Historia ofizialarentzat, monjak eta erreginak dira, soilik, ikusgarri izatea merezi duten emakumeak
klitto! 2015-09-17

Iturria: eldiario.es ; Itzulpena: Klitto!

“Emakumeak ez dira historia liburuetan azaltzen, izan ere, garai horietako genero moldeek erabaki guneetatik at uzten zituzten andrazkoak”, dio Genar Gallego Emakumeen Historiaren Ikerketa Asoziazioko kideak.

emakumeakAsko dira haien lanekin gizartearen garapenari lagundu zioten emakumezko matematikari, artista, filosofa eta politikariak.

Diotenez, garaileek idazten dute beti historia. Emakume filosofo, pentsalari eta historiadore ugarik, baina, hitz bat gehituko liokete esaldiari: gizonek. Zergatik lotzen ditugu, modu irrazionalean, gerrak, iraultzak, lorpen zientifiko eta teknikoak… gizonezkoekin? Ez al zuten emakumeek gizartearentzat erabakiorrak izan diren historia sasoietan parte hartu?

Kontua da, biztanleriaren erdia alboratuz kontatu direla prozesu sozial eta politikoak. Gehiengoarentzat, ez da erraza gailendu diren emakumezko margolari, zientzialari, musikari, pentsalari edo filosofoen izena ematea. Zaila da testu liburuen bitartez, emakume hauei zer gertatu zitzaien edo eta zertan eragin zuten ikastea.

Rosseauren Emilio obra, esaterako, hezkuntzari buruzko erreferentziazko tratatu gisa ikasten da; eta albo batera uzten da, emakumeak gizonezkoei plazerra emateko eginak daudela azaltzen duen kapitulua. Ahaztuta uzten da ere Ipar Ameriketako gerra zibileko ehundaka soldadu emakumezkoak izan zirela; baita 36ko gerran, ugari izan zirela klandestinitatean bizi izan ziren emakume gerrillariak ere.

Maria Castejonen –historiagile eta Campus Relatoras-eko irakaslearen- iritziz, “bizi garen gizarte patriarkal eta androzentrikoaren emaitza da hau, gizona hartzen baita gauza ororen neurritzat”. Emakumeena, ikusezin bihurtu duten historia da, eta oraindik ere, itzaletan dago. Valentziako Unibertsitateak argitaratu duen ikerketa batean azaltzen denez, DBHko liburuetan azaltzen diren pertsonaien %7,5 dira soilik emakumeak.

Henar Gallegoren aburuz, historia tradizionala giza komunitatearen ekintza zehatz batzuetan oinarritu da: botere politiko, erlijioso, ekonomiko eta espazio publikoaren nagusitasunean. Hori hala, historia perspektiba honetatik kontatzen bada, “emakumeak ezin dira historia liburuetan azaldu, garai horietako genero ereduek boteretik eta erabakitze guneetatik baztertzen zituztelako”. 60 eta 70 hamarkadetan sortu zen historiadore feministen eskutik, emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko beharra.

Demokrazia, baina emakumerik gabe

1789ko iraultza garrantzitsua izan zen, oso; mendebaldeko demokrazien sortzaile izan zen, eta baita berdintasun unibertsala ezartzeko garaia ere. Baina, berdintasuna zeinentzat? Iraultzak traizio egin zien emakumeei: bizitza politiko eta sozialetik baztertuak izan ziren, eta betiko adin gabeko izatera kondenatu zituzten.

Historiak albo batera utzi ditu hainbat pasarte: Asanblada Konstituziogiletik emakumeak kanporatzea, neska eta mutilak berdintasunean heztearen aurka bozketa, emakumeei eskubide politikoak emateari uko egitea… Versailleseko martxan emakumeak protagonista izan zirela ere ahaztu nahi izan da. Bertan, Kexen Koadernoak idazteko antolatu ziren hiru estamentuak -kleroa, noblezia eta herri xehea- eta haien nahiak azaleratu zituzten. “Gu hirugarren estatuaren hirugarren estatua gara”, zioten emakumeek. Herritar eta Gizonen Eskubide deklarazioak badu erantzuna Herritar eta Emakumeen Eskubideen deklarazioan, baina zenbatek eman dezakete Olympe de Gouges sortzailearen izena?

Ana de Miguel filosofoaren arabera, garrantzitsua da gogora ekartzea zein bi alderditan ahazten dituen historiak emakumezkoak. Batetik, ezkutuan uzten da emakumeek opresioa sufritu dutela gizonezkoen aldetik, eta bestetik, albo batera uzten dira mendeetan zehar emakumezkoak protagonista izan diren borroka feministak. “ Bi alderdi horiek ezkutatuz, hauen izatea ez da kontuan hartzen”, dio. Castejonen arabera, zibilizazioaren garapen uneetan emakumeek izandako presentzia eta protagonismoa ere ez da kontuan hartzen, eta garrantzizkoak izan diren figura femeninoak ere ez dira errekuperatzen. “XIX. mende aurretiko emakume ospetsuak, monjak eta erreginak dira soilik”.

Historia ofizialak kontuan hartu dituen emakumeak “Eliza eta Monarkiak ezarritako boterearekin daude erlazionatuak”, dio Sara Sanchez argazkilari eta emakumeen historiaren ikertzaileak. Halako botererik eskuratu ez duen emakumea alboratua eta ahaztua izan da. “Genio” eta “musa” rol famatuek ere, ez dute berdintasun prozesuan lagundu Sanchezen arabera; rol horiek emakumeak izaki pasibo bilakatu dituzte. “Gizonen gozamenerako objektu eder izateko balio izan dute soilik”.

Ahaztutako erreferenteak

Asko izan dira ikaskuntza eta sorkuntza alorretan aportazioak egin dituzten emakumeak. Gizatasunaren garapenari ekarpen handiak egin dizkiote hainbat emakume zientzialari, matematikari, filosofo, margolari, musikari edo politikarik. Zientzia, astronomia eta matematika munduan hainbat lorpen eskuratu zituen IV eta V mendeetan bizi izan zen Hipatiak. Erdi Aroko trobadoreak gizonak izan zirelako ustea zabaldu da, baina izan ziren emakumezko trobadoreak ere. Horietako bat izan zen Beatriz de Dia. Garai horietako emakumeen bizitza mugatzen zuten arauen aurka poemak idatzi zituen honek.

Poeta eta idazle garrantzitsua izan zen Christine Pisan, eta XVIII. mendean Emakumeen eskubideen errebindikazioa (Vindicación de los Derechos de la Mujer) idatzi zuen Mary Wolstonecraff-ek. Flora Tristan frantsesa, sozialismoaren aitzindaria izan zen XIX. mendean, eta Ada Lovelance informatikaren amatzat hartzen da, programazioaren hizkuntza deskribatu zuen lehen pertsona izan baitzen. Haririk gabeko komunikazio teknologien fundamentuak, haizetako-garbigailua eta kotxeko berogailua, salbamendurako baltsa, edo medikuen xiringa, guztiak dira emakumeen asmakuntzak.

Historia genero perspektibatik ikasiz, betidanik eman diren botere harremanak identifikatzea errazago zaigu.

Zerrenda luzea da, eta denak izendatzea, ezinezkoa. Baina ahaztutako emakume garrantzitsuen izenez gain, ezarritako orden soziala aldatzeko sortu ziren kolektiboak, eta egin ziren ekintza eta mobilizazioak ere, ikusezin bihurtu dira. Historiak gutxietsi duen mugimendua da feminismoa. Ez da ohikoa ikasgeletan sufragismoa, feminismo sozialista, edo feminismo erradikala bezalako edukien inguruan hitzik entzutea. Gainera, Ana de Miguelen ustez, “ez dago gai horiek txertatzeko borondaterik; gai horiek ikasketa planetan agertzea, boteredun emakumeen menpe dago”

Henar Gallegok dionez, historia hau “partziala eta pobrea” da. Genero perspektibatik historia ikasteak botere harremanak identifikatzen lagunduko digu. Izan ere, iraganean gertatutakoa ulertuz, ulertuko dugu egungo egoera.

Ideia horri jarraiki, De Miguelek dio historiaren berrirarkurketa egitea egungo berdintasun arazo eta biolentziari izena emateko baliagarri dela. “Parlamentuetan ordezkaritzarik ez izatea, enpresetako goi karguetan ez egotea, genero indarkeria egotea, edo emakumea zaintzen arduradun izatea, ez dira arazo naturalak: opresioa jabe izan den historia batetik gatoz, eta gai hori berreskuratu eta ezagutu behar dugu”

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *