Gizarte-komunikazio hegemonikoak eta generoa

Kazetaria ez izanagatik ere, analisi soila eginez identifikagarria da: egunerokoaren, munduaren, errealaren isla edo bozgorailu titulu auto-ezarria soinean, hegemoniaren birsortze eta indartze prozesua bermatzeko tresnak dira hedabideak. Ez beren eginkizunean albo ondorio bezala, gainera; funtsean, hori da-eta beren izateko arrazoi, bide eta helburu: erreala erreferente bihurtuz, errealitatea sortzea.

Eta errealitate horren kontsumitzaile garenok, herritar arrunt eta norbere egunerokoari aurre egitean zentratuak, kalera irtenda ikusten den gainerako mundu handi hori kutxa baten bitartez jasotzea erabakitzen dugunok, era ia pasibo eta automatizatuan erabakitzen dugu, telebista pizten dugun bakoitzean, kalera irtenda ikusten den gainerako mundu handi horren errealitate jakin bat irenstea. Irentsi, digeritu eta metabolizatzea; gutxitan, oka egitea; inoiz, dieta alternatiborik badela pentsatzea.

Logikoa lirudike “publiko” izengoitia daraman edozein zerbitzu herritarren interes orokorren mesederako sortu eta mantendutako zerbitzua izatea; hots, hedabideen inguruan ari garela, definizio horren barruan sartuko litzateke herritarren interes orokorren mesederako errealitateak plazaratzen dituen hedabidea. Beste batzuen artean, Euskal Telebista publikoaren papera behar luke, beraz, berdintasuna sustatzea; ez, noski, gai bezala landuz soilik, baita errealitate horren sorkuntzan genero ariketa egin eta kontatzekoak kritikaz jorratuz.

Oinarrizkotzat dugun printzipio horretatik erabat urrun dago, ordea, ETB. Lotsagarria da, oro har, indarkeria matxista jorratzean ematen dioten trataera (erasotzailea gutxitan da “gizonezko bat”, gehiagotan “gazte bat”, “edadetu bat”, “atzerritar bat”), eta zenbait perla ikus-entzun behar izaten ditugu noizbehinka. Adibidetzat, eman zuten sare sozialetan biral bihurtutako bideo baten berri, zeinetan kamera ezkutu baten bidez ikusten den nola mozkor papera egiten duen emakume bat laguntza eske dabilen kalean eta gerturatzen zaizkion gizonezko guztiek, fisikoki edo hitzez, sexualki eraso egiten dioten. Hara sorpresa, bideoaren amaieran, gizartearen patologia agerikoa azpimarratu ordez, telebistaren linea editorialarekin batago datorren kezka plazaratu zutenean: “zilegi al da kamera ezkutu bidez grabaketak egitea?”. Matximoa gai nagusi gisa lantzen dutenean hain lan eskasa egiten badute, agerikoa da gizartearen arlo edo gai guztietan estrukturalki dauden genero zapalkuntzak ikusarazteko interes/ahalmen/borondatea zein mailatakoa den.

Berdintasunaren ikuspegitik, bi gabezia nabarmen somatu dizkiogu, gutxienez, ETB-ri. Lehena, agenda settinga, albisteen ezarpen eta hierarkia, gizonezkoen interesen araberakoa dela beti. Bigarrena, informazio interesatu hori, gainera, kritika ikuspuntu batetik ez egitea. Errealitatea sortzerako orduan, bi ezaugarri horiek definitzen dute, beraz, ETB: hegemonikoa. Eta, azaldu beharrik ez badago ere, gure gizartean horrek zera esan nahi du: guztion intereserako sortu eta mantentzen dugun hedabideak gutxi batzuen interesak birsortzen eta indartzen dituela; ETB-k errealitate heteropatriarkal eta kapitalista sortzen duela, alegia; ETB zapalkuntzarako tresna baino ez dela.

 

*2015eko Emaraun aldizkarirako egindako kolaborazioa.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *