Kalea ez da zuena
Arabako Emakumeen Asanblada 2017-11-25

Uda bukaeran, Gasteizen gertatutako sexu erasoa izan zela eta, alkateak hirian horrelako erasoa gertatzen zen bakoitzean kalera irtengo zela adierazi zuen. Orduz geroztik, astero jazo dira hainbat emakumeen kontrako gertakari bortitzak hiri honetan. Alkatea, berriz, bi aldiz gehiago baino ez da kalera irten.

Gorka Urtaranen baieztapen borobil horrek zur eta lur utzi gintuen, bai agerpenaren egilea beragatik, bai deklaratu zuen posizioagatik: nork eta Gasteizko alkateak animatzen zituen herritarrak indarkeria matxistaren aurka mobiliza zitezen. Izan ere, bere betebeharren artean baliabide publikoen bitartez hiria antolatzearen eginkizuna duen pertsonak kaleetan mobilizatzeko deia egin izana errespetu falta eta lekuz kanpokoa izan zela iruditu zitzaigun. Performance-ekintza dirudi, ezin baitugu ahaztu alkate kargu eta erantzukizuna duela dei egin zuenak.

Horrek ez du esan nahi gure ustez politikariak ezin direnik kalean manifestatu. Ez horixe, erakundeetan agintzen badute ere. Baina kalean haien rola hiritar arruntarena izan behar duela defendatzen dugu, ez baitira hautatuak izan kalea euren lantokia egiteko, nahiz eta espazio hori nork erabili dezakeen eta nork ez erabakitzeko boterea bereganatu duten. (Dena den, hori beste eztabaida da, eta horri hurrengo batean ekingo diogu akaso.)

Kaleak ez du jaberik. Guztiona da eta aldi berean inorena ez, batez ere espazio publikoa gero eta pribatizatuagoa dagoelako. Kalea gizarte mugimenduok gure burua aditzera ematen dugun gunea da. Bertan gure salaketak eta aldarrikapenak egiten ditugu eta bertan bizi gara ere bai. Espazio hori pankarta batekin okupatzen dugunean, zerbait aldarrikatzen ari gara eta norbait interpelatzen ari gara. Oro har gizartea; baina bereziki klase politikoa, azken horrek baliabide publikoak bere eskuetan dituelako.

Era berean, plazak gure gorputzekin betetzen ditugunean gure amorrua adierazten ari gara, eta gure borroka feministaren pankartak erakusten ditugunean, gure buruak, bortizkeriei aurre egiten diegun horiek, ikustarazi nahi ditugu. Baina klase politikoa bere kasa kalera irteten denean eta pankarta bat zabaltzen duenean, nor ari da interpelatzen? bere burua? Nori hitz egiten dio? Zer eskatzen du? Euren buruak ari al dira interpelatzen beraien bulegoetan egiten ez dutenaz?

Horregatik, gogoratu nahi dizuegu kalea ez dela zuei dagokizuen lekua. Gainera itxurakeria iruditzen zaigu, are gehiago erakundeetatik emakumeen aurkako indarkeriari eta sistema patriarkalari aurre egiteko ez delako nahikoa egiten jakinda.

Eta sistema diogu, eta ez gaitza edo lakra —askok dioten bezala—, indarkeria matxista ez delako lakra bat, ezta gertakizun erresiduala, isolatua, anekdotikoa edota noizbehinkakoa ere. Aitzitik, estrukturala, sistematikoa, iraunkorra eta egunerokoa bada.

Paperak irauli egiten dituzuenean, gobernatzen duzuen zurikeria azaleratzen da. Izan ere, zuen diskurtso arinek eta gizarte mugimenduak ordezkatzeko saiakerek begi-bistan uzten dute zuen arduragabekeria eta zuen eginbeharrekoekiko ardura falta. Eta are larriagoa dena, berdintasun eza eta emakumeen aurkako indarkeria ardatz duen egitura elikatzen duzue.

Zuen toki-aldatze hau ikusita, zuek ordezkatuko zaituztegu guk oraingo honetan. Zuen bulegoetan kokatuko gara eta zuen politika publikoek benetan indarkeria matxistari aurre egiten diotenetz aztertuko dugu.

Horretarako ondorengo galderak mahaigaineratzen dizkizuegu:

Hasteko, sendotu al du udalak indarkeria matxista kasuetan esku hartzen duen udaltzain taldea zerbitzua egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez eman ahal izateko ala heltzen diren kasuak artatzeko gai ez den talde txikia segitzen du izaten?

Bestetik, emakumezkoek indarkeria jasaten ari direla kontatzen dutenean, zalantzan jartzen da euren hitza hainbat udal zerbitzutan, esate baterako, polizia-etxean, oinarrizko gizarte-zerbitzuetan, gizarte-larrialdi zerbitzuetan, ala sinesten diete eta sostengua, babesa eta beren burua indartzeko baliabideak ematen dizkiete?

Indarkeriari aurrea hartzeko benetako konpromisoa al du udalak eta egunerokoan prebentzioan lan egiten duten elkarte eta kolektiboei laguntzen die?

Emakumezko guztiak berdin sorosten dira ala formulario instituzionalekin bat etortzen ez diren profilak dituzten emakumeak udal arreta-zirkuitutik kanpo geratzen dira?

Era berean, indarkeria mota guztien larritasuna ezagutzen al ditu klase politikoak ala indarkeria mota batzuk beste batzuk baino larriagotzat jotzen ditu, sistema heteropatriarkal berean txertatzen direla onartu gabe?

Eta diseinatutako protokoloak zehaztasunez erabiltzen ditu udalak ala inprobisatzen du nola bete segun, non eta noiz?

Azkenik, indarkeria gaietan, udalak mugimendu feminista eta emakume taldeak solaskide gisa aitortzen ditu ala haiekin lehiatzen da haietatik jasotako kritikak onartzen ez dituelako?

Jaun-andreok, utziguzue kalea guri eta sar zaitezte zuen bulegoetan lan egitera. Ez ezazue uste nahastuko gaituzuenik zuen nonahikotasunarekin eta ezarri itzazue ekimen irmoak eta ausartak, indarkeria matxistaren aurkako borroka benetako emaitzak eman ditzan.

Elkarretaratze batean nork zein toki hartu behar duen ezagutzea ezinbestekoa da. Ez dugu elkarretaratzeetara joaten jarraitzeko arrazoirik egotea nahi. Horretarako zuek erdian egoteari utzi behar diozue. Bakoitzak bere tokia dauka: zuek bulegoetan eta guk kalean, zuek gaizki egiten duzuen hori seinalatuz.

Arabako Emakumeen Asanblada

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *