Gaueko ordu txikietan esnatu naiz, izerditurik, arnas estuka; ametsa edo errealitatea zen oraindik argi izan gabe; alde batera eta bestera begira. Amets erotiko bat izan zitekeena ametsgaiztoa izan da; gauero bezala, lo egiteko ere burutik kendu ezinik.

Giltzen zarata etxeko atea irekitzen entzun dudanean, harekin batera alkoholaren pauso oldarrak sumatu ditudanean ametsgaiztoa nire errealitatetik hain urrun ez zegoelaz konturatu naiz.

Aspaldi onartu nuen nire munduan emakumeok ametsetan ere ezin dugula atseden hartu. Patriarkatua Estatuan edo instituzioetan baino lehenago etxean sentitu nuen gertuago txiki-txikia nintzela. Honek gizon heterosexual zuriak izan ezik biktimak edonon uzten dituelako.

Zergatik aita? Zer egin dugu oraingoan? Zerk haserretu zaitu? Gure errua izan da? Barkaiguzu, ez dugu berriro egingo.

Oraindik ere izerditurik aita deituriko patriarkatuaren pertsonifikazioak eragindako intseguritatearekin apalean begiratu eta aurreko lerroak zortzi urteko neskato beldurtu baten letrarekin idatziak aurkitu ditut.

Orduan malkoak begietara etorri zaizkit eta kontu handiz, pauso oldar haiekĀ  eta alkoholaren usaina nire logelaraino ez hurbiltzeko, alboko apalean begiratu dudanean neska gazte baten eta sentimenduz beteriko hitzak aurkitu ditut: eta orain zer aita? Zer egingo duzu oraingoan? Utzi gaitzazu bakean, alde egin ezazu! Dagoeneko hazi egin gara eta ezingo duzu gurekin!

Horrek indarrez bete nau kemenez betetako neska gazte horren bihotzean haur kikildu haren arrastorik ez zela geratzen pentsatuz. Baina errealitatea zeharo desberdina da; haren bihotz gazteak ematen duen taupada bakoitzeko odolarekin batera ume izutu horren sentimenduak bere gorputzaren adarretaraino doaz.

Nahiz eta neska horrek orain feminismoa beti pentsamenduan eraman, hor nonbait bere barrenean izkutaturik behin izan zen haurraren beldurra, errudun sentimendua eta intseguritatea daramatza, noiz arte bere buruari etengabe galdetzen dion bitartean.

Nerea Blanco
Nerea Blanco

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *