Eta noski, inor kalera botatzera okurritzen baizazu edo bezeroa gehiegikerietan dabilela iruditzen bazaizu eta tragoa ukatzen badiozu, akabo. Zure lana kolokan, isilpeko kontratuan sartzen baita, omen, erasook begi onez hartzea, ordubetean irabazi dituzun 9 euroen parte.

Urtebetean Herriko Taberna batean lanean egondako emakume izanik, aipatu dudana neure larruazalean bizia nuen jadanik, eta aurreko larunbatean, sei hilabete kanpoan igaro ondoren, lanera itzuli nintzen. Karnabalak, inauteriak, eraso sexistak are mozorrotuago azaltzen zaizkigun data. Arratsaldeko zazpietatik lau eta erdietara egin nuen lan atsedenik gabe, bakarrik, taberna lepo zegoela, hasieran gustura inauteriek duten giro alaiak kutsaturik. Aldarrikapenerako parada dela uste dudanez eta herriko gaia Itsasoa izanik, emakume saregilez joan nintzen mozorrotua lanera, garai batean izan zuten garrantzia gogorarazteko asmoz. Soinean, okupazioaren aldeko eta preso eta iheslarien aldeko pegatak jarrita, La chica del Batzoki ordez La chica de la Herriko. Izan nintekeen Ezker Abertzaleak azken denbora honetan hartu dituen leloen adierazle bikaina, nazio eraikuntza, bizi eredu burujabea eta feminismoa.

Badirudi, ordea, ez nuela burutzen ari nintzen performance bikainarekin tabernako parrandazalerik kutsatu. Herriko Taberna batek behar lukeen filosofiaren aurka, patxangeo sexista eskatu zidaten behin baino gehiagotan, babosoa barra ertzean eduki nuen ni limurtzeko asmoz gau osoa, eta zergatik zaude hain borde esaldi zoragarria bere aho alkohol-kirasdunetik aditu behar izan nuen behin baino gehiagotan. Kamarera guapa! izateagatik ere irribarrea atera behar zitzaidan, Eh rubia! bakoitza atseginez atenditu behar izan nuen eta super gizon ligoiei txupitoak ukatu behin baino gehiagotan eta polita izan arren, bazen botilak hartzeko besoak igo nituenean nire besazpi iletsuei nazkaz begiratu zienik ere. Izan zen nitaz errukitu zen sasi-jator bat ere, bere gizontasunetik (baina konprentsio osoz, noski), biktimatzat hartu eta neure burua defendatzeko nahikoa izango ez banintz bezala ni bakean uzteko eskatu ziena bestelako bezeroei (oraindik ez dakit zein izan zen bere benetako helburua, tabernatik bota nuen azkena izan baitzen).

Hala ere, gauaren ginda azken ordubetean etorri zen, taberna ixteko behar izan nuen azken aitzakia. Zoologikoa kontrolaturik nuela ikusi nuen momentu batean, kaja ondoan eseri nintzen barra atzean, ur trago bat eta zigarro bat lasai asko erretzeko (gau osoan lehen aldiz). Eta hara non entzuten dudan ondorengo perla: zozketa baterako saria ematen duzu (hiru egun beranduago ez dakit mariskadarekin, gabonetako girnaldarekin edo Euskal Tonbolako furgonetarekin konfunditu ninduten).

Erraiak irakiten nituela, zerbait erantzutera itzuli nintzen segidan, baina hara non, Ezker Abertzaleko herriko kide batzuk zirela ohartu nintzen, besteak beste, tabernaren inguruan lanean aritzen direnak. Malaostia aurpegiari segidan jarri nion kareta eta erasoa mozorrotu nuen, erasotzaileari mozorroa kendu ordez, gau osoan bota nuen irribarre faltsu eta ederrenarekin.

Maider Galardi
Maider Galardi

2 Iruzkin

  1. Gabon Maider.
    Galdera bi.
    Zein tabernetan izan zuten jarrera iraingarri hori?
    Bertan lanean jarraitzeko asmorik ez duzu izango, ez?
    Hitzegin eta salatu diezu arduradunei jasandakoa, guzti hau idazti aurretik?
    Milesker eta animo!!

  2. Baboso asko dago taberna zuloan bai…. ta begirada lizuneko gizon matxistak,ta babosoen aurrean matxitoa egiten den matxista mozorrotua, ta lagun artean bromak egiten dituen militate matxista, ta ligatzen saiatzen den matxista kamuflatua, ta txupitoa hartzera gobidatzen duen matxista diruduna, ta matxista mozkortua… Ta herriko taberna batzutan gaiñera, tabernako arduradunak diren militate explotatzaileak ,noski matxistak.Ta noizean behin, barraren atzean, Guay bat, bera ez da matxista, Guay izatearekin nahikoa daka.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *