“Saio honek jaso duen sari nagusia, saio politiko gisa aitortzea izan da”
klitto! 2015-08-17

Hamaika Telebistak emititzen zuen IDEMtitateak saioaren gidaria izan da Nagore Uriarte. Hamaika ahots, gai eta hausnarketa mahaigaineratu ditu generoari, feminismoari, sexualitateari eta beste mila konturi tiraka. Saioaren arrakastaren oinarrian “sentimendu konpartitua” dagoela dio: “Jende askok bere burua islatua ikusi du”. Aurrerantzean ere lanean jarraituko du, baina oraingoan saio berri batean: Ertzak.

Nagore Uriarte, IDEMtitatean saioko aurkezlea.
Nagore Uriarte, IDEMtitatean saioko aurkezlea.

Hasteko, IDEMtitateak saioaren balorazio orokor bat egiteko eskatuko dizut.

Argia sarien banaketan, IDEMtitateak saioa aurkezterako orduan egin zuten deskribapenaz geratzen naiz: “Azkenaldian ikusi dugun telebista saio politiko interesgarriena da”. Hala aurkeztu zuten, saio politiko gisa, eta, nire ustez, saio honek jaso duen sari nagusia, saio politiko gisa aitortzea izan da.

Kanpotik begiratuta behintzat, ezin uka daiteke saioa arrakastatsua izan dela. Horrek zamarik sortu dizu?

Zama beharrean erantzukizuna esango nuke, eta beharrezkoa gainera. Berdintasunarekin lotutako gaiak behar bezala lantzeko nolabaiteko “lupa” ala “presioa” badago, ongietorria izan daitela. Hau da, kazetari orok daki edo jakin beharko luke gai batzuk kontu handiz landu behar dituela, errespetuz, sentsibilitate handiz, zauri anitz dagoelako. Hortaz, zergatik ez sentitu “presio” bera indarkeria matxistaz ari garenean edo kolektibo jakin batzuek sufritzen duten diskriminazioaz hitz egiten ari garenean? Eraso sexista bat gertatzen denean, adibidez, zenbat aldiz egiten zaio aipamen albisteetan erasotzailearen mozkorrari? Alkoholak, jai giroak, eraso sexista bera legitimatuko balu bezala, garrantzia kenduz. Hor ere sentitu beharko luke kazetariak “presioa”, halako gaiak behar bezala lantzeko ere formazioa behar da, laguntza, gai hauek behar bezala tratatzeko. Adibide bat: transexualitateari buruzko saioa planteatu genuenean, gogoan daukat gidoia prestatzen nengoela, galdera guztietan transexualitatea hitza erabili nuela eta bat-batean gonbidatuarengana jo eta hauxe esan zidan: “hasteko, transexualitatea hitza bera gaizki erabilia dago, “trans” hitzak aldaketa esan nahi duelako eta pertsona hauek argi dute hasieratik eurak nor diren; beraz, ez dira sexuz aldatzen, aldatzekotan genitalen itxura aldatzen dute, sexua eta genitalak gauza ezberdinak baitira. Hala, eztabaida eta hausnarketa hor kokatu behar da, identitate sexuala eta genitalak bereizten hasi behar gara”. Momentu horretan gidoia eta eskema guztiak apurtu zizkidan, presioa al da hori? Ba ongietorria orduan, benetan, laguntza delako.

Zein hutsune betetzera dator IDEMtitateak moduko saio bat?

Egia esan aitortu behar dut saioa planteatu nuenean maila pertsonaletik ere egin nuela, hau da: garai horretan elkarrizketak egiten nituen egunero platoan eta konturatzen nintzen emakumeen ikusgarritasuna ia hutsaren hurrengo zela. Ez bakarrik gonbidatu aldetik –oso gutxi izaten genituelako orokorrean–, baizik eta gaiak ere beti oso mugatuak zirelako. Elkarrizketa politikoa egin nahi genuenean, alderdi politikoak etortzen zitzaizkigun burura, eta, politika hitzaren harira, denoi bururatzen zitzaizkigun gai berberak, ez zitzaigun burutik pasatzen sexualitatea edo berdintasuna ere bazirela bi gai politiko. Hor lehen akatsa, baina bigarrena ezjakintasuna zen. Hau da, gonbidatuak bilatzerako orduan, ia beti gizonak bururatzen zitzaizkigun eta zitzaizkidan, medioetan, aldizkarietan euren ikusgarritasuna askoz handiagoa denez, gure errfererentzia hori delako. Badirudi ez dagoela emakume aditurik eta hori gezurra da. Bestalde, aitortzekoa ere bada, nire ustez, emakumeok ez diogula geure buruari askotan aditu papera aitortzen, sozialki ez digutelako hainbeste prestigio aitortu, lotsa ematen digu kamera aurrean jartzeak… Beraz etengabeko zirkulua zen. Saioa hastean, ostera, nabaritu nuen benetan gosea zegoela, gogoa, ikus-entzunezkoetan ere halako gaiak lantzeko, prentsan lan interesgarri asko egin direlako baina ez hainbeste telebistan. Mikrofonoa jarri genuen, gauza asko azaleratzeko eta konpartitzeko gogoa zegoen momentuan.

Feminismoa, generoa, sexualitatea… gai hauek ba al dute nahikoa leku komunikabideetan?

Argi eta garbi ez. Are gehiago, lantzen direnean, askotan ez dira behar bezala lantzen, morboaren ikuspegitik tratatzen dira soilik, salbuespenak salbu noski. Aurreko elkarrizketa batean ere aipatu nuen, baina sexualitate saio bat egin nahi nuela esan nuenean –hasierako planteamendua hori izan zen– jendeak sex shop batean irudikatzen ninduen, besterik ez. Sexualitatea horretara mugatzen da oraindik ere askorentzat.

Beti izaten da konplikatua saio bat prestatzea, gaiak aukeratzea, elkarrizketak lotzea… nola antolatzen zineten?

Batez ere hasieran zaila izan zen, aldez aurretik halako saiorik egin ez nuelako. Lan handiena ekoizpena zen, hau da, gaiak eta gonbidatuak bilatzea. Horregatik, saioa emititzen hasi baino pare bat hilabete arinago hasi nintzen dokumentazio lana egiten: albisteak, erreportajeak eta elkarrizketak bilatzen, irakurtzen eta biltzen karpeta batean. Lehenengo elkarrizketa lotu nuen ezkeroztik hasi zen dena martxan. Gonbidatuen laguntza handia izan dut, izan ere, gaiak planteatzen zizkidaten, gonbidatu posibleak gomendatu… horrela egin du aurrera saioak astero. Gonbidatuek hainbeste laguntzean konturatu nintzen zelako komunitate handia eta anitza zegoen, oraindik ere ezezaguna askorentzat –hasiera batean, baita niretzat ere–,baina zabala oso. Lanean berdintasunaren alde aspaldi zebiltzan gizon eta emakume asko, sare bat osatzen zutenak, euren artean harremana zutenak eta batez ere gogo handia euren lan hori ikusarazteko. Horrek indarra eman zion saioari. Galderari jarraiki, behin asteko ekoizpena eginda, gonbidatuengana jotzen genuen. Lankide bat (kamara lanetan) eta biok joaten ginen (3 elkarrizketa astean) eta ondoren editatzen hasten nintzen. Bitartean, ekoizpena egiten nuen datorren asterako gaia ondo prestatzeko. Gidoia prestatzen asko gozatu eta ikasi dut, gonbidatuekin konpartitzen nuen, fokoa ondo zehazteko edo gaia ondo bideratzeko. Elkarrizketak egiteko momentua zen politena.

Saio, gai, edo elkarrizketa bat aukeratzeko eskatuko banizu…

Zaila egiten zait bakarra aukeratzea, baina badauzkat buruan itsatsita saio bakoitzeko hausnarketa asko. Burura datorkit lesbianen saioan Josebe Iturriotzek aipatu zuena: lesbiana askok euren familiarekin sexualitatea konpartitzean, erreakzio ohikoa erreakzioa zera izaten zela aita edo amaren ahotik: “alaba gizajoa, ze gaizki pasatuko duen”. Asko gustatu zitzaidan nola gehitu zuen hurrengo ideia hau: hori dela hain zuzen egin behar ez dena, hots, zure erreferentzia emozional indartsuenak, momentu horretan galtzaileen tokian kokatzea, bigarren maila batean, sufrituko dutenen taldean. Oso hausnarketa interesgarria iruditu zitzaidan. Horrez gain, gogoan daukat kazetaritzari buruzko saioan, gai politikoak zer kontsideratzen diren hausnartuz, Maite Asensiok gogora ekarri zuela berari beste batek esandako hausnarketa potolo bat: “etxekoandre baten bizitza baino gauza politikoagorik ez dago”. Oso ona! Familia eredu berrien saioa ere asko estimatzen dut. Zaintza partekatuaren gaiak sortu duen ika-mikaren harira, gogoan daukat gonbidatuetako batek zaintza partekatuaren eredua zuela bere bikote ohiarekin eta eredu positiboa gainera , funtzionatzen zuena. Hori bai, asko azpimarratu zuen zein zen funtzionamendu onaren giltza: bikote gisa elkarrekin zeudenean umeen zaintza ere partekatua zela, orekatua eta hori zela oinarria, gero, banatzean, zaintza partekatuaren eredu positiboa izateko. “Gizonak gizontasun eredu tradizionaletik ihesi” izeneko saioa ere oso interesgarria izan zen. Gizonak lehen pertsonan, gizonak izate hutsagatik jaso izandako pribilegioez hitz egiten ikustea indartsua izan zen, baina baita ere entzutea, eurei ere gizon izateagatik ezarri dizkieten rolak gainditu nahi zituztenean, gizontasun eredu tradizionalean mantendu nahi zirenen beste gizon askoren mespretxua jasotzen zutela… ausartak izan dira gonbidatu guztiak.

Badago saio, gai edo elkarrizketarik egiteko gogoz geratu zarenik?

Bai, badira asko. Emakumeek borroka armatu ezberdinetan izan duten paperaz hitz egiteko gogo handia nuen baina ez nuen azkenean lortu. Eraso sexisten gaia eta indarkeria matxistarena landu gabe utzi nituen eta landu nahi nituen. Gogoan daukat proposatu zidatela zuzenbidearen izaera matxistaren inguruko saio bat egitea baina ez genuen euskal hiztunik topatu.

Pertsonalki zer eman dizu saioak?

Pertsonalki, egin dudan saiorik interesgarriena izan da, zalantzarik gabe. Lan handia izan da, hori aitortu behar dut, baina ez dut inoiz hainbeste disfrutatu ordu extrak sartzen. Serio jarrita, asko ikasi dut eta barnean nituen zalantza eta kezka pertsonal askori izena jarri diet saio honi esker, izena jarri eta ulertu. Uste dut jende asko identifikatuta sentitu dela gonbidatuek deskribatzen zituzten gauza eta desoreka egoera askorekin, izena jarri dietela euren beldur, zalantza eta kontraesan askori eta ulertu ere egin dutela gauza asko eta asko ez direla banakako arazo pertsonal eta isolatuak, baizik eta kolektibo oso batek bizi dituenak.

Aurrera begira Ertzak izeneko saioa gidatuko duzu. Zein asmo dituzu?

Saio berrian, astero gai ezberdin bat jorratuko dugu. Printzipioz, gai oso ezberdinak izan behar dira, adibidez, TTIP izango da gaietako bat, okupazioa beste bat. Okupazioaren saioan adibidez, mota ezberdinak landu ditugu, horietako bat izango da okupazio feminista ere. Munduko harresien inguruko beste saio bat ere egongo da. Badut gogoa IDEMtitateak saioan landu ez nituen gai batzuk lantzeko, adibidez eraso sexistena.

Bukatzeko, zure ustez zein izan da IDEMtitateak saioaren arrakasta, eta zein bide jarraitu beharko lukete antzeko proiektuek?

Aurretik esan bezala, nire ustez, arrakastaren oinarrian identifikazio sentimendu konpartitua izan da. Jende askok bere burua islatua ikusi du azaleratzen ziren diskriminazio eta desoreka egoeretan eta baita ulertu ere, ez direla gertaera isolatu eta indibidualak. Hori azaleratzen lan handia egiten dute pertsona askok aspalditik, eta saio honek egin duen gauza bakarra izan da pertsona horiei mikrofonoa jarri.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *