Ikusezina
Nerea Aramendia Bergaretxea 2017-11-23

Indarkeria matxistaren aurpegi ikusezina naiz; minduena, ahulena… ezer ulertzen ez
duena. Inork esaten ez duen arren, jipoiak ere jasaten dituena; izenik gabekoa naiz. Nik ere
badakit zer den dar-dar egitea erlojuak aurrera egiten duenean, eta bat-batean etxeko atea
irekitzen entzutean. Nik ere badakit zer den erasotzailearekiko dependentzia, barne
kontraesanak izatea; baina ni, normalean, ez naiz estatistiketan ateratzen.

Nire amak egiten zuen modu berean, nik ere ubeldurak ezkutatzen ditut; eta norbaitek
haiengatik galdetzen badit, gezurra esaten diot. Nik ere errudun sentimendua daukat, eta
lotsa sentitzen dut, galduta sentitzen naiz, eta ez dakit nora jo hemendik ateratzeko.

Duela hilabete batzuk itxaropenez begiratzen nuen etorkizuna, nire amak aita uztea
erabaki zuen; nire hamargarren urtebetetzean inork eman zidakeen oparirik onena. Gaiztoa
izango naiz? Zergatik gorrotatzen dut aita? Eta dena nire errua bada?

Baina orain… orain lehen bezain iluna ikusten dut dena berriro. Inork ez nau entzun nahi,
nire onuraren inguruan jende asko hizketan entzuten dut, baina inork ez dit kasurik egiten.
EZ DUT AITAREKIN JOAN NAHI, EZ ASTEBURUETAN ETA EZ INOIZ!! Teleberrian entzun
dut aita batek bere seme-alabak hil dituela, eta niri berdina gertatzen bazait? Zergatik ez
naute laguntzen? Nire amarekin egon nahi dut, mesedez.

Gaur aitaren etxera joan behar naiz, horregatik, nire maletan labana bat ezkutatu dut. Nire
amak egiten zuen bezala, burkoaren azpian jarriko dut. Ez dut inor mindu nahi, baina gaur
ostirala da, eta nire aitak edaten badu oldartuko da, eta bere jarreraz beldur naiz.

Alkoholaren usaina nire logelatik nabari dezaket, beldur naiz eta ezin diot malkoari eutsi.
Aitak entzun eta ohetik atera nau, ez dit denborarik eman labana hartzeko; ostikadaka eta
ukabilkadaka hasi da. Nire oihuen ondorioz, hona ekarri nauen sistemaren poliziaren sirena
entzuten ari naiz, beranduegi izango da?

Ez dut ulertzen, noiz irten ahalko naiz infernu honetatik? Zer egin dut gaizki? Zergatik
zigortzen naute? Ez da hau zigor bikoitza? Nire ama ezingo baita hemendik atera ni
ateratzen naizenera arte. Hau gerra bat dirudi, gu edo haiek, bizi ala hil, gurekin ala gure
aurka. Eta zu, norekin zaude?

Nerea Aramendia Bergaretxea

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *