Ilusioz gainezka eta egiteko etxeko lan ugarirekin amaitu dira V. Euskal Herriko Jardunaldi Feministak
klitto! 2019-11-04

Ostiral goizean iritsi ginen, goizeko 09:00etan. Lehenengo Euskal Herriko Jardunaldi Feministak ziren Klitto!ko kideontzat, eta gogotsu geunden hiru egunez feminismoz blaitzeko. Pultserak jantzi, poltsa lepoan kateatu eta irria ahotik ezin kenduta ibili ginen aspaldi ikusi gabeko lagunak agurtzen.

10:30ean eman zien hasiera lehenengo mahai inguruari ostiralean, eta aurreko ordu erdian eskemak egiten eta intereseko hitzaldiak azpimarratzen ikusi zitezkeen jendea. Izan ere, bazen non aukeratua! Bizitzak erdigunean jartzeko agendak partekatzen hasi genuen eguna. Mahai inguru orokorra entzuten 3.000 lagun. Ez zuen erreza izan behar oholtza gaineko mahaira igotzeko ausardia batzea eta hainbeste begi-belarriren aurrean hitz egitean, baina bikain egin zuten guztiek. Lehenengo mahai inguru orokorrak bizitzak erdiguneak jartzeko agendak partekatzea izan zuen helburu.

12:30ean amaitu zen lehen saio hura eta jendea urduritzen hasten zen mahai inguru orokorra bukatzear zela, izan ere, ondorengo tailerretan aukera gustukora sartzea ez zen erreza izaten. 3.000 lagun ikasteko eta entzuteko gogoz arin zebiltzan batetik bestera modu ordenatu eta formalean ilarak egiten. Klittoko kideak ere tailerretan egon ginen eta honako hauen jarraipena egin genuen:

Acuerpamiento territorial feminista en contextos adversos. “Tzk’at”. Abya Yalako feministen eskutik.

Emakume arrazializatuak mistoak ez diren espazioetan. Euskal Herriko emakume arrazializatuen sarea.

Bertako janari goxoaz gozatu eta goizean ikasitakoak lagun artean eztabaidatu ondoren, arratsaldeko mahai inguru orokorrari ekin genion. Oraingoan dekolonialitatea izan zen hizpide eta zeresan gehien eman zuen mahaia izan zela esan genezake. Feminista zurioi belarritik tirakada ederra egin ziguten mahaira igo ziren kolektiboetako ordezkariek, gure pribilegioak bistaratu zizkiguten eta zapalduak izateaz gain zapaltzaileak ere izan gaitezkeela gogorarazi. Beraiek esan bezala, hazkura sortu ziguten, interpelatuak sentitu ginen eta tripak eta buruak dantzan jarri zizkiguten. Aliantzak eraikitzeari utzi eta zubiak eraikitzeko deia egin zuten, besteak beste.

Gainera, mahai inguruaren ondoren hainbat feministengandik eraso arrasiztak jaso zituztela salatu zuten mahai inguruko kide batzuk eta antolakuntzatik irmoki salatu nahi izan zuten erasoa.

Arratsaldean berriz, eguna borobiltzeko gogoz hainbat tailer eta eztabaidatan parte hartzeko aukera egon zen eta gu horietako batzuetan egon  ginen.

Kultura eta feminismoa uztartuz: faktoreak eta erronkak.

Nola heldu naiz ni honaino? Emagin.

Ederra izan zen, ostirala. Asko ikasi genuen eta deseraikitzeko eta egiteko geratzen zaizkigun gauza guztiei bueltaka gozatu genuen gaueko kontzertuen. Larunbatean, berriz, batzuk lo gutxi eginda egonagatik, gogoz eutsi genion aurretik genuen erronkari. Gorputzak eta sexualitatea gaiari tiraka hasi genuen eguna eta gai horretan ere badugu zeregina. Heteronormatibitate inposatua salatu, bollerak subjektu politiko bezala aldarrikatu eta gorputz aniztasuna aldarrikatu zituzten, besteak beste.

Eguardi aldera ere hainbat tailer eta eztabaiden artean erabaki behar izan zuten bertaratuek eta arratsaldean, indarkeriarik gabeko bizitzak izan zituzten hizpide:

Arratsalden, berriz, pilak kargatuta ekin genien tailer eta eztabaidei:

Euskal demokrazia patriarkala eta agenda feministaren eraketa. Bi-Ba.

Estrategias feministas contra la necropolítica y neofaxismo

Mis momento y sueños. Poesía gitana y feminista como acto de resistencia. Sim Romi.

Igandera  nekatuta, pozik eta lanerako gogoz iritsi ginen. Goizean mahai inguru nagusi bat eduki genuen gure erraietara begiratu eta Euskal Herriko mugimendu feministaren aniztasunaz ohartzeko. Ondoren, manifestazioa eta itxiera ekitaldia.

https://twitter.com/EcuadorEtxea/status/1191100837663313921

IKARAGARRIA izan da. Hiru egunez elkarrekin egotea, elkar interpelatzea, maitatzea, eztabaidatzea, hitz egitea, bazkaltzea, parranda egitea, ikastea, entzutea, hanka sartzea, barre egitea, negar egitea, besarkatzea. Lan asko dugu egiteko, gauza asko birpentsatzeko, zalantzan jartzeko, aldatzeko, baina indarrez gainezka gaude, eta orain, Durangon ikasitakoa Euskal herriko txoko guztietara eramatea dagokigu. Animo!

 

 

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *