Garazi Lizaso Manterola eta Irati Gonzalez Larena, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak.

Euskal Herrian jakin badakigu epaitegiak ez direla justizia-gune. Hori erakusten dute tortura-salaketen aurrean arduragabekeriaz jokatzeak eta aitortza ezak; euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen-neurriek, Altsasukoen espetxealdiak edota Cabacas auziak. Hori gutxi balitz bezala, epaileak herritarren alde jardun ordez, elite ekonomiko-politikoen alboan lerrokatzen dira, hipoteken auzian ikusi berri dugun moduan. Bizitzaren sostenguaren aurka dihardute. Horrela, kondenatzen dituzte CIEs edo kartzeletara herritar pobreenak, migratzaileak eta disidente politikoak.

Gaurkoan, (in)justizia sistema horren izaera patriarkala jarri nahi dugu jo-puntuan. Genero arau eta teoria osoa erreproduzitzen du. Sexualitatearen eta plazeraren ulerkerari dagokionean, nabari da gizonen bulkada sexuala eta bortizkeria naturalizatzen dituela, emakumeoi* bihurtzen gaituela pairatzen ditugun eraso sexisten erantzule eta berbiktimizatzen gaituela. Horren adibide dira La manada kasua, Juana Rivasen aurkako espetxe eskaera, Magrebeko marrubiaren jornalariak, komisaldegietako bortxaketak, haurren kontrako indarkeria patriarkalaren inpunitatea… Egungo (in)justizia sistemak ez du indarkeria matxistaren errora jotzen.

Euskal Herriko azken erailketa matxistek erakutsi berri dute judizialki salatzeak ez duela bermatzen emakumeoi* babesteko bitarteko nahikoa ezartzea. Hori adierazten dute Maguette Mbeugou, Yolanda Jaen Gomez eta Roxane emakume* erailen salaketek. Gainera, ezin dira ahantzi polizia-etxeetako eta epaitegietako joerak: emakumeoi* sinetsi ez, jazotakoaren erantzule egin eta berbiktimizatzen gaituzte. Ez gaude prozesu judizialen erdigunean. Erasotuon –eta inguruaren– beharrak eta baldintzak kontuan hartu ordez, prozedura zurrunak jarraitzen dira. Ez dira kasuan kasura egokitzen. Hori dela eta, hutsuneak daude erreparazio ibilbideak eraikitzerakoan, aske bizitzeko bermeak lortzerakoan edota babestuak sentitzean; babes legala ematean askatasuna mugatzen baitigute. Ondorioz, kasu asko ez dira judizialki salatzen, gogorra baita prozesua bera. Horregatik guztiagatik, salatzen dugu indarkeria matxistaren inguruko diskurtsoetan dagoen zurikeria politikoa.

Bestalde, askotariko indarkeriez jabetu eta elkar gurutzatzen direla aintzat hartu behar da, zehazki, biolentzia matxistari kontra egiteko neurri eraginkorrak hartzean. Besteak beste, klase aldagaia edo arrazakeria. Izan ere, bortizkeria matxistari aurre egitea zailtzen dute emakumeok* oinarrizko beharrak asegabe izateak edo Atzerritartasun Legearen mehatxupean egoteak.

Muineko konponbideak eman beharrean, kartzelaldiak gogortzea eskaintzen du sistema judizial zigortzaileak. Horren aurrean, argi diogu espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren aurka gaudela. Patriarkatuaren tresnak dira gaztigua eta presondegia. Beraz, horiek indartuta, sistema zapaltzailea sendotzen da. Funtsean, harreman eredu patriarkalak erreproduzitzen ditu (in)justizia eredu honek: gizon erasotzaileak sortu eta, indarkeria egiturazkoa ez bailitzan, gaixo mental edo basapiztia moduan zigortzen ditu. Horrela, ez da bortizkeriarekin amaitzen, ez baita bermatzen ez errepikatzea.

Esandako guztiagatik, erauntsi feminista eragin behar dugu patriarkatuaren (in)justiziari aurre egiteko. Horretarako, hainbat gakotan sakondu behar da, finean, nolako justizia nahi dugu?

Batetik, kontuan hartu behar dira erasotu zein erasotzaileak. Era berean, testuingurua aztertuko duten ibilbide judizialak sortu behar dira eta indarkeria matxistaren erreprodukzio eta legitimazio mekanismoak deuseztatzera bideratu. Bestetik, tresnak behar dira komunitateko biolentziak eta gatazkak kudeatzeko. Botere harremanen sakoneko logikak ere eraldatu behar dira. Badira hainbat esperientzia gure herrian, esaterako, eragileen baitako eraso sexistak bideratzeko prozesuak, justizia berrosatzailean oinarrituak.

Erasotuon erreparazioan eta babesean jarriko du fokua nahi dugun justizia ereduak. Min sortzailearen ardura eta birgizarteratzea bilatzeaz gain, ez errepikatzea bermatuko du. Ez dugu nahi zigorraren paradigma hutsa birsortzen duen (in)justizia. Horretarako, funtsezkoak dira emakumeon* sinesgarritasuna, testigantzen balioa eta jazotakoaren aitortza. Gainera, beharrezkoa da prozesuaren erdigunean erasotua jartzea, bere beharrak, askatasuna eta erritmoak aintzat hartzea. Epaitegietatik harago, balioesten ditugu herritarren eta erakundeen aitortza ahalbidetzen dituzten prozedurak. Adibidez, Foro Sozialak bultzatutako Nik sinisten dizut ekimena; Abya Yalakoak bezalako emakumeen* lekukotzak jasotzeko auzitegi herritarrak; edo San Fermin del 78 eta Istanbuleko Protokoloa gisako egitasmoak.

Dena den, aipatutako jendarte eta justizia ereduak eraikitzeko igarobidean, ezinbestekoa da gaurdanik indarkeria matxistari aurre egiteko eta emakumeok* babesteko erakunde-baliabideak aplikatzea eta hobetzea.

Bukatzeko, gaur hau ez da justizia diogu. Bihar, berriz, nahi dugun justizia definitzeko, lortzeko, asmatzeko, amesteko… eginahalean eta borrokan jarraituko dugu.

 

Euskal herriko bilgune feminista
Euskal herriko bilgune feminista

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *