18 urte nituela, “gure etorkizuna” hautatzera behartzen gaituzten garai horretan; Zer izan nahi dut? Zer ikasiko dut?… Askorentzat erantzutea hain zaila den hori nik oso argi nuen. Ingeniaritza ikasiko dut eta ingeniaria izango naiz; nahiz eta matematiketako irakasle batek, argi eta gabi esan zidan gai izango ez nintzela. Hala ere, jakin banekien, gaur egun zerbait ikasteak ez duela horretan lana egingo duzunik bermatzen, ez dut uste gaur egun ezer bermatuta dugunik, baina gai hori beste baterako utziko dugu. Beraz, matematiketako irakasleari jaramonik egin gabe eta ingeniari izatearen ametsa bete nahian, Arrasatera joan nintzen maleta ilusio eta gogoz beterik.

Ikasteaz gain, parrandak, pintxopoteak, eta batez ere, astean zehar Anoetara errealeko partiduak ikustera joateko aukera topatzen genuen. Errealaren partiduak ikustera joaten nintzeneko oso oroitzapen onak ditut. Pisukide Athletick zalea eta etxerako lanak etxean utzi, eta hantxe joaten ginen hiru pixukide Erreal zaleak, Ander, Kepa eta hirurok; kotxean Des-kontrol topera jarri, eta abesti, “cantico futbolero” eta barre algaren artean partidua guk jokatuko bagenu bezala. Buelta ordea ez zen beti horrelako festa izaten, Erreal zalea izatea ez baita batere xamurra, gehienetan sufritzea tokatzen zaigu, eta aurpegi luze, amorru, haserre, eta hurrengo goizean tailerrera joateko alferkeriarekin itzultzen ginen etxera, buru makur.

Azkenik pasa ziren karrerako lehen hiru urteak, eta laugarren eta azkena, Donostian eman nuen, etxean, bertako enpresa batean praktiketan. Garai horretan etxeko “txikitxoari” (ordurako ez hain txikia) tokatu zitzaion hainbeste jenderi bertigoa ematen dion galdera horri erantzutea. Afaltzen ari ginela, aitak egin zion galdera:

  • Laster datorren urteko matrikula egitea tokatzen zaizu. Zer ikasi nahi dezu?
  • Moda diseinua!!

Sekula ez dut inor hain erantzun irmoa ematen ikusi, horrelako irribarre handi eta distiratsuarekin. Egia esan, ez ninduen sorpresaz hartu, ordura arte orduak pasatzen zituen ordenagailuan moda orrialdeak kuxkuxeatzen, moda aldizkariak irakurtzen, marrazkiak egiten etab. Dendara arropa erostera joatea tokatzen zitzaidanean, berak hartzen zuen nire estilista izatearen lana; hau honekin ondo geratzen zaizu, ausartu zaitez holako eta halako zapatak jartzen, ez pentsatu jendeak zer esango duen… Nire estiloan gauza askorekin ausartzen banaiz, bere animoengatik da.

Beraz, berak ere diseinatzaile izatearen ametsa betetzeko bidea egiteari ekin zion, pozaren pozez. Eta orain, bakoitza bere aldetik, gure bidea eta etorkizuna lantzen ari garen bi anai arreba gera.

Ni, Lide, ingeniari mekaniko bezala Donostiako enpresa batean lanean dabilen emea. Obra batzuetan, O.V.N.I. bat ikusi balute bezala begiratzen dutena. Erreal zalea, baina ez futbolzalea, futbola den zirkoaz nazkatuta nago. Eta estilismoari dagokionez, anaiaren laguntzari esker, gustuko duena jartzera ausartzen dena. Anaia esan dut bai, etxeko “txikitxoa”, Martxel; jostorratz, ari, oihal eta diseinuen artean, pozik dabilen arra. Ziur nago New York, Londres, Paris, Milan edo munduko beste edozein txokotan, bere ametsa betetzen jarraituko duela.

Eta hala gabiltza, gaur egun etiketa asko jarri eta aurreiritzi asko dituen mundu batean, jende askorentzat ez dagokigun mundu batean egongo bagina bezala, geure mundua gure erara eraikitzen.

L M
L M

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *