Euskal Herriko Bilgune Feministaren 15.urteurrena
Euskal herriko bilgune feminista 2016-12-19

Borrokatu zutelako izan gara eta borrokan dihardugulako izango dira. Gure genealogia feministen aitortzatik sortu eta egin gara feminismoan.

2002. urteko apiriletik jada hamabost urte iragan dira gure aurrekariei testigua hartu eta bide berriak urratu genituenetik. Euskal Herri feminista bat eraikitzeko nahi eta anbizio politiko izugarriz ekin genion bideari. Bilgune Feministaren sorrerak, Euskal Herrirako proiektu politiko nazional berri bat osatzeko beharrari erantzun zion. Egiteko era berriak, sareak josteko era berritzaileak izan ditugu helduleku nagusi. Betiere, sistema patriarkalaren atzaparrak agerian jartzea eta berdintasun politika, diskurtso eta praktika faltsuei aurre egitea izan dira jardunbide nagusiak. Baita, emakumeon bizi baldintzak hobetzea eta pertsonen arteko harreman eredu berriak sortzea ere. Iparra argi dugu: Euskal Herria feminista, Euskal Herriaren burujabetza feminista, alegia.

15 urte horietan, 2002an definitu genuen plan estrategikoa ardatz izanda egin dugu bidea. Baina bide hori etengabeko aldaketek gurutzatu dute: Euskal Herriaren egoera sozial, politiko eta ekonomikoak; feminismoen bilakaera eta eguneraketak; patriarkatuaren formak; euskal feminismoan edo feminista gisa jarduteko moduak; bizitza ereduak; militantzia ereduak; Bilgune Feministako militantzia eta egiteko erak etab. Hortaz, etengabeko eguneraketa eta egokitzapena behar izan du Bilgune Feministaren jardunak eta zehazki, estrategia politikoaren  eta jardun feministaren eguneraketak.

Horretarako, oinarri nagusi: konpromiso politikoa eta aliantzak izan ditugu. Euskal Herriaren burujabetza feminista erdiesteko anbizio politikoz jaio ginen eta egun ere apustu hori dugu. Horretarako, indar feminista artikulatzen, ehuntzen, zaintzen jarraituko dugu; finean, kolektiboki borrokatzen.

15 urte, ametsak egi bihurtzen. Feminismoak egiten gaitu herri.

Abagune hau probestu nahi dugu ospatzeko, baina,  baita Euskal Herriko Bilgune Feministaren baitan ditugu erronkak mahai gaineratu eta bide horretan gure konpromisoa berresteko ere. VI. Topaketa Feministetan, Ondarroan, trantsizio feministaren oinarriak adostu genituen eta horrez gain, aurrera begira, hiru erronka nagusi identifikatu genituen: Euskal Herriaren burujabetza feministaren inguruko eztabaida soziala sustatzea; ongi bizitzearen kontzeptualizazioan eta praktikan sakontzea, pobrezia eta prekarietate neurriei aurre egiteko ekinbideak bazter utzi gabe; eta burujabetza feminista erdiesteko lidergo feminista indartsu bat ehuntzea.

Horretan dihardugu, eta 15.urteurrenaren lanketa horri lotua dago. 2017. urtean ditugun eztabaiden dibertsifikazioa egingo genuke, horren barnean Emakume Abertzaleon VII. Topaketa Feministak inflexio puntu gisa kokatzen ditugularik, bertan, boteretze feministaren gaia izango dugu ardatz nagusi. Jarraian dituzue aurreikusi ditugun ekimenak:

LIBRE EZIN, ASKE GARA! Espetxe martxa feminista! Otsailak 11
SOZIO-EKONOMIA MINTEGIA. Martxoak 25
VII.TOPAKETA FEMINISTAK. Maiatzak 6
ERAKUNDETZE FEMINISTAREN INGURUKO MINTEGIA. Ekainak 3

Bide luzea egin dugu, eta aurrera begira, indartsu gaude, amaraun feminista zabaltzen doa,  ilargia dugu indar-iturri eta bidelagun eta burujabetza feminista lortzeko, boteretze feminista dugu erronka.

Euskal herriko bilgune feminista
Euskal herriko bilgune feminista

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *