Ez da lehenengo aldia
Euskal Herriko Neska Gazteak 2018-06-07

Ez da lehenengo aldia. Ez da lehenengo aldia neska* gazteok gure artean saretzeko, antolatzeko, tresnak sortzeko… beharra sentitzen duguna. Gaur egun, feminismoa “modan” dagoen honetan, kapitalismoaren ikur diren inditex dendetan lelo feministak daramatzaten kamisetak saltzen dituzte, “txapa” edo ikur feministak edonon aurkitzen ditugu… Gure borroka kontsumogai bihurtzen ikusten dugu. Baina Euskal Herriko neska* gazteok argi dugu, berdintasunaren lelo faltsuen atzean mozorrotu eta gure bizitza prekarizatu eta eredu neoliberala babestu eta sakontzen laguntzen duen feminismo hori ez da gure erreferente, ez eredu ere, eta herrietan, auzoetan, ikastetxeetan, unibertsitatean, lanean… antolatzen jarraituko dugu sistema kapitalista heteropatriarkalari hortzak erakusten, GAZTE eta FEMINISTAgarelako.

Gazteak gara.Gaztetasuna errebeldia da. Gaztetasuna erritmo bizia da. Gaztetasuna kritika da, borrokarako grina. Baina, gaztetasuna prekarietatearen aurpegirik gordinena ere bada.

Feminismoa gure espazioa da, mugimendu feminista gure sarea, eta ez dugu kalera ateratzeko beldurrik. Martxoaren 8ko greba feministan erakutsi genuen sistema hau aldatzeko prest gaudela, San Ferminetako epaiaren aurrean ozen aldarrikatu genuen ez dugula justizia heteropatriarkar honetan sinisten, gutako bat erasotzen duten bakoitzean amorru biziz erantzuten dugu eta egunero jarraituko dugu aldarrikatzen kaleak eta jaiak ere gureak direla.

Mugimendu feministaren zein gazte mugimenduaren parte gara, baina gure espazio propioa aldarrikatzeko beharra ere sentitzen dugu maiz. Izan ere, feminismoan, mugimendu guztietan bezala, badaude pribilegioak eta badaude periferiak. Badaude periferiak adinari, jatorriari, lurraldetasunari, gorputzei… dagokienez. Eta feminismoak inork baino hobeto erakutsi digun bezala garrantzitsua da (ezinbestekoa ere esango genuke) bidea elkarrekin egitea; baina, nola ez, bidean hausnartzeko espazio propioak behar ditugula.

Norabidea argi dugu, dugun espazio bereizietan hausnartu eta eragin behar dugu, espazio horiek saretuz, josiz, elkar elikatuz… Horrela lortuko baitugu espazio konpartituetan eragitea, elkarrekin bidea egitea. Ondo aski baitakigu generoak ez zituela gure menderakuntzaren ertz guztiak barnebiltzen, eta ondo aski dakigulako eta horrela sentitzen dugulako dugu beharrezkoa herri honen eraikuntzan eta sistema kapitalistaren aurka antolatzea. Espazio horietarako feminismoa izan behar da gure arma: Gazte prekarioen asanbladetakoa, etxebizitza borrokak gureak egin behar ditugu edota jai eredu parekidea aldarrikatzera ere atera behar gara.

Gioconda Bellik dio “Las mujeres jóvenes tienen una posición muy destacada en la rebelión” eta gu ardura hori gure gain hartzeko prest gaude. Herri mugimenduan eta herri honen eraikuntzan beharrezkoak garelako, feminismoa dugulako motore eta gaztetasuna erregai.Ez da lehenengo aldia saretzeko beharra sentitu duguna, ez, ezta azkenengoa izango ere. Neska* gazteok Kukutzan erein genuelako hazia, Hernanin, kuleroak burura eraman eta mundura salto egin genuen eta Ekainaren 16an Arbizun bide honi batera ekingo diogula erakutsiko dugu!

Neska* gazteok batera ekingo diogu!

 

Izaro Arbe, Maddi Isasi eta Amaia Lasaga

Euskal Herriko Neska Gazteak
Euskal Herriko Neska Gazteak

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *