Iraintzaile irainduak Gasteizen

Gaitzesgarria da Gasteizko Blusen eta Nesken Batzordeak Bilgune Feministaren aurkako manifestazioa egitea

“No nos defendéis, nos ofendéis”. Lema horrekin egin dute gaur manifestazioa Gasteizen, Blusen eta Nesken Batzordeak deituta, Arabako Bilgune feministaren aurka.

Manifestazioa Bilgune Feministaren aurka, dirudienez askoz larriagoa baita, eraso sexisten aurkako protokoloari jarraiki, hainbat feminista elkartu eta emakumeak onartzen ez dituen kuadrilla bati paseilloa geldiaraztea, gizon horiek eurek hiru egun lehenago emakume batzuei eraso sexistak egitea baino.

Barkamena eskatu zuten animaliek. Nahikoa omen. Hala irakatsi zigun San Agustinek.

Gasteizko mugimendu feministako kideak, horiek omen dira sorginetan sorginak, matxista talde bati kalejira geldiarazi eta barkamenik eskatzen ez duten lotsagabe horiek, eraso sexistak gertatzean erantzun protokoloa jarraitzen tematzen diren oldar horiek, berdintasunaren alde hainbeste lan egiten duen eta batzordean 24 ordezkaritik bi emakumeak diren blusen eta nesken taldeari zer eta sexu erasoen aurkako protokoloa inposatzen dioten agintari horiek.

No nos defendéis, nos ofendéis. Ikaragarri iraingarria baita emakume batzuei eraso sexista egin ostean, protokoloari jarraiki, kuadrillan jarraitzeko eskubiderik ez dutela esan eta, kasurik egin ez dutelako, gizon kuadrillari festa etetea ordu erdiz.

Gorputzean amorruak gainezka egiten digulako, gonbita egin nahi diegu manifestazio horrekin bat egin duten blusei eta neskei, hausnartu dezatela minutu batez emakumeengan izandako jokabidearen inguruan:

Abuztuak 5: eraso sexista egin zieten Jatorrak kuadrillako hainbat gizonezkok emakume batzuei. Erantzun pertsonala: gizonezkoek barkamena eskatu zuten. Erantzun kolektiboa: lotan, ajez.

Abuztuak 8: Hainbat feministek sexu erasoen aurkako protokoloa errespetatzea exijitu zuten; horren arabera, erasotzaileak Jatorrak kuadrillatik kanpo gelditu behar dira. Ez zuten errespetatu, eta ekintza antolatu zuten feministek: paseilloa eten zieten Jatorrak kuadrillako kideei. Erantzun pertsonala: oihu eta jarrera oldarkorrak. Erantzun kolektiboa: manifestazioa Bilgune Feministaren aurka.

Iñaki Prusilla kultur zinegotziak gasteiztarrengan berdintasuna eta eraso sexisten gaitzespena erabat errotuta daudela esan du gaur, Euskadi Irratian. Udalak arlo honetan duen heldutasun bera erakutsi du Blusen eta Nesken Batzordeak. Arrakastatsua, argi dago, udalak abiarazitako eraso sexisten aurkako kanpaina: Gasteizen ez dago ez lorolaparik ez oilarsauriorik; berdintasunik, ere ez.

Era berean, txanponaren alde onarekin gelditzea gustatzen zaigu: mobilizazio horren aurka, “gora jai sano eta parekideak” lelopean, bueltako ibilbidean beste manifestazio bat egin dute, lehenengoarekin bat ez zetozen kuadrillek. Zuen oihuekin bai, bat gatoz: gora borroka feminista!

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

3 Iruzkin

  1. Guztiz ados artikuloan kontatzen den guztiarekin, baina, “animalia”, “lorolapa” eta “oilarsaurio” terminoen erabilera despektiboak ausnarketa bat merezi dutela uste dut. Izan ere, termino horiek erabiltzea espezismo hutsa da. Hau da espeziean oinarritutako diskriminazioa eta sexismoa bezala guztiz arbitrarioa ere badena.

    Beste espezietako animaliak zapalduak eta diskriminatuak dira. Esne industriak adibidez, behiak bortxatzen ditu eta beraiena den esnea lapurtzen, gizakiok edateko. Arrautzak berriz, oiloen hilerokoak dira eta guk gureak balira bezala jaten ditugu. Orokorrean beste animaliak, sentitzeko gai diren eta hortaz guk bezela errespetua merezi duten norbanakoak direla ahazten dugu eta objektu bihurtzen ditugu. Gure gorputzekin egiten duten berdina. Kontsumorako gorputzak/objektu bihurtu.

    Nik garbi dut ez naizela zapaltzen utziko transa eta bollera izateagatik, baina, are garbiago dut ez dudala inoren zapaltzaile izan nahi. Gainontzeko espezieen aurrean, pribilegio batzuk ditugu gizaki izate soilagatik. Horiek alde batera utzi ditzagun eta borroka egin dezagun indarkeria eta diskriminazio ororekin bukatu arte.

    Honen inguruan gehiago sakontzeko, Miren Arangurenek orain dela gutxi idatzi berri duen artikuloa: http://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/001/2016-03-23/animaliak_gara.htm

    Asko miresten duen zuen lana, miyesker (:

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *