“Ez dago gure ustean, feminista izan beharko ez lukeen eraldaketa metodorik”
klitto! 2015-10-26

Feminismoa sortu eta hedatzea helburu, emakume lesbiana, transexual eta feministen topagune da OihuK gunea. Bost solairuko pabiloi okupatua, Bilboko Errekalde auzoan, gizarte kapitalista eta patriarkalean oasi, gune feminista segurua da hau. Epaileak hutsarazte agindua eman du, ordea, eta fiskaltza ere horren alde dago. Espazio feminista autogestionatu honen inguruan gehiago jakiteko, elkarrizketa egin diegu bertako zenbait kideri.

 

-Nola definituko zenukete oihuK gunea?
OihuK emakume, trans eta bollerentzat okupatutako espazioa da, Errekalde auzoan dago (Bilbo) eta uztailetik dihardugu bertan lanean. Gizartearen eta mugimendu sozial askoren izaera patriarkaletik at geratzen den ziurtasun espazioa dugu OihuK. Bertan jatorri oso ezberdinetako pertsonak batu gara eta autogestioaren eta elkarlanaren bitartez gure buruak lantzeko, indartzeko eta ahalduntzeko tresneria garatzen gabiltza.

-Okupazio gune batek, aske behar luke bere baitan, printzipioz. Zergatik, feminista?
Guretzat honako hau berebiziko ezaugarria da: iraultza, feminista izango da edo ez da izango. Ez dugu beste formatu batean sinisten. Asko, gure aurretiko esperientziaz eta gertakizunez baliatzen gara hau berresteko. Ez dago gure ustean, feminista izan beharko ez lukeen eraldaketa metodorik.

-Zergatik behar du Euskal Herriak halako okupazio gune bat?
Lehenago esan dugun bezala, askok aurretik badugu esperientzia, asanblada edo espazio mixtoetan ibilitakoak gara. Egoera edota leku hauetan, ez beti, baina askotan, feminismoak ez du izan inongo ordezkapenik, ezta gutxiago ere; patriarkatuaren kutsu edo kontaminazio maila altuak sumatu izan ditugu, deserosotasuna edota kalean izan ditugun arazo estruktural berberak. Gure militantzia esparruetan hau ezin dugu onartu. Beste alde batetik, Euskal Herrian ez da horrelako beste espaziorik existitzen eta behar horren sentimendua aspaldiko gauza izan da. Azpimarratzekoa da OihuK-k izan duen harrera eta, denbora aurrera joan ahala, gero eta jende gehiago hurbiltzen ari dela.

-Epaileak erabaki du iritsi zaizuela okupazioa uzteko garaia. Zein da zuen plana?
Epailearen erabakia hori izan bada ere, guk argi daukagu guretzat OihuK gure etxea dela eta hori defendatzeko prest gaude. Desalojoari aurre egiteko energia eta denbora eskaintzen ari bagara ere, beste hainbat ekintza antolatzen ari gara modu berean. Adibidez, pasa den igandean bazkaria, performance-a eta kontzertuak izan genituen. Eta erresistentzian jarraitzea da gure asmoa, noski!

-Nolako harrera uste duzue izan duela horrelako okupazio batek gizartearen baitan?
Denetarik dagoela uste dugu, edozein beste okupazio edo gaztetxerekin gertatzen den bezala. Guretzat garrantzitsua da plazaratzea feminismoaren eta okupazioaren arteko interkonexio polita eta aberasgarria. Mundua ulertzeko dugun moduan ez da jabetza pribatua kabitzen eta ez dugu sexismoa onartzen, beraz eragiketa koherentea besterik ez da izan.

-Uste duzue gizartearen babesa izango duela OhiuK guneak, bertan mantendu dadin? 
Gizartearen babesa kontzeptu apur bat arriskutsua da. Gure gizarteak edo gure modu berberean  gizartea ulertzen dutenek, babesa erakutsiko digutela ziur gaude. OihuK proiektu bezala bertan mantenduko da, hustutze agindua egon ala ez. Hala ere, gizartearen indarrean sinisten dugu eta berebizikoa dela uste dugu benetako aldaketa sozial bat eman dadin.

 

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *