Mini gona edo top estuak jantzi daitezke beti ere gauez bada eta arrari barruak nahasteko balio badu. Hori bai, jakitun izan minigona batek probokazioa dakarrela berarekin. Mini gona batek eraso egiten duela zuzen zuzenean subjektu (kasu horietan kasik objektu) maskulinoaren arrautzetara.

Gudu zelai bat sortzen da orduan kalean, tabernan, edo egon gauden lekuan. Gauez libratzen dira, normalean, halako batailak. Emeak eraso egiten dio arrari minigonarekin (edo probokaziora dei egin dezakeen bestelako edozein bestimentarekin); eta arrak (objektu bihurtutako subjektuak) lotsagabeki botako dio iraingarri bezain erasokor atzemango duen bala bi ezpainen artetik; “tori merezitakoa!”, pentsatuz. Okerrena da akaso, arretan arrenari irudituko zaiola gustura jaso duela emakumeak kalearen beste puntatik garrasika edo tabernan komeni baino gehiago hurreratuta belarrira bota dion laudorioa.

Beauvoirren bigarren sexua, hau da, bestea; alegia, objektua, beti egon da gizaki/gizon subjektuak azpiratua. Beraz, emakumearen janzkera/jarrera probokatzaileak beti du azken helburua gizonaren testikulua.

Janzkera eta jarrera probokatzaileak erasokorrak izan daitezke gizonarentzat. Dena den, haragi zatiak bistaratzea, haragi zati berberak ezkutatzea bezain zilegi da. Minigona bat ez da eskopeta bat, begirada bat arma izan badaiteke ere. Gizarteak bere iruditegitik ezabatu behar du emakumeak gizonari gustua egin behar etengabea. Ez gara zuentzat jazten, ez gara zuentzat pintatzen, ez gara zuentzat depilatzen, ez gara zuentzat.

Malen Aldalur
Malen Aldalur

Kazetaria ordu-libreetan. Alrebeskerietan finena; finean, alrebesena. Feminismoa ezagutzen, bizitzen eta gozatzen. Kaosean hezten eta ordena (des)ikasten. Berriketa asko, hizketa gutxi.

1 Iruzkin

  1. Esaten duzu emakumeok ez ditugula minigonak jazten gizonei probokatzeko, ezta horretarako depilatzen ere, besteak beste.
    Barkatu, baina barregura sartu zait hori irakurtzean. Benetan diozu hori? Nire uste apalean, minigonak eta top estu horiek
    munduan dauden erroparik deserosoenak dira. Gure gorputzaren mugimenduak mugatzen dituzte, hankak itxita esertzera
    behartzen gaituzte; top-ek aldiz, emakume gehienok gorputz-eredu estandarretik zein urruti gauden gogorarazten digute. Nik behintzat, niretzan jazten naizenean, ahalik eta erroparik erosoenak jartzen ditut. Besteen begiradak erakarri nahi ditudanean ordea, hor
    hasten dira buruhausteak. Minigona jarriko det, bai, baita makillatu ere, eta apuratuz gero, takoiak, nahiz eta
    mina ez aguantatu. Besazpiak, hankak, bigotea eta alu inguruak ere depilatuko ditut. Ligatuz gero, ai ama!, dena “itxuran” izan
    dezadan!
    Para lucir hay que sufrir dio esaerak, eta sufrikario hutsa dira niretzat minigona, makillajea, takoiak eta depilazioa.
    Baaaaina, probokatzea gustuko dugu guztiok, azken finean, hori da ligoteoaren funtsa, arreta deitzea, agian gustuko duzun norbait
    topatuko duzu eta.
    Nire ustez probokatzea ez da txarra, pertsonen oinarrizko ezaugarri bat da. Nik uste denoi gustatzen zaigula, gehiago edo gutxiago,
    probokatzea, ondokoaren arreta lortzea, gu gustoko gaituela jakitea. Niretzat hori ez da txarra.
    Txarra da probokazio joku horretan parte hartzeko prest zaudela erakusten duzunean (dela minigonarekin, dela takoiekin…), mutilengandik bereziki jasotzen dugun erantzun guztiz desegokia, objektu bihurtzen gaituen begirada hori, minigona ikustean gurekin edozer egin dezaketela “irakurtzea”. Hori da lekuz kanpo dagoena.

    Orain galdera zuzen bat. Zu zergatik depilatzen zara? ezidazu esan higieneagatik dela, edo azala xuabe izatea gustatzen zaizula…
    Depilatzen zara gure gizarteak hala inposatu digulako, hala gure “tribuan” onartuak garelako, depilatu gabe “arraro zikinen” taldean sartzen zaituztelako eta hori ez du inork nahi. Nigatik balitz ile guztiak airean izango nituzke aspalditik, baina gizarte honetan hori egitea olatuen kontra joatea bezala da. Zuk lortu baduzu, txalo bero bat zuretzat!!!

    Ez ditzagun argumentuak nahasi. Probokazioa ez da txarra, sexuen arteko jokoa da, nahi izanez gero guztiz sanoa izan daitekeena.
    Minigona, bai, besteentzat jazten dut, besteek ikus dezaten jolasteko gogoarekin nagoela; hori bai, berdinen arteko errespetuzko jolaserako!!!!!

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *