Garraio publikoa toki segurua al da?

Goizeko 8:25 dira Hernanin, Donostiara lanera biderako autobusean sartu berri naiz. Egunero ikusten dudan baina ezagutzen ez dudan jendearekin gurutzatzen ari naiz: eskola alemanera bere alabak eramaten dituen emakumea, Miramonen geratuko diren neskak, eskolara bakarrik doazen mutil eta neskak, etxeak garbitzera doazen emakumeak… Irakurtzen hasi naiz, baina autobusak balaztada zatar bat eman du eta berriro begiratu dut autobusa, emakumez betea dago, gizon gutxi ikusten dira ordu hauetan.

Garraio publikoa emakumez betea ikustea ez zait arrotza egiten, oso normala da autobusetan etxeak garbitzera doazen emakumeekin topatzea, baita beste lanpostuetara doazenekin ere. Gizonak, dirudienez, kotxez joaten dira lanera, edo bestela Hernaniko eta Aiete auzoko gizon gutxik egiten dute lan Donostiako erdialdean. Egunerokotasun horrek autobusa emakumeen toki bezala jartzen du nire bizitzako logikan, baina ez da beti horrela izaten.

Duela hilabete batzuk, Loiolako Erriberan hartu nuen autobusa etxera bidean. Egun horretan trastez betea nengoen, portatila, kamara, tripodea, bazkariko tupper zikina… eta autobusean ez zegoen ia tokirik. Ume eta nerabe gizonezkoez betea zetorren, dirudienez Anoetan errugby partida bat egon zen eta mutilak bakarrik joan omen ziren partida ikustera. Haien arduradunak ez ziren asko arduratzen mutilek egiten zutenaz eta umeen kezka bakarra haien harropuzkeriak ondo ikus eta entzunaraztea zen.

Bidaian aurrera, autobusa Astigarragara iritsi zen eta txikiteotik zetorren gizon kuadrilla bat sartu zen, une horretan nire ondoan eserleku bat libratu zen eta ni eta nire gauza guztiak bertan eseri ginen. Eseri baino lehen, kuadrila horretako gizon baten begirada zorrotza jasan behar izan nuen. Begirada horrek espazio horretatik atera nahi ninduen, bertan ezin nuela egon esaten zuen. Etxera iristeko minutu gutxi geratzen zitzaizkidan, eta egun horretan normalean nire espazio segurua izaten den autobusa jada desagertu zen.

Ez da lehen aldia autobusean deseroso egoten naizela, batzuetan nire eserlekuan lasai irakurtzen ari naizen bitartean nire ondoan gizonezko bat esertzen denean bere hankak ondo ireki behar ditu eroso egoteko. Berari ez zaio axola nire espazioa non dagoen, soilik bere potroak eroso joatea nahi du. Duela hilabete batzuk Bartzelonako metroan antzeko zerbait gertatu zitzaidan, bertara sartu, eseri eta nire ondoan gizon bat eseri zen bere hankak oso zabal irekiz bi eserlekuen tokia hartuz. Bere ondoan ume bat eseri zen, baina bere aitak zutik geratu behar izan zuen ez zegoelako tokirik. Berriro ere nire logika apurtu zen, garraio publikoa ez zen nire toki segurua eta egoera aldatzeko ez nintzen gai. Jende asko jarrera hauen aurka salaketak egiten hasi da egoera horien argazkiak sare sozialetan zabalduz #YourBallsAreNotThatBig #TusPelotasNoSonTanGrandes #takebackthemetro traolekin, baina une horretan ez nintzen hortara ausartu.

Datuek diote emakumeok garraio publikoa askoz gehiago erabiltzen dugula gizonezkoek baino, baina kasu batzuetan, gizonezkoek garraioa erabiltzen dutenean, bereganatu egiten dute espazio hori. Pentsatzen ari naizen bitartean, nire geltokira iritsi naiz eta egunero geltoki berean jaisten garen emakumeak altxatzen ari dira. Ez diet agur esango, ez ditudalako ezagutzen, baina badakit bidai hori eroso egiten dudala beraiek daudelako.

Amaia Garcia
Amaia Garcia

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *