“Gaiari buelta ematea eta zaintzaren problematika denon arazoa dela ikusaraztea lortu dute”
Malen Aldalur 2019-03-13
Onintza Irureta, ‘Berdea da more berria’ liburuaren egilea. (Argazkia: Malen Aldalur)

Ez zen berehalakoan amaitu Bizkaiko erresidentzietako langileen greba. Zaintzaren problematika Bilboko kaleetara atera, lan gatazka borroka feministarekin uztartu eta greba feminista bati ekin zioten ehunka langilek. Orain, azken hamarkadetan Euskal Herrian egin den grebarik ospetsuenetakoaren protagonisten testigantzak jaso ditu Onintza Irureta Argiako kazetariak Berdea da more berria liburuan.

Nola sortu zen Bizkaiko erresidentzietako langileen grebaren inguruko liburu bat idaztearen ideia? 

Liburua elkarlanean ateratako proiektu bat izan da, Argia eta ELAko Manu Robles-Arangiz Institutuaren artean. Egia da, elkarlanean egindako proiektu bat izan arren, proposamena haiengandik iritsi zitzaigula Argiara. Bizkaiko erresidentzietako langileen grebaren inguruko liburu bat egin nahi zutela esan ziguten, eta ez zutela beraiek produzitu nahi. Baldintza gisara emakume batek idaztea jarri zuten eta nik egitea erabaki genuen. Gainera, azpimarratu nahi nuke ez dela beraiekin egiten dugun lehen elkarlana. Iaz, Urko Apaolazak idatzitako Zuloan. Bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena izeneko liburua atera genuen. 

Berdea da more berria jarri diozu izena liburuari. Deigarri da.

Aitortu behar dut titulua ez dela nik asmatutakoa. Gorka Bereziartuari bururatu zitzaion. Asko lagundu dit prozesu osoan eta gertutik jarraitu du liburuaren bilakaera. Goiz batean erredakziora iritsi eta esan zidan: “Onintza, badaukat zure libururako titulua”. Proposamena gustatu zitzaidan eta halaxe geratu da. Esan didate agian ausartegia izan daitekeela edo etorkizunera begira espektatiba batzuk sortu ditzakeela. Hala ere,  liburu bat bakarrik da, titulu erakargarri eta indartsu bat eduki nahi genuen, besterik ez.

20 elkarrizketek osatzen dute liburua eta 8 protagonista azaltzen dira. 

20 elkarrizketa egin nituen guztira. Azkenean, 1990. hamarkadatik honako historia jaso behar izan nuen, izan ere, arraro irudi dezakeen arren, grebaren arrazoietan ondo kokatzeko beharrezkoa da urteetan atzera egitea. Horregatik, 90. hamarkadan lanean ari zen jendearekin elkarrizketak egiten hasi nintzen, eta gaur egungoekin bukatu dut; 5.hitzarmena sinatu dute azken hauek. Dena den, horrez gain, espresuki egin ditut 8 elkarrizketa eta horiek hartzen dute protagonismoa liburuan.  Horietako gehienak emakume zailduak dira, zailduak esaten dudanean esan nahi dut borroka sindikalean eta borroka feminisitan eskarmentu handiko emakumeak direla, baina ez denak.

Ia 21 hilabete egin dituzte greban. Erraz esaten da baina…

Hasi zirenean ez zekiten zenbat iraungo zuen. Esaten zuten jakingo balute agian ez liratekeela honetan sartuko. Izan ere, ikaragarrizko beldurra ematen du 368 egun greban egongo zarela esateak, gainera, ez ziren denak jarraian izan eta ia bi urtera luzatu zen protesta. Bi oldarraldi jasan behar izan zituzten: patronalarekin bi aldiz eseri ziren negoziazio mahaian eta bigarrenean altxa egin ziren. Eskakizunak harrigarriak iruditu zitzaizkion patronalari, izan ere, aurreko hitzarmenarekin alderatuta eskakizunak zorrotzagoak ziren.

Liburuaren prozesuan gertutik ezagutu duzu greba. Zerk harritu zaitu gehien?

Galdera guztiak grebaren inguruan prestatu nituen, greba nola bizi izan zuten lantokian, etxean eta beste hainbat esparrutan, hori interesatzen zitzaidan. Beraiekin hitz egitera joatean konturatu nintzen grebaz hitz egiten zuten arren, bereziki lantokietako problematika zehatzen inguruan hitz egin nahi zutela. Izan ere, Bilboko kaleetako protestetan ehunka emakume zeuden, baina horiek gero euren etxean eta euren lantokietan bizi zuten gatazka. Oso egoera zailak bizi izan zituzten eta horiek kontatu nahi zituzten, hau da, grebak nola eragin zien beraien bizitzetako egunerokoan.  Dena den, harrigarriena zen ze tenplerekin kontatzen zuten ikustea. Egoera oso gogorrak narratzen egonagatik, goxotasunez eta alaitasunetik hitz egiten zuten. 

Irantzu Varelak liburuaren hitzaurrean aipatzen du greba feminista bat izan zela.

Bai. Erresidentzietako langileek beraiek esnatu behar izan zuten gizartea eta ez gizartea bakarrik, baita mugimendu feminista ere. Aurretik aipatu bezala oso profil ezberdinak egonagatik gehienak eskarmentu handikoak ziren, beste asko, aldiz, borrokak aurrera egin ahala konturatu ziren borroka feminista bat zela. Gainera, askok azaltzen zuten patronalak berak gogorarazten ziela hori. Ez zituzten langile bezala tratatzen, emakume gisara baizik. Esaten zieten beraienak soldata osagarriak zirela. Oso gogorra dirudien arren, oraindik XXI. mendean soldata osagarriez hitz egiten da.

Lan eskubideak aldarrikatzeaz gain, zerbitzuan hainbat hobekuntza ere eskatu zituzten. 

Bai, noski. Beraien lan baldintzak hobetzea nahi zuten baina jakinda, horrela, hobeto zainduko luketela. Izan ere, ez dute makinekin lan egiten, pertsonekin lan egiten dute. Emakume hauek gizarteko sektore zaurgarrienak zaintzen dituzte. Zaintza erdigunean jartzea planteatzen ari dira eta horretarako, langileak zaindu behar dira.

Erabiltzaileen familiek osatutako Babestu elkarteak ere babesa adierazi zien. 

Erresidentzietako langileak babesteko sortu zuten elkartea. Beraiek esaten zutena zen langileak ondo egotea nahi zutela euren senideak ondo egon zitezen. Baina ez da beti hala izan. Azken hamarkadetako langileekin hitz egin nuenean kontatu zidaten, garai askotan ez zutela sozializazio puntu hori lortu eta greba egiteagatik kriminalak eta krudelak zirela esaten zietela. Orain gaiari buelta ematea eta zaintzaren problematika denon arazoa dela ikusaraztea lortu dute. 

Sektore feminizatu asko daude borrokan: etxez etxeko langileak, Gipuzkoako erresidentzietako langileak… Eraginik eduki du Bizkaiko erresidentzietako langileen borrokak?

Ez naiz inor galdera hori erantzuteko. Hala ere, egin ditudan elkarrizketetan komentatzen zuten grebak indarra hartu zuenean sektoreko beste lagun batzuk inbidiaz begiratzen zietela, beraiek ere halako zerbait egin beharko luketela esanaz. Bestalde, egia da orain arte sindikatutako langilearen profila gizonezkoena zela eta hauek ikusten genituela kalean. Hor aldaketa ematen ari da, ELA sindikatuan, esaterako, %55a emakumeak dira eta hori nabari da. Gainera, emakume gehienak sektore feminizatuetan daude, beraz, hor gatazkarako nahi adina eremu daukagu. Nik ezin dut ziurtatu eragina izan duen ala ez, baina baietz uste dut. Aldaketa ematen ari da, lehen bazirudien gatazka soilik gizonezkoek zutela, orain emakumeok beste sektore asko hartu ditugu eta ahaldundu eta kalera atera gara. Zalantzarik gabe argazkia aldatu egin da.

Greba feministaren aldarrietako bat izan da zaintza erdigunean jartzea, eta erakundeei interpelatu zaie zuzenean. Eskaera antzekoa zen erresidentzietako langileen greban ere. 

Hauek salatzen zutena zen zaintza zerbitzua guztiz pribatizatua zegoela. Aldundiak hasieratik esan zuen gatazka ez zela beraien ardura eta langileek zerbitzuaren publikotasuna aldarrikatu nahi zuten behin eta berriz. Izan ere, erakunde publikoen ardura da zaintzari dagokion pisua eman eta erdigunean jartzea, eta hori ezin da lortu pribatizazioaren bidetik. Erresidentzietako langileek salatzen zutena zen erakunde publikoak izan zirela lehenak bizkarra ematen. 

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *