Ez zen Carolengatik
Ana Iruretagoyena 2016-03-14

Nolako gogaikarria behar du izan pelikula bateko eszena batek, eserlekutik altxa eta zinema aretotik ateratzeko? Bada, zenbait pertsona hainbesterako gogaitu dituen eszena, ni berotzen hasteko balio duen hori bera dela konprobatu nuen lehengoan.

Aspaldian feminismoari lotutako filmak baino ikusteko paradarik ez dut izan zineman. Ez gai horrekin tematu naizelako eta gainontzekoekin intransigentea naizelako, ezpada azken boladan kartelerak errez xamar jarri didalako hautua. Carol izan da ikusi dudan azkena, eta aipamena egitea erabaki dut, ez soilik publiko orokorrari zuzendutakoa eta merkatu eskaeraren arabera ekoiztutakoa izanagatik ere pertsonaia lesbianak dituelako ardatz, baizik eta baita zinema aretoan zuzenean bizi izan nuen eszena sorrarazi zuelako ere.

Pelikulatik hasita, eta inolako spoilerrik egiteko asmorik gabe, azpimarratu nahi nuke gustura ikusi nuela, osorik. Printzipioz amodio erromantikoan oinarritutako istorio konbentzional baten erreprodukzio soila litzatekeenari buelta ematen dio filmak, zenbait zentzutan. Aipatu dut, amodio istorioa bi emakumek protagonizatzen dutela eta, bai, erromantikotasunaren mito erdeinagarrietan erortzen bada ere, barkagarriago suertatzen zait, aizu, salbatzailea Cate BlanchettĀ (Carol) denean, Richard Gere denean baino.

Filma ikustean berretsi diot neure buruari, beste behin, zenbat gustatzen zaizkidan emakume ahaldunduak. Hori baita, funtsean, Carol protagonistaren irudia: berrogeita hamargarren hamarkadan, Estatu Batuetan, senar dirudunarengatik dibortziatzea erabakitzen duen emakume -eta ama- zuria; konturatu baita, emakumeak gustatzen zaizkiola eta dudarik egiten ez baitu kotxea hartu eta bere senarrarengandik urrun bidaiatzen; konturatu baita, emakumeak gustatzen zaizkiola eta amatasun ahalguztidunaren gain, bere hautu sexuala lehenetsiko duela erabakitzen baitu. Emakume ahaldunduaren irudia da, berrogeita hamargarren hamarkadan, argi eta garbi egiten baitio proposamena beste emakume bati: joango ote den bere etxera aurrena, berarekin batera bidaian ondoren, biziko ote diren batera, azkenik. Berbalizatua guztia, alegia.

Bi emakumeren amodio-pasio istorioa kontatzen duen filmean, aipamen bat bai; aipamen ezari, hain juxtu. Bi orduko iraupenean, hitz baten elipsia: lesbiana.

Eta elipsiari eustearren, esango dut niretzako oso motz gelditu zirela sexu eszenak; edo sexu eszena, hobeto esanda. Bakarra baita, zeharo laburra eta batere pedagogiarik egiteko aukerarik ematen ez duena. Bada, plano bat, lau bular, elkarri zanpatuta, ikustea nahikoa izan zen aretoan zeuden zenbaitentzat, lizunkeriaren bekatu potentzialaz itota edo, aretotik irtetea erabaki zutela. Batzuon tentsio egoera asetzeko gosea baretzeko balio izan ez zuen eszenak gainezka egin zien beste zenbaiti. Eta ni, neure artean, eszena horren jarraipenari imaginazioaz eragiten, Blanchetten begiradak iltzatzen ninduela eta oheko protagonista bat neure buruarekin aldatu nuela konturatu nintzenerako, aretotik ihesi zihoazen guzti horien arrazoiak ulertu ezinik, buruan gauza bakar bat argi: ez da Carolengatik.

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *