Gorputzak, zauriak eta orbainak

Zenbat iraun dezake labankadaz egindako orbain batek gorputzean? Eta zenbat larruazalaren azpian utzitako zauriak? “Matxismoa egiturazkoa denez, geruza guztietan jasan dezakegu indarkeria, eta emakume guztiok jasan dezakegu; militantzian, gure espazioetan, komisarian, kartzelan, bikote harremanetan… hor dago”. Duela bi hilabete Sara Majarenas euskal preso ohiak Berria egunkariko erreportaje batean esandako hitzak dira. Orain bi urte, Majarenas beraren kasuaren bidez gorpuztu zen espetxe sistemaren oinarri androzentrikoen inguruan ordura arte idatzitakoa. Baita ongi gorpuztu ere, haren alaba hiltzen saiatu zen gizonezko bat, eta hil zuelakoan poliziaren aurrean onartu zuen delitua. Gizona espetxeratu egin zuten berehala, baina ez zuten Majarenas askatu. Eta alaba osatu bazen ere, haurra eta ama espetxe agintaritzaren ardurapean dagoen Alcobendasko harrera pisu batean izan ziren Majarenasek hamahiru urte eta erdiko zigorra osorik bete arte.

Aske utzi zuten euskal preso ohia, baina ordurako sakona zen zauria. Haren izaera militantea ezbaian jartzen ahalegindu ziren Alcobendasko etxean egondako urte horretan. Lehenago ere salatu zuen Majarenasek polizia indarren eta espetxeen egitura patriarkala. Biolentzia sexualizatua jasan zuen atxilotu osteko inkomunikazio aldian, eta espetxeetan andreek bizi duten egoera muturrekoa dela salatu izan du. Argi zioen askatu osteko lehen elkarrizketa horietan: “Espetxea matxista da”. Ordutik, ez da urtebete ere pasatu, eta jakinarazi dute Majarenasen eta haren alabaren erasotzailea libre utzi dutela epaiketa hasi artean. Are, epaileak esan du soilik “salbuespenezko egoeretan” ezarri behar dela behin-behineko espetxealdia.

Zenbat higatu daiteke orbain bat? Zenbat korapilo jasan ditzake gorputz batek? Berriako erreportaje horretan behin eta berriz azpimarratu zuen Majarenasek sistema judizialaren erro heteropatriarkala. Harena ez ezik, beste askoren kasuak jarri zituen mahai gainean. Alboan zuen Sandra Barrenetxea, eta oroitarazi zuen nola salatu zituen bera atxilotu zuten guardia zibilak torturaldian sexu erasoak egiteagatik. Epaileek ez zuten sinistu, eta absolbitu egin zituzten poliziak. Barrenetxea ez zen harritu. “Egia juduzialetan adituak gara”, agiria ere idatzi zuen, errepresio –gutxienez bikoitza– jasandako beste hamaika euskal emakume militanterekin batera. Eskerrak osatze kolektiboei.

Izandako babesak eta lanketa politikoak ahalbidetu dio, besteak beste, Majarenasi urtebete honetan eguneroko martxari berriz ere heltzea. Lagunekin kalera ateratzea, haurra eskolara eramatea, lanera itzultzea, oporretara joan ahal izatea… Hamahiru urtez ez zuen halakorik egin. Nolakoa da gorputz libre bat? Nola mugitzen da patioan eman ditzakeen pausu kopurua buruz ikasita dituena?

Herdoila kentzen hasi orduko mugatu diete bidea Majarenasi eta haren alabari. Pultsera telematikoa du euskal preso ohiak, eta poliziari jakinarazi behar diote alaba non dagoen etengabe. Noraino mugatu daiteke gorputz bat? Erasotzailea ezin daiteke Euskal Autonomia Erkidegora sartu, baina asko jota ere bi kilometroko urruntze agindua du, beraz, autonomia erkidegotik irtenda, 2.000 metrora izan dezakete erasotzailea. Ala gertatzen da Iruñeako bortxatzaileen kasuan ere. Debekatua dute Madrilen sartzea, baina gainontzeko edozein lekutan egin dezakete topo. Orbainak ere izan litezke kolektiboak, beraz.

Barrenetxeak eta Majarenasek ironiaz zioten egia judizialetan adituak zirela. Sistema judizialaren ikusezinarekin, hirutan edo lautan zapaldu dituzte andre horiek jada: militante izateagatik, andre izateagatik, ama izateagatik, gertatutakoa ahozgora kontatzeagatik, salatzeagatik. Eta halere, segitzen dute zutik mantentzen: “Gure zauriez hitz egin dezakegu, eta indartsuak gara”, zioen Majarenasek azkenekoz. Zenbat gehiago eutsi lezake?

Maider Galardi
Maider Galardi

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *