Festa dezagun gaurdanik geroa!
Hernaniko Bilgune Feminista 2018-06-21

Aurten ere, San Juan suek iragarriko dute gure herrietako jaiak iritsiko direla. Gogoa sentituko duzu, betebehar, estres, kontrol eta gehiegizko planifikaziotik aldenduta, aspaldiko lagunak, senideak, bizilagun maitatu edo ditxosozko horiekin batera kaleko giroaz gozatzeko. Baino aurten ere, zeure buruari galdetuko diozu zenbat erasoren aurrean erantzun beharko duzun; edo zenbat desfase eszena negargarri ikusiko dituzun, zenbat aldiz sentituko zaren lekuz kanpo eta zenbat aldiz zokoratuko zaituzten jai guneko bazterrera betiko koadrila horiek.

Festak politikoak dira. Eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira, errealitatearen adierazleak. Bizitzaren erdigunean daude, jendartearen balioak, nortasunak, ideologiak eta egiturak birsortzen dituztelako. Jaiek jendartean dauden gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak adierazten dituzte, oro har, hegemonikoak diren genero eredu eta heteroaraua indartuz.

Jai eredua herritarren parte-hartze mailarekin neur liteke. Parte-hartze integral eta erreal batek, jai, kontsumo, errentagarritasun eta aisialdi ereduaren inguruko errotiko birplanteamendua dakar, gaur egungo ereduan askok ez baitugu lekurik. Jaietan parte izateak hauxe esan nahi du: prozesua diseinatzeko erabakimena izatea, ekarpena egiteko besteek zein norberak bere buruari autoritatea ematea, komunitate baten parte sentitzeak eskaintzen duen autoestimua izatea, ikusgarri izatea bakoitzak aukeratzen duen moduan (eta ez inposatzen diren estereotipoen arabera), lan-banaketa parekoa izatea eta hainbat lan kolektibizatzea, askotariko espazioetan seguru egoteko eskubidea bermatzea eta gozatzeko aukera izatea. Eta noski, jaietan parte-hartzea ez da soilik plazan edo kalean ematen; bertan egon ahal izateko, etxe nahiz sukaldeetan egiten diren lanak ere funtsezkoak baitira.

Beraz, auzia ez da soilik gaur egungo eredua partxeatzea, adibidez, emakume batzuk ikusgarriago egitea. Parte-hartzea ez baita “gure jaietara” beste batzuk gonbidatzea, baizik eta jaien planteamendua bera elkarrekin negoziatzea eta berreraikitzea, gure kokalekua aztertzea, lekuz mugitzea, entzutea eta botere desorekak gutxitzeko baliabideak sortzea. Honek, ordea, aniztasuna modu konplexuago batean lantzea eskatzen du. Hau da, komunitatea osatzen dugun askotariko herritar eta taldeak festetako espazioetan subjektu aktibo izateko beharrezkoa da kudeaketa-prozesuei arreta jarri eta modu kontzientean gauzatzea. Aniztasuna, ez baita ezberdinen batura edo espazio mixtoak sortze hutsa, balio konpartitu batzuen gainean espazio (edo festa) komunak eraikitzea baizik.

Bestalde, guk argi daukagu emakumeon parte-hartzea mugatzen, baldintzatzen, zokoratzen edo normaltasunez kuestionatzen duten jaiak dauden bitartean, ezingo garela jai eredu parte-hartzaileez aritu. Zentzu honetan, gogora ekarri nahi ditugu, mutil-dantzari izena eta izana aldatu nahi dioten kideek, hogei urte beteko dituen Irungo alarde parekideak eta Hondarribiko Jaizkibeleko lagunek egindako lan guztia, adibidez: Zorionak eta eskerrik asko!

Beraz, emakumeok* ez dugu zati izan nahi, ez gara “beste horiek”; ez jaietan, ez inoiz. Horregatik, emakumeok jaietan ikuskizun eta dantzalekuen parte izan behar gara, baina ez espektakulu edo erakarpen turistiko gisara. Guretzako plazera bilatu nahi dugu, eta ez beti besteentzat plazer iturri izatea, patriarkatuak agindu moduan. Bagara nor erabakitzeko, nola, norekin eta noiz gozatu nahi dugun, etengabe epaituak edo erasotuak ez izateko eskubide osoz.

Herritarrok jaietan ikusle edo hartzaile hutsak izan beharrean, jaso besterik egiten ez dugunok, baliatu ditzagun lotura komunitarioak eta gure indar sortzailea bestelako ereduak eraikitzeko. Erreparatu diezaiogun bidearen nolakotasunari, autogestio zein auzolanaren logikan sakonduz, gaurko eredu patriarkalaren rol banaketa eta indarkerien erakusleiho izan beharrean, bilakatu ditzagun jaiak amesten dugun herriaren agertoki.

Norabide horretan, ate joka ditugun hainbat galdera erantzuteko prozesu kolektibo baten beharra mahaigaineratzen dugu: Zelako janari, edari eta drogak behar izaten ditugu ongi pasatzeko? Zeri erantzuten dio horrek, edo nondik dator kontsumitzen duguna? Zer da jaiak errentagarriak izatea? Nor falta da festa lekuetan eta zergatik? Nola eta norentzat erabakitzen dira egitarauak? Parte gara? Zer jartzen dugu balioan festetan? Gaueko giroaz gain, eguneko ekimen edo harremanak zaintzen al ditugu? Jaietan zeinek egiten ditu ezkutuko lanak? Nork dauka nahi bezala gozatzeko aukera? Zeini ematen zaio erasotzeko eskubidea? Espazio seguruak bermatzen ditugu guztiontzat?

Askotarikook elkarrekin nahi ditugun jaiak irudikatzeko eta hurrengo urratsak marrazteko, galdera berriak identifikatu eta kolektiboki erantzunak topatzeko prest al gaude?

 

Amaia Zufia Erdozain, Alazne Beltran  de Lubiano Riaño, Euskal Herriko Muguimendu Feministako kideak.

 

Hernaniko Bilgune Feminista
Hernaniko Bilgune Feminista

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *