Hiritar beltz bat izatea XXI. mendean
Danele Sarriugarte 2015-08-26

Claudia Rankine poetaren lana ezagutu dut #BlackLivesMatter mugimenduak urtebete egin berri duenean eta arraza-diferentziari buruzko kontzientzia-hartze behin betikoa eragin zidan herrialdera itzuli naizen udan, Rankinen beraren eta aipatu mugimenduaren sorterri. Walter Benjaminen antzera liburu-denden xerkan deskubritu ditut hiri anitz, eta kasu honetan, Ana Moralesen aholkuari esker, Bluestockings liburu-dendaren bidez, New York hiriaren puska bat ez ezik autore ikaragarri batekin egin dut topo.

Citizen: An American Lyric [Hiritar: lirika amerikar bat] poema-bilduma argitaratu zuen Rankinek iaz, bosgarrena, eta errekonozimendu handia lortu du horri esker; poesia sari nazionalerako hautagai izan zen, besteak beste. Jipoi poetiko bat da Citizen, AEBetan, XXI. mendean, hiritar beltz bat izateari buruz. Zazpi ataletan banatuta, prosa poetikoan daude idatzita ale gehienak, pentsamendua eta poesia uztartuz, eta eguneroko egoera eta biolentzia sinbolikoen kontakizun xehea da poema bakoitza. Pieza luzeago batzuk ere tartekatzen dira, adibidez, Serena Williamsen ibilbideari buruzko saiaera zorrotz bat.

Claudia_Rankine

Deskubrimendua neure golko bakartirako gorde nahi ez, eta honatx Rankinen lau ale euskaraz.

/ 

Ilunpetan zaude, autoan, brea beltzezko kalerari begira, nola irensten duen abiadurak; eta gizonak zera esaten dizu, koloreko pertsona bat kontratatzera behartu duela dekanoak, hor kanpoan hainbeste idazle bikain egonda.

Pentsatzen duzu akaso esperimentu bat dela eta nola erantzuten duzun ikusi nahi duela, edo atzerako eraginarekin iraintzen ari zaizula, edo nolabait ulertarazi diozula horrelako gauza bat lasai asko esan dezakeela.

Nolatan esan diezadakezu hain lasai horrelako gauza bat? Semaforo-argia gorri ipintzea desio zenuke, edo polizia-txirrin bat aditzea, balazta kolpez sakatzeko, aurreko autoaren aurka kolpez jotzeko, aurrerantz jaurtiak izateko, hain azkar, ezen supituan haizea sentituko zenuketen aurpegian.

Ohi bezala, unea zeharkatzen duzu gelditu gabe, aurretiaz esan denari jaramonik egin gabe, espero bezala. Ez da soilik gatazkak buruko mina sortzen duela; bada, baita ere, helmuga bat daukazula, eta helmuga horretarako bideak ez duela aintzat hartzen une hau biziezina dela adierazi behar izatea, iraganean ere gertatua dela, eta iragana orainaren parte dela, gaua iluntzen den bitartean eta denbora laburtzen den bitartean gauden tokiaren eta goazen lekuaren artean.

/

Etxera iritsi eta autoa amatatzen duzunean, bolanteari so geratzen zara hamar minutu gehiago. Beldur zara gau hau ez ote den ariko zure zeluletan giltzapetzen eta kodetzen, eta desio duzu denborak ur-presioz garbitu dezala. Hortxe eserita, garajeko ate itxiari begira, akordatzen zara behiala adiskide batek kontatu zizunaz, badagoela osasun-termino bat (John Henry sindromea), arrazakeriaren ondoriozko estresa pairatzen duten pertsonak izendatzeko. Senperrenak egiten dituzte ezabaketaren pilaketa graduala saihesteko. Sherman Jamesek, terminoa sortu zuen ikertzaileak, kostu fisiologikoak handiak direla esan zuen. Zuk zera espero duzu: hor eserita eta isilik egonda, joerari buelta emango diozula.

/

Zure kidea eta biok The House We Live In filma ikustera joan zarete. Lagun bati eskatu diozue zuen haurraren bila joan dadila eskolara. Etxera bueltan zoaztela, telefonoz deitzen dizute. Zure bizilagunak azaltzen dizu leihotik begira ari dela eta gizon beltz mehatxugarri bat dabilela bion etxeen inguruan zokomiran. Morroia atzera eta aurrera ei dabil bere buruarekin hizketan, eta apur bat joana dirudi.

Bizilagunari esaten diozu zure lagun bat, bizilagunak berak ezagutzen duena, umea zaintzen ari dela. Bizilagunak dio ezetz, ez dela bera. Zure lagun hori ezagutzen duela eta hemengo hau ez dela gizon gazte atsegin hori. Edonola ere, jakinarazi nahi dizula, poliziari hots egin dio.

Zure kideak zuen lagunari deitzen dio eta galdetzen dio ea morroiren bat dagoen zuen etxe parean aurrera eta atzera bueltaka. Lagunak erantzuten du kanpoan norbait egongo balitz dudarik gabe jabetuko litzatekeela, sarreran baitago bera ere. Polizia-autoen hotsa aditzen duzue telefonotik.

Zuen laguna zuen bizilagunarekin hizketan ari da etxeratzen zaretenean. Lau polizia-autoak joanak dira honezkero. Zuen bizilagunak barkamena eskatu dio zuen lagunari, eta zuei eskatzen dizue orain. Hein batean bizilagunaren portaeraren erantzule sentituta, lagunari esaten diozu, dorpeki, telefonoz hitz egin nahi duen hurrengo aldian atzealdeko lorategian egin dezakeela. So geratzen zaizu minutu luze batez, eta azkenik esaten dizu nahi duen tokian hitz egin dezakeela telefonoz. Bai, noski, esaten diozu. Bai, noski.

/

Telefono-elkarrizketa labur baten ostean, solaskide duzun lankideari esaten diozu bere bulegora joango zarela inprimakia sinatzera. Iristen zarenean eta nor zaren esaten duzunean, ihes egiten dio: ez nekien beltza zinenik!

Ez nuen hori esan nahi, esaten du gero.

Ahoz gora, diozu zuk.

Zer? galdetzen du berak.

Ez zenuen hori esaterik nahi, ahoz gora.

Horren ostean gorabeherarik gabe amaitzen duzue tratua.

Glenn Ligon-untitled

Danele Sarriugarte
Danele Sarriugarte

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *