Juana Balmaseda, abokatua: “kontrol neurri handienak erasotzailearen gainean jartzea litzateke egokiena eta logikoena”

Arratsaldeko 13:00ean geratu ginen Bilboko hotel batean elkarrizketa egiteko. Berandu eta presaka baina iritsi ginen hitzordura. Lasai zegoen Juana Balmaseda, eguneroko ogia du genero indarkeria, abokatu gisa aditua baita halako kasuetan; sofan eseri, ebakia eskuetan hartu eta lasai bota zigun: “galdetu nahi duzuen guztia, lagunduko dizuet mundu hau argitzen”. Ez zuen lan erreza izan, komunikabideetako kanpaina etengabeek ez baitigute inoiz ezer argitu; ez salaketa baten nondik norakoak, ez eta prozesuarenak ere. Ea ba, arnasa hartu eta hor hasi ginen berriketan. Guri argigarri gertatu zitzaigun, ea zuei balio dizuen.

abogada-Juana-Balamaseda-intervencion-Parlamento_EDIIMA20140218_0714_4

*Honen inguruko testigantza ere ekarri dugu: Eneritz, indarkeria matxista salatu duen emakume bat

Nondik hasiko gara? salaketatik?

Beno, hasiera lehenago dago. Salatu aurretik gauza asko izan behar dira kontuan. Esaterako, ezinbestekoa da emakumea emango duen pausuaz kontziente izatea eta horretarako prest egotea. Prozesu judizial luze bat pairatu beharko du eta, maiz, azken emaitza ez da bere sufrimendua konpentsatzeko adinakoa izango. Gainera, prozesu guztian babestua eta informatua egon behar du; ondorioak ezagutu behar ditu eta psikologikoki ere laguntza beharko du. Emakume batzuk urte luzez jasan dituzte tratu txarrak eta salaketa prozesuaren barruan, bat batean, konturatzen dira orain arte bizi izan duten errealitateaz; oso gogorra da horri aurre egitea. Errealitatearen kontzientzia hartze horrek denbora eta profesionalen laguntza exijitzen ditu. Gainera, egoera horretan dauden emakumeek lotsa eta kulpabilitate sentsazioa izaten dute. Uste dut salatu egin behar dela, baina salaketa beti, beti, beti emakumearen babesarekin batera joan behar da, bestela arazoak sor daitezke eta arriskutsua izan daiteke.

Salatzeko orduan zein ezberdintasun daude eraso fisiko eta psikologikoen artean?

Salatzerako orduan, ez da berdin erasoa fisikoa edo psikologikoa izan. Tratu txar psikologikoen kasua askoz konplexuagoa da, noski, frogatzea zailagoa delako. Gertaera batzuk oso bistakoak dira, mundu guztiak ikusten ditu eta horiek frogatzeko eta salatzeko errazagoak dira. Gauzak azaldu behar zaizkio, esaterako, teknologia bidezko mehatxuen kasuan, kontatu behar zaio galdera askori erantzun beharko diola eta esandako guztiak, guzti-guztiak, frogatu egin beharko dituela. Dispositiboa [mugikorra, ordenagailua…] poliziaren eskuetan utzi beharko du, eta hor ez dago intimitaterik, dena ikusi dezakete. Horretarako prestatzen lagundu egin behar zaio, eta kontuan izan behar da emakumeek prozesuan aurrera joan ahala ez dutela beti jarrera homogeneo bat izango. Batzuetan, nahiz eta babes neurriak ipini [erasotzailea ezin da emakumearengana gerturatu], harremana izaten dute, eta horrelakoak aintzat hartzea ezinbestekoa da, eta beharrezkoa den babes psikologikoa eta soziala ere eskaini behar zaie babes legalaz gain.

Medikuaren ziurtagiriak bidea errazten du, beraz.

Medikuaren ziurtagiria froga irmoa da, eta zalantza gutxi uzten ditu. Kontrara, eraso psikologikoak eta horrek eragindako minak eta kalteak frogatzea ez da hain erraza. Argi eta garbi, etengabeko mehatxuak jasateak ikaragarrizko kaltea dakar, baina legea ez dago horri aurre egiteko prest. Orain gutxi arte ez zen zigorrik jazotzen, orain bai, baina oraindik oso konplexua da. Esaterako, imajinatu emakume bati xantaia egiten diola bere bikotekide ohiak bere bideo bat publikatzearekin, hori orain gutxi arte ez zuen legeak kontuan hartzen.

Bermatzen al da guztientzako babes hori?

Genero indarkeria jasaten duten emakume guztiek dute asistentzia legalerako eskubidea guardiako ofizioko abokatuaren eskutik, hau oinarrizkoa eta ezinbestekoa da. Oso garrantzitsua da salaketa jarri aurretik abokatu batekin hitz egitea; eta hori jakinaraztea poliziaren esku dago. Abokatuak aholkatu egin behar ditu, eta ez aholkatu bakarrik, abokatuak defendatu ere egin behar ditu.

Polizia aipatu duzu. Emakume horiei galdetegi bat egiten zaie komisaldegian.

Bai, eta oso gogorra izaten da. Galdetegirako prestatu egin behar dira psikologikoki eta azaldu egin behar zaie zein egoera biziko duten. Baina galdeketa beti da oso desatsegina.

Batzuetan geratzen da: erasoa salatu eta erasotzailearen etxera bueltatu behar.

Hori arazo handienetako bat da. Salaketa jarri eta epaileak babes neurririk ipintzen ez badio, posible da emakume hori bere erasotzailearengana bueltatu behar izatea; eta erasotzailea jakinaren gainean egongo da. Hori oso gogorra da. Epaileak babes neurriak ipintzen badizkio ez du gehiago ikusi beharrik izango, teorian. Baina bestela bai, edo berak asmatu beharko du zerbait: familiako edo lagunen baten etxera joan, herriz aldatu… bere esku geratuko da babes neurriak jartzea.

Gainera maiz, babes neurriak, kontrol neurri bilakatzen dira. Emakumearen kontrol neurri, argiago esanda.

Kontrol neurriak maiz emakumeari jartzen zaizkio eta horiek kaltegarriak zian daitezke berarentzat. Esaterako “Bortxa” mugikorra; pitatu egingo dio erasotzailea bere leku beretik pasa bada, edo patruilak ibiliko dira bere inguruan. Noski, horrek bizitza mozten dizu eta oso deserosoa da. Egokiena eta logikoena kontrol neurri handienak erasotzailearen gainean jartzea litzateke.

Zer gertatzen da salatzen duen emakumea atzerritarra denean?
Argi eta garbi atzerritarren egoera okerragoa da, arazo guztiak oraindik modu bortitzagoan jasaten dituzte. Ez dute hizkuntza menperatzen, ez dituzte bitartekoak kontrolatzen… Sarri kasu hauetan familiatik bereiztea ekartzen du salaketak eta etxe espezializatuetara joan behar izaten dira. Emakume batzuentzat familia da nukleo sozial bakarra eta ez da erreza horrekin haustea. Atzerritarren kasuan egoera okerragoa da, beti. Eta seme-alabekin ere ez gara ahaztu behar.

Zein da umeen egoera?
Umeek ondo ezagutzen dute egoera eta erasoak zuzenean jazotzen dituzte. Askotan amentzat garrantzi handia dute eta eurak babeste aldera ez dute salatzen, edo kontrara, horregatik salatzen dute. Baina ezinbestekoa da umeen faktorea aintzat hartzea eta egoerari aurre egiteko baliabide guztiak eskaintzea.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *