“Feminismoaren esentzia da diskurtso hegemonikoei #kontra egin eta beste proposamen bat eraikitzea”
klitto! 2015-12-15

Donostiako Feministaldiak 10. edizioa du aurten.IMG_20151215_203627
Abenduaren 16tik 19ra bitartean egingo dute kultura feminista jaialdia, “Kontra” lemapean. Mahai inguruak, dokumentalak, performance-ak, festa… feminismoa eta kultura uztartuz, badago zer ikasi eta zer ikusi, datozten egunetan, Tabakaleran. Urtero legez, Plazandreok emakumeen plataforma politikoak antolatu du aurten ere, eta, gehiago jakiteko, Josebe Iturrioz koordinatzailearekin izan gara:

 

Aurten, feministaldiko lema “#kontra” da. Zergatik, kontra?

Urtero, feministaldiari, gai bat jarri zaio: eduki guztiak barne hartzen dituen aterki bat. Joan den urtean izan zen “Monster kultura”, eta aurten “kontra” da. Kultura hizpide izatea nahi genuen, eta aldi berean, azalean elkarren artean harremanik ez dutela diruditen gaiak jarri; esaterako, ekonomia eta aniztasun funtzionala. Guretzako, noski, gaiek harremana dute; feminista bazara hori ulertzen duzu, baina edozein proposamen feministaren ideia normalitatea edo konbentzioa desnaturalizatzea edo, beste era batera esanda, kontra egitea da. Mezu hegemonikoei kontra egitea. Orduan, iruditu zitzaigun bazegoela aterki bat diskurtso hegemonikoak zalantzan jartzen zituena. Euskara eta gaztelaniaren erabilera aldetik ere oso ondo dator hitza, bi hizkuntzetan ulertzen delako “kontra”. Feminismoaren esentzia islatzen du; ez era bortitz batean, ez dugu “kontra” hori guztiaren aurka bagindoaz bezala ikusarazterik nahi; feminismoan lanean hasten den edozein eragile edo pertsonek egin behar duen lehen gauza azaldu nahi genuen: diskurtso inperante edo hegemonikoei kontra egin, eta beste proposamen bat eraiki.

 

10. edizioa du aurten Feministaldiak. Ze ekarpen egiten dio Feministaldia bezalako jardunaldi batek oro har feminismoari berari?

Uste dut Feministaldia oso garrantzitsua dela Euskal Herri mailan. Hasiera batean, garrantzitsua izan zen ikuspuntu feminista batetik beste eduki batzuk plazaratzea. Egia da artearen inguruan badaudela, historikoki, eragile feministak, feminismoa eta artea uztartzen dituztenak. Baina, historikoki, artistak eta aktibistak bananduta egon gara, ez ditugu estrategiak partekatu. Hortaz, Feministaldia ez da artista batek edo komisario batek egiten duen proposamen bat, baizik eta talde politiko batek sortzen duen topagune bat, elkargune bat, non disziplina ezberdinetatik gatozen eragileak batuko garen. Aurten, adibidez, badauzkagu ekonomiari eta kartzelari buruzko mahai inguruak, performance-a edo proposamen artistiko ezberdinnak. Feministaldiak topagune bat sortzen du, non disziplina ezberdinak elkartzen diren; eta kultura jartzen dugu erdigunean, baina noski, kultura modu irekian ulertuta.

 

Nolako harrera egiten zaio Euskal Herrian Feministaldia bezalako jardunaldi bati? Lurralde ikuspuntutik, iruditzen zaizu badagoela testuinguru apropos bat Feministaldia hemen egiteko?

Alde batetik, Euskal Herri mailan feminismoa beti izan da oso feminismo indartsua. Esate baterako, orain Emakumeen Mundu Martxatik gatoz eta hor ikusi dugu, Europa mailan, indartsu dagoela Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Dena den nik uste dut badaudela estatu mailan ere beste gune batzuk historikoki horrelako ekintzak sortu dituztenak: argi dago, Madril, inperioaren kapitala den heinean eta baliabide pilo bat eskuratzen dituen heinean, egiten direla antzeko topaketa; baita Bartzelonan eta Sevillan ere. Hala ere, egia da Euskal Herrian feminismoaren aldeko grina handia izan dela beti, eta esango nuke azken urte hauetan indarberritu garela; Feministaldiaren ezaugarri hori badago gizartean. Azken finean, hori da helburua: feminismoa ez dago zertan egin beharrik politika militante, 70-80 hamarkadan dugun herentzia horrekin, oso modu itxian ulertua… baizik eta oso inportantea da Klitto! bezalako atariak edo Feministaldia bezalako topaguneak egotea.

 

Zer aipatuko zenuke feministaldiaren indargune bezala?

Indargune asko aipatuko nituzke, egia esan. Alde batetik, topagunea bera. Ez soilik interdisziplinalitatea, baizik eta elkartzeko leku bat sortzea. Gainera, toki horrek uztartzen ditu bai hausnarketa, bai analisi politikoa, artistikoa… baina baita plazera ere. Jendea Feministaldira ondo pasatzera etortzen da. Oso garrantzitsua da azpimarratzea talde politiko batek sortzen duela gune hau, hau da, behar hori betiko aktibista horiek detektatzen dutela. Amaitzeko, azpimarragarria da azken urte hauetan Feministaldiak euskararekiko hartu duen konpromisoa. Egia da beti saiatu garela, artista euskaldunak etorri direnean, euren aurkezpenak euskaraz egiten, baina horretaz gain, joan den urtean eta aurten, akzio positibo bezala, euskararen kudeaketarekin gabiltza. Aurten, esaterako, larunbatean, jende gehien egongo den egunean, euskarari presentzia handia emango diogu: bi mahai handi euskara hutsean izango dira, itzulpen zerbitzuarekin. Niretzako garrantzitsua da aizpatzea euskalgintzaren militantzian eta feminismoaren militantzian dabiltzanak.

 

Eta datozen edizioetara begira, zein dira Feministaldiaren erronkak?

Datozen urteei begira, maila mantentzea da erronka; ez bada igotzen, gutxienez, mantentzea. Feministaldiak laguntza ekonomiko pila bat eskatzen ditu: Donostiako udala, Emakunde, Foru Aldundia, orain kultur hiriburutza ere bai… azken finean, menpekotasun ekonomiko hori daukagu. Aurten eta joan den urtean, 2016 Donostia kultur hiriburutzako diru laguntza jasotzen dugu eta, horrek esan nahi du, 2017rako erronka izango dela nola berritu, nola mantendu maila, ekonomikoki hanka bat falta zaigunean. Gure helburua izango litzateke erakunde publikoek Feministaldiari toki bat emango diotela bermatzea eta gutaz ez ahaztea.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

1 Iruzkin

Leave a Reply to Berdintasuna » Blog Archive » Berdintasuna sarean (38. atala) Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *