Klitto aldizkarirako lehen kolaborazio honetan, nire esperientzia pertsonalean oinarritutako gertuko gai batez mintzatzea pentsatu dut.

Kirola izan dut txikitatik bidai lagun. Zenbatetan gelditu ote den denbora baloi bat ikusi eta hari ostikadak ematen hasi bezain laster, munduan beste ezer existituko ez balitz bezala. Pasionatzen gaituen zerbaitekin ari garenean gertatzen den bezalaxe. Sentsazio deskribaezina, atsegina. Bakoitzak bere arloan, ulertuko du zertaz ari naizen. Ken Robinson idazle eta hezitzaile ingelesak gure Elementuan gaudela esango zuen.

Bidai lagun honi esker gauza asko ikasteko aukera izan dut, baita bidaiatzeko pribilegioa ere. Tartean, aldiro, maite ditudan beste gauza batzuk sakrifikatzen ere irakatsi dit. Gure pasioengatik edozer gauza egiteko prest egoten gara, ordainetan jasotzen dugun gozamena droga bat bilakatzen da, eta kafearekin gertatzen den bezalaxe, hari uko egitea zaila izaten da. Txikitan futbolari izatea nuen amets. Xabi Alonso bezalakoa izan nahi nuen. Baina gizartea eta komunikabideei esker azkar (eta era natural eta inkontziente batean) ikasi nuen aukera hori baztertzen. Interesez beteriko hezitzaile apartak biak. Futbolari izatea ez omen zen emakumeen kontua.

Oraindik nerabezarora heldu gabe futbol partida ostean entzuten nituen “¡Qué pena que no eres chico!” bezalako komentarioek ere pentsarazten zidaten emakume izatea ez zela niretzako oso albiste ona. Ez zen albiste ona ez, emakume izateak 10 urterekin nire mutil-lagun taldearekin ezin jolastea esan nahi zuelako.

Zorionez, maite dugun horrek, (askotan) zentzurik ez duen errealitatea (er)aldatzeko superbotereak ematen dizkizu, eta nire kasuan, ezinbestekoak izan diren superguraso batzuen babesa ere izan dut. Lehen bataila irabazita eta aurrera. Nire superbotere horiek lasaitzeko ordea, 12 urterekin gizarteak gogorarazi zidan berriz emakume nintzela, eta hortaz, ezin nuela nire lagunen talde berean jokatu. Bigarren batailan ere garaile atera ginen, arauak neska-mutilek elkarrekin ez jolasteaz ez zuen ezer esaten eta. Bestalde, 14 urterekin ez nuen (Gizarteak inposatutako) legearen babesik, eta ondorioz, betiko taldeari agur esan eta emakume talde batetan hasi nintzen jokatzen. Gizarteak zegokidan artaldera bideratu ninduen era natural batetan. Emakumeak han eta gizonak hemen. Garai hartan, inposatu zidatena ulertzea zail egin zitzaidan. Arrotza. Beranduxeago deskubrituko nuen Europako beste herrialde batzuetan neska-mutilek 16 urtera arte elkarrekin jolasteko aukera dutela. Horrek esan nahi du beraz, futbola atsegin duten gazte guztiek baliabide, ordutegi eta instalakuntza berdinez gozatzeko aukera dutela. Horrek genero berdintasunean eta nesken parte-hartze zein errendimenduan izan dezakeen eraginaren inguruan beste idatzi bat egiteko gai izango nintzakeela uste dut. Hemen ordea, gauzak beste erritmo batean doazela esango nuke.

Erreala eta Athletic bezalako klubek emakumeen taldea osatu zuten garai hartan. Telebistan ere Xabi Alonsoren kamiseta berdina zeramaten neskak agertzen ziren! Futbolari izateko ametsa biziraun zezakeenaren seinale! Emakume izateagatik dena ez zegoen galduta! Ez dut inoiz ahaztuko nigan zenbaterainoko eragina izan zuen emakume futbolariak komunikabideetan lehen aldiz ikusteak, ni ere futbolari izan nintekeela onartzen lagundu zidana. Beste hitz batzuetan, orduraino ikasitakoa (emakume izateagatik inposatutako errealitatea eta mugak) des-ikasten lagundu zidan.

Hamar bat urte pasa dira harrezkeroztik. Nire ametsa bete dut. Bidean zehar Gizarteak ondo erakutsi dit emakumeen futbola ez dela gizonezkoen futbola bezala. Futbolaz ari garenean gizonezkoen futbolaz ari gara, eta emakumeen futbolaz hitz egiteko, mesedez, emakume hitza jarri aurretik. Emakumeen futbola aspergarria eta motela baita. Hori ez da futbola, emakumeen futbola baizik. Horrela diote gizarteak inposatutako genero-ezberdintasunak inoiz zalantzan jarri ez dituen pertsona kutsatuak. Futbola (eta orokorrean kirola) gizonen esparrua da oraindik ere gure gizartean, eta hori ahaztu ez dezagun Gizarteak komunikabideak erabiltzen ditu gu egunero gogoz bonbardeatzeko. Gizarteko esparru hau (futbola) haien botere eta interes propioak defendatzen dituzten pertsonen (gehien bat gizon kutsatuen) agintaritzapean dagoen bitartean zail izango da futbola (eta kirola) denona egiten.

Futbolak txikitatik erakutsi dit borroka dela inposatzen diguten errealitatea eraldatzeko eta maite duzun hori zure bidai-lagun izaten jarraitzeko bide bakarra. Norberaren eskubideak era errespetagarri batean aldarrikatzea, Gizarteak zu isiltzeko erabiltzen dituen estrategiak eta horrek sortarazten dituen beldurrak gaindituz.

Hemendik eskerrak eman nahi nizkieke kirolari diren (eta izan diren) emakume superboteretsuei, (er)aldaketa eta berdintasunerako bidean lehen pausuak ausardiaz hasteagatik, haien batailatxoetan aurrera eginez. Emakume superboteretsu guzti hauei esker, egunen batetan goi mailako kirolari (futbolari) izan nahi duen gaztetxoak emakume izategatik amets hori alde batera uzten ikastea gure aiton-amonen garaiko istorio sinestezin horietako bat irudituko zaigu.

Itsaso Nabaskues
Itsaso Nabaskues

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *