Tabernako argiek harrapatu ninduten pasa den larunbatean, McOnaken abestian antzera. Ordurako taxirako gordeta nituen txanponak azken tragoan joanak ziren. Arropa multzo korapilatsutik nire poltsa, bufanda eta jaka askatu eta lagunak besarkada, muxu eta ordu txikitako txiste artean agurtu nituen. Urruntzen zihoazela eta pausoak atzera begira eman bitartean, etxera heldutakoan mezu bat bidaltzeko oihuz eskatu zidaten lasai gera zitezen. Hantxe batu ginen bada, kalea eta neu.

Ez, ez nintzen neu. Neu ausarta izan behar nuen, neu lasaia eta era berean erne egon behar zuen neu bat. Etxera bidean lagunen berbazko ezkutua nuen babesgune. Aurre-atze begirada galdua, ezker-eskuin arnasestua. Hiriaren lizuntasunaren harrapakin nintzen hala aukeratu gabe eta hura zokomiran zebilen nire ibilbidean barrena hala nahi gabe. Soinu bakoitzeko, hozkirri bat. Kale-izkina bakoitzeko, susto bat. Harrapaketan genbiltzan konturatu gabe.

Tabernako iluntasuna harrapatu nuen eta trukean tabernako argiek harrapatu ninduten pasa den larunbatean, gustura aritu ginen jokatzen harrapaketan; txandaka harrapari eta harrapakin lanetan. Neu nintzen abizen gisa ausart, lasai eta erne bezalako izenlagun beharturik gabe, tabernako argietatik ihes egitean ere hala izan nahi nuke, bide batez lagunak ere mezurik jaso ezean lasai gera daitezen.

Sara Zendoia
Sara Zendoia

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *