Jaiak, erasoak eta erantzunak
Kolaboratzaileak 2015-08-19

Kattalin Miner eta Amaia Zufia.-

Aurtengo uda, eta honekin batera herri eta auzoetako jaiak amaitzear direla, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik hainbat irakurketa plazaratzeko beharra sumatu dugu. Hainbat dira ukitu nahi ditugun kontuak, baina lehenik eta behin guztiz kezkatuta eta haserre gaudela adierazi nahi dugu, hain zuzen, beste uda bat joan zaigulako eraso sexistaz betea. Larrituta gaude, jai eta gau testuinguruaz baliatuta, aurten berri izan dugun eraso sexista eta sexualen kopuruaz. Gaitzesteaz gain, arduradun desberdinei, behar diren neurriak hartzeko eskatzen diegu berriro ere.

Honek guztiak noski, badu bere alde gazi-gozoa, erasoei egindako erantzunena hain zuzen ere. Pozarren ikusi dugu, herri, hiri eta auzoetan mugimendu feminista zein jai eta auzo elkarteek izan duten erantzun eta deialdi gaitasuna. Honekin argi geratu da sarri, jendarteak, eragile sozial zein kasu batzuetan instituzionalek ezezko irmoa ematen dietela halako erasoei, eta honek berebiziko garrantzia duela azpimarratu nahi dugu. Besteak beste, aipatzekoa izan da, Iruñean hainbeste urtetan erasoen berri izan dugun arren, eta erantzun diegun arren, aurten ikusi dugun erantzun erraldoia.

Hau ez dugu ahaztu behar mugimendu feministak musutruk, borondatez eta sarri oztopo handien gainetik egindako kontzientziazio, formakuntza eta zabaltze lan baten ondorio dela. Ez egun batetik bestera egiten den borroka. Beraz, zoriondu nahi ditugu bide honetan, erasoak zer diren, horiek salatzen eta inguruan hartu beharreko ardurak hartu daitezen herri eta auzoetatik hasita, edozein mailatan lanean dihartuten guztiak.

Dena ez da garaipena ordea, uda honetan ikusi baititugu aldarrikapen eta ahots feministak altxatzearen beste ondorio batzuk. Hain zuzen ere, burura datorkigu zaratatsuena izan den Gaistezko Bulsa eta Nesken afera, non beste behin, mugimendu feministaren lana zalantzan jarria izan den. Zoritxarrez, ohituta gaude borroka feminista deslegitimatu nahi duten ahotsak entzutera. Baina argi dugu, beldurrik gabe bizitzeko hautua egin genuela aspaldi eta horretarako lanean jarraituko dugu, gurekin bidea egin nahi duten guztiekin. Eta ez, ez gaude prest erasoen aurkako protokoloak betetzen ez direla onartzeko, ez indarkeria sexista salatzeagatik irainduak eta deslegitimatuak izateko.

Gasteizko kasua ikusgarriena eta gatazkatsuena izan bada ere, jakin badakigu jaiak antolatzen diren espazioetan, oraindik bestelako egoerak ematen direla maiz, eta aurten ere hala jaso dugu, eraso sexisten inguruko zalantzan jartze bat, feminismoarekiko errezeloak, eta ezjakintasunean edo antifeminismoan oinarritutako jarrera nahikoa matxistak ere. Antolakundeetatik hasi (dela jai batzordea, dela konpartsa bat, dela auzo elkarte bat), jaietan ematen diren jarreretaraino. Gizonen nagusigoan, bazterketa anitzetan, oinarritutako kultur adierazpen eta fenomenoak irauli behar ditugu, hauek baitira indarkeria sexistaren erroa.

Guk argi diogu: izaera, espazio eta lanketa feministak oinarri ez dituzten jai ereduak, ez dira sekula emakume, lesbiana edota transentzako askeak izango. Ez dira izan eta ez dira izango, eta puntu. Denak ez du balio, jaietan ere ez. Batzuk irainduak, erasotuak, gutxietsiak edo bortxatuak izateak, beste batzuek bere boterea finkatzeko, horrela gozatzeko, ez du balio.

Eraso sexistarik gabeko jaietan sinisten dugu, noski, baina ahaztu gabe, mugimendu feministak urteak daramatzala honetan lanean, eta beraz, hemendik merezitako aitortza ez ezik, gai hauen inguruan duen autoritatea behingoz onartzea eskatzen dugu. Guztion ardura da honen lanketa egitea, aitzakiarik gabe eta erasotzaileekiko konplizitaterik gabe. Feminismo hitza eta ekintzak ez onartzeko dauden erresistentziak alde batera utzi, eta behingoz gaiari heltzeko ordua da. Jaien antolaketa eredua honen adierazle bihurtu beharra dugu, elkarlanaz, hitzerdika aritu gabe eta tinkotasunez. Gainera, gai honen lanketan komunikabideen garrantzia azpimarratu nahi dugu: berriak ematerakoan, lehentasunak jartzerakoan edota informazioaren tratamenduan.

Azkenik, erradikaltasunaren gaiari eutsi nahi diogu. Dirudienez, orain mugimendu feministari tokatzen zaio erradikalitatearen zama lepoan eramatea. Dirudienez, akabatzen, bortxatzen, erasotzen ari zaizkigun honetan, buruberokiak jarrita irtetea, erradikaltasun biolentoena da. Emakumeen Mundu Martxatik baietz diogu, erradikalak garela, feminismoa beti izan den bezala, izan ere, sustraitik eraikitako berdintasun hutsa, ideia oso erradikala delakoan baikaude, honek batzuek duten boterea lagatzea (edo laga araztea) dakarrelako. Erradikala ez da guretzat mesprezua, ez dugu horrek arrazoirik kentzen digunik sentitzen, jakin baitakigu, gure aurretik borrokatu zuten feminista guztiei deitu izan dietela erradikal. Botua eskatzen zuten horietatik hasi, eta erailketa matxistak “pasio krimenak” ez zirela oihukatu zuten horietaraino.

Dena den, guk dakigula, bizkarrean hainbeste eraildako, bortxatutako, erasotutako daramatzagun artean, guk oraindik buruak estali eta beldurrez bizitzeaz nazkatuta gaudela eta erantzuteko prest gaudela besterik ez dugu oihukatu, lapurtu nahi izan dizkiguten kale eta gauetan barrena. Eta ez dugu inoren baimenik behar, legitimitate osoa dugu horretarako, gure bizitzak baitira jokoan daudenak. Beraz, kontuz biolentzia desitxuratzen duten diskurtsoekin: indarkeria matxista da hemen bortitza eta muturrekoa dena.

Beraz bai, inflexio puntua dugu Euskal Herrian udan honetan, erasoz, erantzunez, eta erantzun horiei erantzunez beterik izan baitugu. Hemendik lanean jarraitzeko deia zabaltzen dugu, besterik ez, gure esparru eta inguruetan protokolo feministak sortu eta aktibatuz, konpromisoak bilatuz, kaleak eta gauak berreskuratuz, eta feminismoa berdintasun erradikalenean oinarritzen den hori aldarrikatuz.

Euskal Herriko Mundu Martxatik emakumeon indarkeriarik gabeko bizitzaren alde martxan jarraituko dugu, gure gorputzen gaineko erabakiak hartzeko martxan… Datorren irailaren 28an martxoan Kurdistanetik abiatutako karabana helduko da Euskal Herrira. Mundu Martxaren nazioarteko IV ekintza izango da, eta honen harira Euskal Herriko bazter guztiak aldarrikapen, ekintza, mobilizazio eta animazioz betetzeko deia zabaltzen dugu. Denak aske izan arte martxa jarraituko dugu!

Erasorik ez, erantzunik gabe!

Gora borroka feminista!

EHemakumeenmundumartxa

Kolaboratzaileak
Kolaboratzaileak

Klitto! ez litzateke posible kolaboratzailerik gabe. Euren ahotsak, hitzak, marrazkiak, ilustrazioak… dira protagonista nagusiak. Baldintzak, hiru: askatasunez, feminismotik eta euskaraz aritzea. (Klitto! atari digitaleko lizentzia orokorra CC-By bada ere, kolaboratzaile bakoitzaren esku gelditzen da bere lanaren gaineko ardura, baimenak mugatu nahi baditu)

2 Iruzkin

Leave a Reply to Azken erailketa matxista | Borroka Garaia da! Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *