Ikastola garaian joan nintzen lehenengo aldiz manifa batera. Lehenengoz behintzat gurasorik gabe, nire erabaki propioz. Ordu beteko paroa egitearen alde bozkatu eta joatearen koherentziaz jabetu nintzen, agian ez horrenbeste arrazoiez. “Paroa egitekotan joan beharko da, ez?”. Beste batzuk ez ziren ausartu joaten. Izan ere, ikastola sarreran zeuden kasko gorridunek intimidatu egiten zuten, asko gainera.

Ni bezala pitilina zeukan laguna eta biok irten egin ginen ikastolatik. Txakurren aurretik isilean pasa eta bihotza ia kamixetatik irten beharrean genuela jarraitu genuen aurrera. Ipurtzulorarte sentitutako beldurra isilik gorde eta aurrera. Manifako lekura heldu eta egindako heroizidadeaz harro mintzatu ginen eredutzat genituen militante zaharrekin, kasualitatez, gizonezkoak. Bizkarrean pare bat golpe, “hay hay, con dos cojones”. Harro geunden egindakoaz, lotsatuta isildutako eta sentitutako beldurraz. Baina hori ez genien kontatu, nolatan ba?

Geroztik manifa askotan egon naiz. Egun joaten naiz, nahiz eta gaur egungo zenbait manifa pipa jan-paseotan aspertzen naizen. Baina hori beste leku eta momentu baterako hausnarketa-eztabaida da.

Herriko hamaika txokotan parte hartzen dut, saiatzen naiz. Izan gazte mugimendu edo herri mugimenduko beste espresiotan. Gizon artean, emakume artean eta baita talde mixtoetan ere. Ume, gazte zein helduekin. Txuri, hori, gris, marroi edota beltzekin. Gustuko dut.

Dena den, gizon artean aurkitzen naizenean sentitzen dut halako kontraesanik. Agian txorakeria bat irudituko zaio militatzen ez duen bati, baina, baten batek ulertuko du. Ze ostia pasatzen da kartelak pegatzerakoan? Zergatik sentitzen dugu gizonok sekulako garaipena izango balitz bezala? Zergatik hain azkar? Zergatik agintzen du batek non, nola eta zenbat jarri? Zergatik herri osoa enpapelatu? Agian azken galdera hau ere beste leku eta momentu baterako hausnarketa-eztabaida da.

Bateren batek esango du segurtasun irizpideak egon daitezkeela moduetan. Ez beti.

Kartelak zuzen jarrita herri osoan zehar, azkar, eta agintzen baldin baduzu, hobeto. 30 minutu iraun dezakeen ekintza horretan sekulakoa da ikustea zer nolako erraz eraikitzen den gizonon arteko piramidea, botere harremanak pil-pilean. Gizon bat edo bi kartelak non jarri behar diren esaten/agintzen, beste bat kolaren baldearekin edota txinoan erositako prezintoarekin eta azken “gizarajoa” kartel rollo mordoekin gidariari segika. Saguak Amelingo txirulariaren atzetik. Bat-bi, bat-bi, bat-bi….señor! si señor!

Ai gizon militante madarikatuok. Noiz ikasiko dugu kartel bat gaizki jartzeak ez duela gure estatusa jaisten? Noiz ikasiko dugu beti ez dugula guk agindu behar? Noiz ikasiko dugu, segurtasun arazorik ez denean behar, kartelak lasai jarri eta astea zer moduz pasa dugun hitz egiteagatik ez dela ezer pasatzen. Noiz ikasiko dugu ez ditugula gure herriko pareta guztiak kartelez bete behar? Barkatu, jada esan dut hori beste momentu eta leku baterako eztabaida dela. Madarikatua!

Mister Ni
Mister Ni

2 Iruzkin

  1. Kartel bat oker jartzeak ez duela estatusa jaisten diozu, hori da justu behar duguna!!! Militantzian, gizonok sortzen ditugun botere- harremanak eta guk geuk gure buruari jarritako estatus hori jaistea edo guztiz deuseztatzea!!!!!
    Artikuluarekin guztiz ados!!!
    Besarkada bat!!!

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *