Indar bat dabil hor bizitza erdigunera ekartzeko
Euskal herriko bilgune feminista 2017-03-24

Aldaketaren beharraz hitz egiten da han eta hemen. Baina aldaketen norabideak erabat kontrajarriak izan daitezke. Sistema kapitalistak bortxaz ekarri gaitu egungo eszenatokira, hala ere, guri dagokigu egoera hau aukera gisa ulertzea, eta horretarako, aldaketa definitu eta norabidetu egin behar da. Feministok kapitalaren amaigabeko metaketa jendartearen antolaketaren erdigunetik bidali, eta bizitza ona ahalbidetzen duten jarduerak erdigunera ekartzeko egiten dugu apustu.

Bilgune Feministaren 15. urteurrenaren harira antolatu ditugun ekimenen baitan ezin genuen eztabaida hau kanpoan utzi eta horretara dator martxoaren 25eko ekonomia feminista foroa: gure herrian bizitza ona kolektiboki ezaugarritzeko urratsak eman eta burujabetza feministaren norabidean, bizi ditugun gurutzada neoliberalen aurrean feminismotik irekitzen diren erresistentzia eta alternatibentzako gakoak aztertu. Eguna kapitala eta bizitzaren arteko talka gure gorputzetan kartografiatzeko gogoeta kolektibo batekin hasiko dugu. Ondoren, bestelako harreman ekonomiko, politiko eta sozial ereduak eraikitzeko bideak arakatuko ditugu, mahaiaren bueltan izango ditugu: Cristina de la Cruz (REAS Ecosolfemeko kidea), Helena Franko (EHUko ekonomia irakasle eta Ogasun diputatu ohia), Mari Luz Esteban (EHUko gizarte antropologia irakaslea) eta Silvia Carrizo (Malen Etxeako kidea). Arratsaldean, berriz, hainbat tailer izango dira, feminismotik martxan jartzen ari garen erresistentzia eta alternatiben kantoiak deiturikoak. Kantoietan, besteak beste, parada izango dugu proiektu hauek bertatik bertara ezagutzeko: Etxalde, Gipuzkoa Zutik, Fracking Ez, ELA eta LAB sindikatuak, SAD Babel etxeko langileen elkartea, Sexu langileen ahalduntzerako proiektua, Bartzelonako Vaga de totes ekimena, Olatukoop, Lakari, Lastotan elkarbizitzarako kooperatiba, Errekaleorreko Errekaemeak talde feminista, Arquitecturas del cuidado ikerlana, Comunitat autofinancera de dones del Penedès emakumeen autofinantziazio sarea, Koop 57, Denbora politiken inguruko gogoeta eta Amatasunak, ekonomia eta komunitatea: egitate biologikotik politikora Iruñean antolatutako jardunaldiak.

Foroa Azpeitiako Sanagustin kulturgunean izango da goizean eta arratsaldeko tailerrak aldiz, Azpeitiako Emakumeen Txokoan eta Gazte Lekuan izango dira. Goizeko 10.00etatik aurrera hasiko da foroa, eta arratsaldeko 18.30ak arte. Bertan, haurrentzako gunea egonen da eta irisgarritasuna bermatuko da. Bazkaria, bertako elikagaiekin prestatuko da, elikadura burujabetzarekiko konpromiso politikoa dugulako. Emakumeentzako* ekimena izango da.

Indarrak gurutzatu, batu, biderkatu, hedatu. Indar bat badabil hor… ez dadila alperrik izan, baliatu dezagun bizitza erdigunera ekartzeko.

Informazio gehiago eta izen ematea: https://15urte.bilgunefeminista.eus/

* Emakume kategoria erabiltzen jarraitzen dugu gure egungo errealitatean politikoki eragiteko oraindik baliagarria delakoan, nahiz eta sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate anitzak ere bagaren (bollerak, trans…).

Euskal herriko bilgune feminista
Euskal herriko bilgune feminista

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *