“Gu ez gaude hemen gizonek egiten dutena erreproduzitzeko, gu hemen ahaldunduta gaude”
klitto! 2015-12-10

Onintza Enbeitak badu hizketarako erraztasunik, eta plazerra da bera entzutea. Bilbon geratu gara bazkaltzeko, eta janari eta edari artean Madrilgo jirak, musika zaletasunak, gaztetxeen eraisteak eta beste zenbait kontu izan ditugu berriketa gai. Kafearekin batera egin diogu elkarrizketa, umorez baina inongo taburik gabe erantzun ditu galdera guztiak, bat bestearen atzetik.

Bizkaian apustua argia izan da: Iran eta Onin Madrilera. Bat baino gehiago egongo dira dardaraka.

Akaso lehenengo harritu garenak geu izan gara. Batzuetan pentsatzen duzu zure irreberentziak ez duela arrakastarik izango, eta gero, konturatzen zara EH Bilduko Bizkaiako militanteek konfiantza itsua izan dutela Irantzurengan eta Onintzarengan. Hor ikusten da EH Bilduko jendea gauzak aldatzeko prest dagoela, hautagaietatik bertatik hasita. Gero egia da martxan hasten zarenean Iran eta Onin bezala, eta gure estilo hori jartzen dugunean kanpainako gauza guztietan, akaso, botoa eman duen norbaitek esango duela ea noraino heldu garen, edo noraino heldu nahi dugun.

Jendearen erantzuna orokorrean ona izan da?

Gehienetan bai. Ez gara oasi batean bizi, eta EH Bildu ez da oasi bat desertu matxista baten erdian. Dena den, guri ere gertatu zaigu hitzaldi batera joan eta honela esatea: “Baina zenbat dakizuen zuek”. Guk badakigu hori gizonezkoei esatea oso zaila dela. Emakumeak gara, gazteak gara, eta jendea harritu egiten da asko dakigulako. Baina hortik aurrera, jaso dugun erantzuna ona da eta maitasuna dago beti. Jendeak ondo tratatzen gaitu eta prest dago gauza ezberdinak entzuteko, edo gauza berdinak baina beste era batera kontatuta.

Hainbeste gizon gorbatadunen aurrean, nola astindu gonak?

Nik esaten diot Irantzuri: “Madrilera heltzen zarenean, kontziente izango zara gizonezkoen mundu batean sartzera zoazela, eta gure presentzia hutsa kongresua edo senatua bezalako toki batean iraultzailea dela”. Gu ez gara sistema honek –kapitalismoak, patriarkatuak, Espainiak– nahi dituen emakumeak. Gure diskurtsoak molestatu egiten ditu ezarritako arauak; gure presentzia ez da ezarritako kanonen barruan kabitzen diren bi emakumerena, ez gorputzez, ez itxuraz; gu ez gara lorontziak izateko joan Madrilera. Presentzia hutsarekin gu oso irreberentetak gara sistema honetan. Eta hortik hasten da gure iraultza, gu ez gaude hemen isilik egoteko, ez gaude hemen gizonek egiten dutena erreproduzitzeko, gu hemen ahaldunduta gaude; eta zuen guztion borrokak –batez ere ezkerrekoenak– baditugu, baina badaukagu borroka bat gehiago ere: gure eta gure gorputzen askapena. Eta hori beti daukagu oso presente.

Aurpegi publikoa izan zara gaztetatik, lehenengo bertsolari, gero parlamentari. Nahiko mundu maskulinoak dira, edo maskulinizatuak behintzat bai. Hala ere, aise jarri dituzu denak hankaz gora.

Kanpotik begiratuta ematen du beti ondo moldatu garela, baina beti izan ditugu gure borrokak; bai bertsotan eta bai Madrilen. Dena ez da polita eta erreza. Madrilen diskurtso bat egin eta asquerosa edo puta deitzen dizutenean, ez zaitu bereziki mintzen, baina badakizu emakumea zarelako esan dizuetela, eta esan duzunak beraiei min eman dielako. Politikoki ezin dizutenean arrazoia kendu beste toki batzuetatik saiatzen dira, eta emakumea bazara errazagoa da.

Bertsotan ere, hasierako urteetan formulak imitatu genituen. Guri Jon Lopategik –eta maitasun handiz esaten dut, nik Jon izugarri maite dut– esaten zigunean atera paparra eta altu kantatu 14 urterekin, guretzat, edo niretzat behintzat, ez zen erreza izaten. Paparra atera oraindik gehiago? inori ez zitzaion iruditzen kantatzen ari ginenen artean egon zitekeela norbait nahi gabe ere paparra gero eta kanporago zuena. Gu gizonezkoen mundu batean sartu ginen eta kopiatu egin genuen: lotsagabea izan, agertokira igo, inprobisatu, errimatu, kantatu… oso ariketa konplikatua zen berez, gu pentsatzen hasteko ea hor zegoena ni nintzen edo niretzat sortu nuen pertsonaia. Urteekin ahaldundu egin gara, eta ikasi dugu bertsolaritzan gure lekua egiten inor imitatu gabe.

Kazetaria, bertsolaria, parlamentaria. Mundua kontatzen eta diskurtsoak eraikitzen zabiltza batean eta bestean. Nola ikusten dira gauzak Onintzaren begietatik?

Onintza Enbeitak mundu honetako kultura kontsumitzen du, mundu honetako gizonekin oheratzen da, mundu honetako jendearekin egiten ditu harremanak, eta guzti horrek ematen dio perspektiba bat. Beti dago presente desberdina zarela eta beti dago presente leku berdinera iristeko esfortzu handiago egin behar duzula. Beste emakume batzuekin elkartzen zarenean, eta beraientzat ere esfortzu hori berdina dela konturatzen zarenean, ohartzen zara arazoa ez zarela zu, arazoa sistema dela; eta sistema hori patriarkatua da. Patriarkatuaz hitz egitea niri ere kostatzen zait, badirudi inork ulertzen ez duen hitz bat dela eta zaharkitua geratu dela. Deitu nahi duzuen moduan, baina hor dago. Harri handi bat daukagu gainean ez diguna uzten mugitu nahi izango genukeen moduan mugitzen. Nik nire begietatik begiratzen ditut legeak, arauak edo dena delakoak, eta beti dago presente bizi dudan hori, hortik eraikitzen dut diskurtsoa. Askotan sentitu naiz emakume, askotan sentiarazi naute emakume; bai bertsotan eta bai politikan ere. Hitz egin dut udal legeaz, hitz egin dut Espainiako erregearen aforamenduaz. Baina horretaz hitz egin dudanean iraindu egin naute, eta orduan gogorarazten didate emakumea naizela.

Jule Goikoetxea subalternantziari buruz entzuten dudanean pentsatzen dut agian hori dela ni eraikitzeko gai izan ez naizen diskurtsoa, baina hor dago la madre del cordero. Hor dago.

Bertsotan fikziozko gaiak jartzen dizkizute baina parlamentuan ere gaiei kantatzen ibiltzen zara modu batera edo bestera. Neuk ere gaur bat jarriko dizut: Onintza, Euskal Estatu Feministako lehen lehendakaria zara.

Izugarria izango litzateke, baina nik nahiago nuke barne sailburu izan. Badakit mendekuarekin ezin dela ezer eraiki. Baina boterea dudanean mendeku txiki batzuk hartu nahi nituzke; txikiak, baina batzuk hartu nahiko nituzke. Jendeak ikus dezan nola sentitzen zaren momentu oro baztertzen zaituztenean. Erreza da zentroan zaudenean esatea: “zuek beti ari zarete negarrez, zuek beti ari zarete esajeratzen”, bai, baina zuek beti zaudete erdian, eta ni beti nago bazterrean.

Hitz ezberdinak botako dizkizugu eta ea zer diozun:

Abortua: abortua eskubide bat da, libre eta doakoa. Ama izatea aukera bat bada, ama ez izatea ere bai.

Madril: Madril zoragarria da. Pena bat da Espainiako botere guztia han egotea.

Urkullu: Ez nau erakartzen, grisegi ikusten dut eta berak eraiki nahi duen Euskal Herriak ez dit balio.

Maitasuna: Nire iraultzaren motorra.

Txirrita: Gizon jator bat, emakumea izango balitz daukan mito guztia izango ez lukeena. Arazoa ez da gizon argi bat iritsi den lekura emakume argi bat iristea. Kontua da, gizon ez hain argi asko iritsi diren lekuetara, ez direla emakume ez hain argi asko iritsi.

Ikusi elkarrizketaren laburpen bideoa hemen.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *