Gozoegi zihoazen aurrera aurtengo Iruñeako sanferminak. Batzuk agian usteko genuen, uztailaren 4an eraso sexisten aurka egindako manifestazioak bere fruituak eman eta erasotzaile potentzial orok bitan pentsatu zuela inpunitate osoz eraso sexista edo sexualak egiteko grina atera aurretik.

Festa amaitze aldera ordea iritsi zaigu berri txarra. Zahar-berria tamalez sanferminei dagokionez, izan ere, nahi baino ohikoagoak zaizkigu bortxaketa, sexu eraso eta bestelako salaketak festa hauen inguruan.

Sarri esan ohi dugu, muturreko erasoak ez direla izebergaren punta besterik, eraso txikiez osatua dagoela heteropatriarkatuaren eraso-sarea, jardun-espazioa, inpunitatez beteriko jolasa.

Izan ere, halako eraso larri batek gogoratzen digu, hori bera babestu eta posible egiten duen beste mila eraso, egoera, konplizitate, inpunitate eta abar daudela, eta esango nuke, horiek berak identifikatuko ditugula amorru handiagoz gauarekin bat.

Kontua da bestalde, zorionez gero eta errefusa handiagoz eta ozenago diogula ezetz, nazkatuta gaudela, denon arazoa dela, eta ez ditugula halakoak inondik inora onartuko. Eta nago, arazoak hor dirauela, gaua eta kalea oraindik gureak ez direla gogorarazi nahi digutela halako erasoek, halako amenazuek, baina aldi berean, jokoa amaituarazteko posizioa hartua dugula.

Hain zuzen, gaur bihar bezalaxe, jakingo dugu erraza dela bortxaketen aurka egotea eta aldi berean gainontzeko jarrera eta eraso sexisten aurrean itsu bizitzea. Eta horregatik beragatik, gaur bihar bezalaxe, gogoratuko dugu, eraso larriak izebergaren punta direla. Eta hala, badakigula punta ikusaraztearekin izebergaren loditasuna une batez ere agerian geratzen dela, eta behin maskara kenduta, horri egingo diogula gerra, loditasunari, egunerokoari, kupida gabe, ea behingoz punta ezabatu eta izeberga hondoratzen dugun.

Kattalin Miner
Kattalin Miner

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *