“Gaitasunak ez dira indibidualak, komunitatean ematen diren ahalbideak baizik”

Zer da, zuretzako, sexua? Galdera horri erantzuten saiatzen dira Yes we fuck dokumentaleko protagonista gehienak. Feministaldiaren bigarren mahai inguruan, Antonio Centeno zuzendaria aritu zen, dokumentalak aztertutako gaien inguruan zenbait hausnarketa plazaratzen.

Beste behin agerian uzten du Centenok berdintasun politikoaren eta berdintasun errealaren arteko aldea: “aniztasun funtzionalaren inguruan lege asko daude Espainiako Estatuan, baina bakarra ere ez da bete. Ukatutako gorputza dugunok baztertuta eta alboratuta gaude etxeetan”, dio. Zuzendariaren aburuz, ez dago legeak betearazteko borondate politikorik, gizarte presiorik ez dagoelako. Jendeak ez du gertuko zerbait moduan ikusten aniztasun funtzionala, jende arraroari gertatzen zaion zerbait bezala.

Eta beste behin, pertsonalaren eta politikoaren arteko banaketarik eza aldarrikatzen du zuzendariak: “nik ez dut ezgaitasun terminoa erabiltzen, politikoki aritzen bainaiz. Arazoak pertsonalak eta indibidualak soilik ez direla ikusarazteko da beharrezkoa birformulatzea eta politizatzea: guztiok behar dugu besteengandik zerbait.

Gaitasunak ez dira zerbait indibiduala, baizik eta komunitatean ematen diren ahalbideak: horregatik politizatu behar da gorputza eta bere gaitasunak”. Dokumentalean agertzen den sexu langile batek ere argi du: “politika gure genitaletan sartu da, nola jardun behar dugun esateko”, eta horregatik bizi du sexua modu politikoan.

Izan ere horrek ahalbidetuko du aldaketa kulturala, Centenoren iritziz: kultura bat, zeina ez den hutsean entretenimendua, baizik eta politikoa ere baden.

“Kontua ez da aldarrikatzea guk (gorputz ez normatiboek) ere ahal dugula. Ahal dugula, zer? Inori balio ez dion sistema baten parte izatea? Norbere buruarekin eta gorputzarekin harreman kaskarra duen sistema baten parte izatea? Ez dugu hori nahi”.

Yes we fuck dokumentalak agerian uzten du hori: gorputza aldarrikatzen dute, plazererako. Zuzendariak azaltzen duenez, mundu osoari dagokio, eta aniztasun funtzionalean fokua jartzea ez da helburua, bidea baizik: “gizartearen osotasunarentzat gaizki funtzionatzen duten sexu praktikak bereziki agerian ikusten baitira arautik kanpo dauden gorputzengan”.

Eta pertsonala politikoa ere badela beste behin aldarrikatuz, iraultza gehienek topatzen duten traba bera aipatzen du Centenok: “arazoa ez da soilik borrokan egitea instituzioen aurka; arazoa da gizarte eredu honek sinesten duela gure gaitasunak bermatzeko beharrezkoa dela gure laurogei urteko amak etengabe zaindu gaitzala, eta hori aldatzen ez den bitartean, ez dago zer eginik. Gure bizitza propio eduki ahal izan gabe jarraituko dugu; eta era berean, emakume horiek ere jarraituko dute euren bizitza espazio propioa eduki ahal gabe”.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *