“Hamaika txokotako emakumeak bakarrik ez, belaunaldi arteko topaketa ere bada Emakumeen Mundu Martxa”
klitto! 2015-06-25

Kurdistanen motxilak bete eta Lisboan husteko asmoz abiatu ziren hainbat emakume martxoaren 6an; irailean 28an iritsiko dira Euskal Herrira. Nortasunak eta jatorriak anitzak dira, baina borroka berak eta borrokak berak batzen ditu. Hamaika elkarte, talde eta norbanako dabil Euskal Herrian Emakumeen Mundu Martxa antolatzen, horietako bat dugu Josebe Iturrioz. Kafe bat, edo bi, edo hiru hartu daitezke martxari buruz hizketan; pena, bakarraren bueltan kontatuak soilik bildu ditugula.

11181559_10205234912645152_1531544993_o

2015eko Emakumeen Mundu Martxa da aurten.

Bai, baina Emakumeen Mundu Martxak ibilbide luzea du atzetik, 1995ean du jatorria. Quebec-etik New Yorkerako martxa bat egin zen “ogia eta arrosak” izenpean. Arrakasta itzela izan zuen, 15.000 pertsona inguru batuta. Orain Emakumeen Mundu Martxa bezala ezagutzen dena 2000. urtean hasi zen. Orduan pasa zen lehenengoz Euskal Herritik. 2005ean Euskal Herrian indar handia hartu zuen, karabana morearekin. Gero, 2010ean beherakadatxo bat izan zuen baina gure helburua aurten martxa berrindartzea da.

Martxaren ibilbidea zehazterako orduan, zein irizpide hartzen dira aintzat?

Lurralde txiki edo zapalduei ikusgarritasuna ematen ahalegintzen gara. Aurtengo martxa, esaterako, Kurdistanen hasiko da eta ez Turkian. Espainiatik ere ez da pasatuko, baina bai Euskal Herritik, Kataluniatik eta Galiziatik.

Zer gertatzen da emakumeen mundu martxa pasatzen ez den tokiekin?

Apirilak 24an esaterako nazioarteko ekimen bat egin genuen, munduko leku askotan batera. Gainera, ibilbidea zure herritik pasa ez arren hartu dezakezu parte, Zaragozatik esaterako martxa paralelo bat egingo dute Euskal Herrira.

Euskal Herrian lagako du beraz aztarnarik.

Gipuzkoatik, Bizkaiatik, Nafarroatik, Arabatik eta Lapurditik pasako da. Jende asko gabiltza antolakuntza lanetan, oso jende ezberdina. Elkarte eta talde oso koordinatuak herri txikietako neska gazte taldeekin batera. Aberasgarria da aniztasun hori lortzea. Gainera, Emakumeen Mundu Martxak nahiko ikusgarritasun izaten du eta medio jeneralistek ere egiten diote kasu pixka bat.

Horrelako ekimen internazional batek ezinbestean eskatzen du antolakuntza ona.

Herrialde batzuk antolakuntza hobea izaten dute, eta beste batzuek kaskarragoa. Euskal Herrian oso ongi koordinatuak gaude eta horrek martxako parte hartzaileei deskantsatzea ahalbidetzen die. Emakume nekatuen martxa dirudi askotan, egun asko pasatzen dituzte bidaiatzen eta Euskal Herrian indartsu gaudenez, guk hartzen dugu lekukoa. Urriaren 4an egingo dugu ekintza nazionala Bilbon eta ondoren, Galiziako lagunei pasako diegu lekukoa.

Anitza da ezinbestean martxa. Zein oinarrik batzen ditu?

Lau ildo nagusi ezarri ditugu Euskal Herrian: sistemarteko indarkeria, bizitza erdigunean jartzea, gorputza eta sexualitatea, eta aliantza eta aniztasuna. Emakumeen mundu martxak balio du errealitate zeharo ezberdinetatik datozen pertsonek proiektu komun baten bueltan batzeko. Errealitateak oso ezberdinak dira; esaterako, gogoratzen dut Filipinetako emakume batek prostituzioaren abolizioaz hitz egiten zuela. Hango errealitatea oso ezberdina da, zortzi urteko haurrak dabiltza prostituzioan. Ni prostituzioaren legalizazioaren alde egon naiz beti, baina emakume haren errealitatea ezagutu nuenean bere posizioa ulertzera iritsi nintzen.

Euskal Herrian bertan ere elkarte ezberdin askok hartzen dute parte, eta aniztasuna bistakoa da. Zein hizkuntzatan ulertzen duzue elkar?

Aniztasun handia dago Euskal Herriko elkarte eta kolektiboen artean. Batzarretan argi ikusten da hori, eta oso aberasgarria da. Baina egia da horrek hizkuntzarekin arazoak sortzen dituela. Hala ere, euskaraz aritzen gara. Nazkatuta gaude garai batean bezala erdara lehenesten. Orain, ez gaude horretarako prest. Egia da, arazoak izaten ditugula. Baina euskaraz egiten ahalegintzen gara, eta alden neurrian itzultzen.

Hazia hazten al doa?

Haziarena feminismoa landatzeko modu metaforikoa izan da. Herri eta hirietako espazio publikoetan zein pribatuetan landatu nahi ditugu haziak. Gainera atzean bizitzaren jasangarritasuna dago. Lurraren eta gorputzaren arteko lotura. Pentsamendu indigenetan du oinarria; urteetan lurra bortxatua izan da emakumea bortxatua izan den era berean. Gaur egungo kapitalismo basatiak lurra txirotzen du, emakumeok kaltetzen gaituen kapital baten mesedetan.

 

 

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *