…etorkizuneko bake feministaren bidean (II)

Militantzia-ereduaz eta horren iruditeria tradizionalaz jarduten jarraitzeko beharrezkoa zen protagonistak ere ekartzea erdigunera, eta horrelaxe, Euskal Herriko Gatazkaren irakurketei buruzko ikastaroan, bigarren egunean goiz osoa hartu zuten ezker abertzaleko militanteen eta militante feministen ahotsek.

Zer egiten du zu bezalako emakume batek horrelako mugimendu batean?

Lehenengo saioan hiru andre bildu ziren mahaira: Arantxa Arruti, Olatz Dañobeitia eta Amaia Zufia. Hiruak ere garai diferentetan jardundakoak, emakumeen intzidentzia politikoaz hitz egin zezaten xaxatu zituen Arantza Santesteban dinamizatzaileak. Azpimarratzekoa da hizlarien zintzotasuna eta zuzentasuna, eskertzekoa nola hitz egin zuten tripetatik, ez baita hain sarri gertatzen. Gainera, Santestebanek nabarmendu zuenez, berarentzat hunkigarria zen unea, egitura mistoetan ibili diren andreak nekez batu izan direlako, propio, beren problematikez hitz egiteko.

Juxtu horri buruz galdetu zien, mamira sartuta. Eraldaketa helburu duten mugimendu politikoei buruz pentsatzen da bere burua zalantzan jarriko dutela eta ez dituztela dinamika eta hierarkia zapaltzaileak erreproduzituko. Sekula ez da horrela izaten ordea: mugimenduaren antolamendu patriarkalari aurre egiteko zer-nolako estrategia eta tresnak baliatu izan dituzte mahaikideek? Dañobeitiak adierazi zuen desideologizazio feministaren alaba izana zela bera. Bakoitzak bere baldintzen arabera irauten, eragiten eta iraultzen du dabilen mugimendua eta, bere kasuan, espetxean aldaketa handia bizi izan zuen. Aurreko eguneko saioan aipatu ziren kontuetan bete-betean sartuta zegoen (esparru publikoa eta pribatua, beldurrik gabeko gudariaren figura); espetxea, baina, emantzipaziorako gune bilakatu zitzaion. Hantxe emakume asko ezagutu zituen eta bizipenak partekatu zituzten. Horrez gain, han ikusi zuen denok ditugula beldurrak, eta konturatu zen talka handia zegoela kanpotik ezartzen den eta ondoren barruan bizi den irudiaren artean.

Arrutiri ideologiak (ez fedeak) askorako balio izan zion, eta berarentzat ere kartzela izan zen emakume feministen lehen ezaupidea egiteko tokia. Handik aterata Aizanen sartu zen, eta talde hori oso garrantzitsua izan zen berarentzat: disolbatzera behartu zituzten arren, han topatutako kideek babesa eman zioten elkarri luzaroan; lagunak ez ezik, arazo sexualez eta bestelakoez jarduteko solaskide aproposak ere izan ziren. Garbi zeukaten feminismoa estrategikoa zela, baina zaila zen hura mugimenduko beste kideei helaraztea: ez zuten ulertzen. Aizanen ostean Egizanek hartu zuen ezker abertzaleko emakume-taldearen lekukoa. Edonola den, Arrutiren arabera, desideologizazio feministaren adierazle argi bat izan zen hura.

89an jaiotakoa izaki, Zufiaren kronologia suertatu zitzaidan ezagunen. Mugimenduan irauteko estrategiak aipatu zituen: hasiera batean, oso gazte militatzen hastean, egokitzea izan zen gakoa, ontzat jotzen zen hura antzeztea. Azken urteotan, ostera, dexente aldatu dira gauzak. Babes-sarea handitu da gazte mugimenduak norabidea aldatu zuenez geroztik (orain 3-4 urteko prozesua). Zufiak galdera ikur gisa oroitzen du bolada hura: galderak egiteko garaia (nola daukagu antolatuta etxea, nola ulertzen dugu eraldatu nahi dugun mundu hori), sakon hausnartzekoa, eta oso oparoa. Boterea antzeztetik ahalduntze pertsonal eta kolektibora eman zuen pausoa. Bide horretan giltzarria izan zen soilik emakumez osatutako lan-talde batean jardutea, eta Leitzako Emakume Abertzaleen Topaketetara joatea: hantxe batutakoekin berehala identifikatu zen, bere kezka eta arazoei buruz hitz egiten zuen jendea aurkitu zuen.

Orain arteko bideari agur esan eta etorkizunera begira ipini ziren gero: zer eragin eta ahalmen daukagu emakumeok hemendik aurrera eragiteko, eta zer oztopori egin behar diogu aurre?

Lehenago aipatutakoaren ildotik, Zufiak esan zuen azkenean lortu dela feminismoa gazte mugimenduaren helburu estrategiko bihurtzea, emakumeek egindako presioaren ondorioz, eta horrek izango duela eraginik. Edonola ere, izenari izana emateko prozesuan daude oraindik, eta gogoeta asko egitea falta da. Arriskuak egon badaude: 1) egia feministak zuritu beharra andreei dagokie beti, eta aurrez ondo prestatu ez badira, kalte egin diezaieke; gizonengandik, aldiz: desatxikimendua; 2) Ernai erreferente feminista bihurtzen bada emakume askok ez dute beharrik sentituko mugimendu feministarekin eta soilik emakumez osatutako guneekin harremanak eraikitzeko; 3) gizonek pentsamolde feminista barneratzen dute baina soilik diskurtsoaren mailan, blindatu egiten dira (ez dituzu inondik harrapatuko), baina ez dute errora jotzen, ez dituzte beren burua eta pribilegioak zalantzan jartzen.

Dañobeitiaren iritziz, abiapuntuan bertan gaude. Gatazka politiko-armatuaren dinamikak pisu handia izan du: kultura politiko oso patriarkalean murgilduta bizi izan gara, diziplina-dinamika zorrotzetan. Emakumeek orain arte gutxi hitz egin dute beraien artean, baina presentzia bera eragiteko modu bat izan da. Zirrikituak zabaltzen ari diren honetan, bidea hasita bai, baina oraindik egiteko dago.

Azken puntu gisa, hiru mahaikideak bat etorri ziren: militatu duten andreen errelatoa eraiki behar da. Zufia: nor garen jakiteko, beharrezkoa da nor izan garen jakitea, eta ezinbestekoa, era berean nor izan nahi dugun zehaztea. Dañobeitia: geure buruei kontatu behar diegu, geure burua ulertzeko, feministak biderkatzeko modua izan daitekeelako, eta baita borrokak uztartzekoa ere: gatazka politikoaren konponbidean lagundu dezake feminismoak. Arruti: feminismoa Euskal Herriko borrokaren barruan kokatu behar da, estrategiaren erdian, eta horretarako, esplikatu egin behar da.

Gizona bere bakardadean pitzatuta

Maskulinitateari buruzko mahai-ingurua etorri zen hurrena, Oier Gonzalez, Iker Moreno eta Oier Zuñiga militanteekin, Oier Azkarraga gidari. Azpimarratzekoa hemen ere hizlarien zintzotasuna eta tripetatik hitz egitea, eta zoriontzekoa antolatzaileen hautaketa-irizpideak: maskulinitate hegemonikoari kritika egiten dioten hiru profil aukeratu zituzten, horraino heldu arte, ordea, bide diferenteak egin dituztenak. Oier Gonzalezek, adibidez, aurreko egunean aipatutako gudari nekaezinaren figura bete zuen, inertziaz, bere militantziaren lehen puskan, eta bidean sortutako kontraesanen eta irekitako pitzaduren ondorioz ekin zion gorpuzten ari zen maskulinitate hegemoniko hori zalantzan jartzeari. Moreno eta Zuñigaren ibilbideak antzekoagoak dira, biak abiatu baitziren maskulinitate ez-hegemoniko batetik, gudariaren iruditegi tradizionalarekin zeharo bat ez zetozen afizioekin: antzerkia, dantza…

Azken batean, jabetze-prozesu baten berri eman zuten hiruek, eraikuntza baten eta botere-harreman batzuen kontzientzia-hartzea. Tartean hainbat mugarri, horietako bat, argiki, atxiloketa eta espetxealdia: ezberdin eragin zien, baina, kasu guztietan, genero-estereotipoa eta maskulinitatearen eraikuntza inoiz baino agerikoago agertu zitzaien, eta ez ziren horrekin eroso aurkitu. Negarrik egiten ez duen gudariaren irudia, Itziarren semea eta horrekin ez konplitzearen ondoriozko gizontasun zalantzagarria zeure aurka erabiliko dituzte atxiloaldian. Kartzela, gero, oihana da, eta oilarretan oilarrena nagusi. Horren harira, hainbat xehetasun interesgarri aipatu zituzten hizlariek: 1) patioan maskulinitatearen goreste izugarri bat erakusten da, eta estetikak ere sekulako indarra hartzen du (depilazio derrigorra eta giharraren sublimazioa); 2) ingurune guztiz homofoboa izanagatik, egon badaude harreman homoerotikoak, bai jarrera afektiboetan bai gero harreman gauzatu bezala; hala ere, ezkutuan egiten dira, behar fisikoaren aitzakia baliatuta, edo, sarri, menderakuntzaren ikuspegitik planteatuz, desirarenetik beharrean; 3) presoen kolektiboak babes handia eskaintzen du, eta horri esker bizitza askoz eramangarriagoa eta hobea da kartzela barruan; hala ere, kontrolerako eremua ere bada, hierarkiak daude eta preso zaharragoek jarrera paternalista izan dezakete gazteekiko; 4) irainak femeninoan egiten dira, beste pertsona garaitzeko eta umiliatzeko oro femeninoan, baita maricona ere.

Jabetze-prozesuko beste mugarri bat, denboran hedatzen dena, nahi bada: inguruan izan dituzten emakume feministekin hitz egitea. Gonzalezek amarekin eta inguruko andreekin izandako elkarrizketak aipatu zituen, eta Zuñigak militantzia-kide izan zituen emakumeak, horiekin aurkitu baitzuen mugimenduan gustura sentitzeko leku bat.

Etorkizunera begira, Zuñigak adierazi zuen funtsezkoa dela militantzia-ereduak kolokan jartzea (egiturak, super-erakundeak); militatzeko modu anitzak eta ardurak hartzeko beste hainbeste manera daudela jabetu ezean ez dela ezer aldatuko. Morenok ere aniztasuna aipatu zuen, lider izateko modu asko daudela eta orain artekoak ez bezalako lider-motak behar ditugula nabarmendu zuen. Horrez gain, proposatu zuen, gizonekiko aliantza eraikitzeko orduan, pribilegioen galera mahaigaineratu beharko litzatekeela beste zerbait irabazteko modu bezala. Gonzalezek, ixteko, gizon guztiek beren gain har ditzaketen erantzukizunei heldu zien: batetik, arriskutsutzat jo zuen egon badagoen joera bat, gizonek sarri esaten baitute patriarkatuaren biktima direla eurak ere. Gonzalezen ustez, egokiagoa eta beharrezkoa da gizonek aztertzea patriarkatuak zer pribilegio eman dizkien, eman baitizkie, eta hortik abiatzea gogoeta. Bestetik, autodidakta izan behar dutela esan zuen, eta ez etengabe emakumeei eskatu gauzak azaltzeko.

Eta fikzioan?

Aurreko egunean ikus-entzunezko ekoizpenez hitz egin genuen modu berean, bigarren eguneko arratsaldeko saioan Iratxe Retolazak literaturan jarri zuen arreta: memoria kulturala birsortzen duenez, hori ere ipini behar da zalantzan. Gatazka-gune iraunkorra izan da gatazka politiko armatua literaturan ere, idazleek horri buruz idazteko duten zilegitasunari lotuta maiz. Literatura engaiatua vs. literaturaren autonomiari buruzko eztabaidak izan dira, baina, adibidez, idazle feministak ez dira idazle engaiatutzat hartu.

Retolazak 3 ataletan banatu zituen gatazka erdigune gisa ipini duten idazleak: subjektu politikoak (ahots autobiografikoak), subjektu politiko-kulturalak eta subjektu kulturalak. Lehenengoen kasuan, oso emakume gutxik idatzi dute beren esperientziei buruz (Ataramiñeren katalogoan ez dago bat bera ere, urtekarian baten batzuk agertzen dira). Horren zergatiei erreparatuta izan daiteke, batetik, kartzelako baldintzek eurek zailtzen dutela langintza, norberaren esperientzia ez dela hartzen kolektiboaren adierazgarri modura, edo esparru publiko horren kodearekin deseroso sentituta, ez dutela asmatu beste era batera planteatzen.

Subjektu politiko-kulturalek diskurtso literario-fikziozkoak eraikitzen dituzte, literatur argitaletxe batean plazaratu, baina komunitateak nazio-gatazkaren eragiletzat dauzka. Hor ere, erreferente gehienak gizonak dira.

Subjektu kulturaletara etorrita, idazleak geneuzkake. Horien kasuan, genero-maskararen erabileran ipini zuen fokua Retolazak. Genero-maskara da, idazlea gizona izanik, emakume narratzaile bat baliatzea, eta alderantziz. Retolazak ikusi duenez, maskara hori nazio-gatazkarako eta genero-gatazkarako baliatu izan da gehien. Adibide bat: Bernardo Atxagaren Zeru horiek eleberrian emakume preso bat agertzen da. Reinsertzio-garaiak dira eta preso bat espetxetik ateratzen da. Atxagak nahi du preso hori erabat bakartuta egotea, eta horregatik datorkio ondo presoa andrea izatea. Bestalde, amarik gabeko eta inguruan denak gizonak dituen pertsonaia bat da: horra sinesgarri gertatzeko beharrezko ezaugarriak. Reinsertzioaren bidea hartuko duela jakin bezain pronto bikotekideak utzi egiten du presoa, eta horrek, kartzelatik atera bezain laster, taberna batean ezagututako tipo batekin egiten du larrutan, gutun baten bidez bikotekide ohiari gordin jakinaraziz (bi aukera: bikotean edo puta).

Amatasuna ere gogoan hartu behar. Amak errudun eta erredentore modura agertzen dira sarri, gatazkari lotuta. Joxepa Mendizabali Arestik idatzitako poematik hona errepikatu da errepresentazioa. Jokin Muñozen Antzararen bidea adibide.

Eraldaketarako ekarpenik ere izan da. Peneloperen mitoa (Ulisesen zain, leial) berrikusi dute beren ipuin eta idazlanetan, besteak beste, Karmele Jaiok, Laura Mintegik eta Eider Rodriguezek. Sexualitatearen gaia nazio-gatazkarekin uztartzean, Ni naizen hori eleberriak (Karlos Gorrindo), adibidez, zirrikitu interesgarria zabaltzen du, sexu-askapena eta nazio-askapena eskutik emanda irudikatzen baititu, eta bazterretan topo egiten dutenen arteko elkartasuna aldarrikatu. Ezinezko maletak eleberrian (Juanjo Olasagarre) protagonista gay-a atzerrira joaten da bere sexualitatea aske bizi ahal izateko (nazio-gatazka ere agertzen da), baina Jalgi hadi plazara eleberrian (Itxaro Borda), aitzitik, Bilbo da lesbiana libre izateko plaza (nazio-gatazka ez da azaltzen).

Hondar-ondorio modura, gatazka politiko-armatua aipatzen den eleberri denetan agertzen da familia-gatazka ere, dela anaien artekoa dela gurasoekikoa. Bestalde, anaitasun-gatazkak irudikatzen diren obretan gizontasunari buruzko gogoetak indar handia izaten du (Hamaika pauso…).

Askotariko ahotsak

Buruaren galbahea askoz gehiago iragazteko gai ez zela, jardunaldietako azken saioan ordura arte gutxi aipatutako alderdi bat ekarri zuten mahai gainera Amaia Andrieuk eta Jone Goirizelaiak. Mugimendu feministak gatazkaren konponbidean izandako eragina eta parte-hartzea izan zuten hizpide.

Goirizelaiak Ahotsak ekimenari buruz hitz egin zuten. Bere iritziz, oso proiektu potentea izan zen, ehunka emakume batu zituena (eta orain dator kontu berria), ideologia diferentetakoak. Helburua: ikusaraztea emakumeek ere politikan lan egiten dutela. Horretarako batzen zituenari erreparatu zioten, erantzukizunaren gaia kanpoan utzi eta eskubide eta erabakiei buruz aritzeko. Lan egiteko modua: solasaldi eta eztabaida luzeak egin ondoren, zerbait adosten bazuten, hori hartzen zuten minimo gisa. Gai potenteak hartu zituzten, ondoren mikro-akordioak lotu, izapideak egin eta horrekin segitzen zuten aurrera. Hainbat puntu adostu zituzten, besteak beste, izatezko bikoteari buruzkoa eta Irun eta Hondarriko alarde baztertzaileei dagokiena (aho batez onartu zuten horren aurkako adierazpena, parte hartutako zenbaitek, gerora, irizpidea aldatu duten arren).

Andrieuk Gernika 37/87 ekimenari buruz ere hitz egin zuen, Aizanek eta Bizkaiko Emakumeen Asanbladak elkarlanean antolatu zuten nazioarteko epaimahaia, adierazpen bat ere plazaratu zuena. Emakumeen aurkako indarkeria salatu eta zigortu zituzten bertan.

Hizlarien ustez, bi esperientzia horiei buruzko dokumentazioa (eskuragarri dagoena) erabilgarri gerta daiteke gaur eguneko egoeran ere. Horrez gain, hainbat pauso egiteko beharra sumatzen dute: ikerketa-ildoa bateratu behar da, eta jakintza-esparru diferentetan baina gatazka eta feminismoa ardatz hartuta lanean ari diren ikerlariak elkartu egin behar dira, ildo horretan sakontzeko. Bestetik, mugimendu feministak bere agendan sartu behar du gatazkaren konponbidea, eta konponbide horretan begirada feministak txertatu behar ditu, intzidentzia lortu eta proposamen zehatzak eginez. Azkenik, jatorri politiko ezberdinetako emakumeak batzeko funtsezko gune direna ere aipatu zuten: Emakumeen Etxeak. Andre mordo bat biltzeko gune dira, mugimendu politizatuetan ezinezkoak liratekeen aliantzak sortzeko toki.

Danele Sarriugarte
Danele Sarriugarte

1 Iruzkin

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *