Ikasketa arrasti bati denbora lapurtu nahian, (des)informazio-iturri den telebista piztu dut. Atzean utzi ditugu Gabonetako kanpainan tradizio diren jostailu sexisten iragarkiak eta familia perfektuaren eredua sustatzen duten Gabonetako film gogaikarriak. Apurka-apurka, emakumeoi nahi beste jateko eta edateko tregoa amaitu zaigula esatera bueltatzen ari da krema antizelulitiko, azukre eta gantzik gabeko produktuen iragarkien etengabeko bonbardaketa.

Ahaztuta nuen ze punturaino telebistak gure gorputzak arautzeko boterea duen, 10 minutu eskasetan irentsi dudan zabor denarekin, zuzenean eta zeharka, argi geratu zait ez naizela behar bezain garaia, ez argala, nire azala ez dela behar bezain leuna eta garbia, ditudan kanak estali beharko nituzkeela, gorputzean soberan dagoen ile asko dudala… baina lasai egon naitekeela, diru gutxiren truk (!?) behar bezalakoa izatera iristea posible dudala, telebistako emakumeak bezala, alai eta irribarretsu.

Presio estetikoa den emakumeonganako beste biolentzia honek, emakumearen ezinegon konstantea helburu izateaz gain, gizarte normatiboa eta kontsumista sustatzea ditu helburu, ze, ez da kasualitatea Interneten“cómo adelgazar” sarreran emakume lodien aurkako iragarkiak besterik ez aurkitzea, zeinetan denbora gutxian kilo asko galtzeko trikimailu eta dietak agertzen diren, edo behintzat, kanonak agintzen duen bezain argal ez bagaude, gure ingurukoak, eta bide batez, gu deseroso ez sentiarazteko, soberan ditugun mitxelin denak ezkutatzeko produktuak saldu nahi dizkiguten. Badaude be loditasuna osasun-arazoa (emakumeon osasun-arazo bakarrik, antza) dela esateko atrebentzia dutenak, kiloak kentzeko hormonez betetako pilulak edozein lekutatik sartarazi edo arnasa hartzea ekiditen duten gerrikoak saldu nahi dizkiguten bitartean.

Gure gorputzak mutuak dira eta kategoria kulturaletatik irakurtzen eta interpretatzen ditugu. Hemendik abiatuz, gizarte ez sexista batean ez ginateke gure gorputz ezaugarrien arabera sailkatuak izango, eta ondorioz, onarpen soziala eta arrakasta lortzeko (edertasuna hauekin lotzen baita), ez ginateke deseroso sentiarazten gaituzten jantzi, zapata, orrazkera… zehatz batzuk eramatera bideratuak egongo.

Baina biolentzia ez da gorputzaren estetikara soilik mugatzen. Antisorgailu, lurrin, jostailu… hilekoa ezkutatzeko produktuen iragarkiak publiko heterosexualari zuzenduak daude, eta zergatik ez dugu esango, hauen protagonisten gehiengoa aniztasun funtzionalik gabeko azal zuriko pertsonak dira. Mendebaldeko gizartearen ezaugarri diren homo-transfobia eta arrazakeria gehitzen zaizkio sexismoari.

Aski entzuna dugu pertsonala dena politikoa dela, gauzatu dezagun ba, baieztapen hau. Gutxi lortuko dugu “ez zauz lodi” batekin, horrek loditasunaren konnotazio txarra indartu besterik ez duelako egingo, berdin azalak dituen markekin eta ilearekin, zergatik esan igertzen ez direla, igertzen badira? Erabil dezagun makillajea arma politiko gisa genero-rolak hausteko eta (hiper)feminitateari egun zaion estigma soziala kentzeko, edo ez gaitezen behar bezain femeninoak izan, lodiegi edo argalegi gaudela aldarrika dezagun, baita gure disidentzia sexuala ere, senti dezagun plazera bakoitzak nahi duen moduan eta gure hilekoaren odola esku eta hanka artean, batu gaitezen histerikak, intsumisak, putak, bollerak, zapalduak, denak eta gogaitu ditzagun gure gorputzen gaineko kontrola lapurtzen saiatzen diren horiek, grano bakoitza, lekuz kanpo dagoen ile bakoitza, oihu bakoitza, sistemak indarrean duen kanonean sartzen ez den kilo bakoitza… iraultza txiki bat suposatzen duelako.

Eva Perez-Pons
Eva Perez-Pons

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *