Ez da gauza hutsala munduko hiru emazteetatik batek erasoak jasatea; ez da gauza hutsala bortxaketa egozten zaien bost gizonen epaiketa gertatzea azken egunotan; ez da gauza hutsala astebururo amak, “ez zaitez bakarrik sartu etxera” erratea alabari; ez da gauza hutsala amaren errana gogoan, gauez karrikan beldurra sentitzea; ez da gauza hutsala aurten zazpi euskal herritar hil izana; ez da gauza hutsala “bortxatua bazira, gero, ez zaitez harritu…” entzutea; ez da gauza hutsala aurten, azaroaren 3tik aitzina, urte bukaerara arte, emazteek boluntario gisa lan egitea; ez da gauza hutsala azaroaren 25a ospatu behar izatea. Ez da gauza hutsala ez, hau guzia jasaten dugun bortizkeria da.

Hamarkada gehiegi ondoren oraindik ere, gure agendetan presente den eguna dugu biharko eguna. Sistema patriarkalak eragiten dituen bortizkeriak une oro jasaten ditugu, eta hameka bisaia ditu gainera. Bortizkeriaz mintzo girenean, emazteak gutiesteko erraten, egiten, pentsatzen diren hitz, keinu eta ideia guziak gogoratzen ditugu.

Gure herriko bestetako taberna gibeletan agertzen diren paneletan « bular bat erakuts, trago bat dohainik » irakurtzeak, edo burua itzuli eta guri so, gizonezko baten begirada tematsuaz ohartzeak, besta eta gauak gureak ere diren dudatzera eramaten gaitu. Ustezko zuen hitz goxoen ondotik zuen eskua gure ipurdian sentitzea, eta gure bakar batzuen protestei, zuek, histeriko deitzea, edota « feminista zira ala? » erantzutea, ez da gauza hutsala, bortizkeria da.

Hau guzia ez al da aski berdintasunean bizi girela pentsatzeari eta (« bozka eskubidea aspaldi lortu zenuten ») argiki adierazteari utzi diezaiogun ?

Arazo bat dagoela ohartzeko, orain arte bertze nehork begiratu (nahi izan) ez duen tokira behatzeko gogoa izan behar da. Itsu izateari utzi, eta begiak handi idekiz, hurbilagotik behatzen hasten gira orduan. Laster, gertutasun hau, uste baino hurbilagoa dela ohartzen gira: gure ahizpa, arreba, laguna, ama, alaba, guhaur ez girenean…

Hori guzia ez da ez gauza hutsala, egunerokotasunean ate joka duguna baizik ez da. Eta horregatik, guk, ozen diogu sinisten zaitugula. Sinisten zaitugu eskua ipurdira hurbildu zizula bart gauean. Eta sinisten zaitugu goiz honetan lankidearen ustezko umoreari, irriño batekin erantzutea behartu duzula zure burua. Sinisten zaitugu aste honetan karriketan barna txistukatu zaituztela. Sinisten zaitugu atzoko bilkuran hitza moztu dizula, eta gauza bera errateagatik, bera, txalotu egin dutela. Sinisten zaitugu bortxaketa pairatu ondotik, hankak behar bezala hetsi zenituen galdetu dizutela, eta sinisten dugu ere bai engainatu egin zintuztela. Guk, sinisten zaituztegu.

Hori guzia ez da ez gauza hutsala, bizkar gainean daramaguna baizik ez da. Eta horregatik, sinisteaz gain, honi buru egiteko prest egonen gira, honi kolektiboki erantzuteko prest. Umorerik ez dudala erranen didazularik, ez dugu umorea dudan edo ez eztabaidatuko, baizik eta zurea onargarria den edo ez. Eguberriz jostailu dendetan, panpina baten parean izanen girelarik, ez dugu neskentzako edo mutikoentzako den eztabaidatuko, baizik eta oztopoa zein den pentsatuko. Anitz maite nauzulako zaintzen nauzula erranen didazularik, ez dugu anitz edo guti maite nauzun eztabaidatuko, baizik eta ongi maite nauzun. Karrikara horrela jantzita aterako naizen eskatuko didazularik, ez dugu egokia den edo ez eztabaidatuko, nihaurek erabakiko dut. Gauez bakarrik ez sartzeko erranen didazularik, ez dugu bakarrik itzultzeko aski ausarta naizen eztabaidatuko, baizik eta zergatik ez naizen horretarako aske sentitzen. Neska naizenez irri egitea eskatuko didazularik, ez dugu histerikoa naizen edo ez eztabaidatuko, egia erran, ez dugu batere eztabaidatuko.

Guk ere badakigu gure mugekin jostatzen, eta horregatik has gaitezen behingotz, hitzak jartzen izendatzen ez den horri, eta gu gerone kontzientizatzen. Hameka aurpegi dituen bortizkeria honi, aho batez erantzun diezaiogun, gure buruak autodefentsa feministaren bidez ahaldunduz. Aho batez baina hortzak erakutsiz. Nork geldituko al gaitu gero? Idek ditzagun begiak eta begiratzen egotetik, parean duguna ikusten has gaitezen.

Aitzinako talde feminista
Aitzinako talde feminista

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *