Estatua eta politika ere #Plaza dira
Ana Iruretagoyena 2016-12-16

Jule Goikoetxeak eta Onintza Enbeitak hartu zuten Feministaldiko plaza ostegunean. Estatufobia liberalaz aritu zen Goikoetxea eta pertsonala politikoa dela aldarrikatu zuen Enbeitak.

Estatufobia patriarkala izan zuen hizpide Jule Goikoetxeak. Jendartearen baitan indarkeria beti emango dela du premisa eta, beraz, egitura politiko publikoen aldarria egin du, publikoa den hori birkontzeptualizatuz.

Estatufobiaren analisia eginda, Goikoetxeak aitortzen du estatua egitura biolentoa dela, baina ohartaraziz komunitatea eta familia bezalako egituren antzera dela:”Botere-harremanetan oinarritzen da estatua, baina baita familia eta komuniatea ere; eta horiek ere indarkeria sortu eta erreproduzitzen dute”.

“Estatua oso biolentoa izan daiteke, oso eraginkorra delako. Kontua da, nork kudeatzen duen”, dio Goikoetxeak. “Egitura publiko politikorik gabe, ez dago erabakitzeko eskubiderik: erabakitzeko ahalmena dago… eta ahalmen hori, normalean, esku pribatuek dute”.

Estatuaren mugei kritika egiten dietenen aurrean, inperialismoa jarri du adibide: “Diruaren Munduko Funtsa, Cocacola, Fox… ez dira estatuak, baina guzti horiek mugak sortuz funtziontatzen dute. Eta gure lurraldean sartu eta osatzen dute, barrutik bertatik. Mugek ez dute estatuaren monopolioa, eta estatuek ez dute mugaren monopolioa. Muga horiek desagertzen ari dira egun, eta multinazionalen hedapena zabaltzen”.

Estatuak dimentsio asko ditu eta forma asko ditu. Gaur, estatismo kapitalista bat dugu, Goikoetxeak dioenez, eta ezkerretik egitura publikoen alde egin behar dela iritzi du, publikoa den hori birkontzeptualizatuz, “gizarte zibila patriarkatutik pentsatua, osatua eta mamitua izan baita eta kritika behar du”. Zentzu horretan, egitura moduan komunitatea aldarrikatu baino, haren forma ere biolentoa dela ohartarazi du: “Ni ez nago komunitatearen eta bueltaren alde. Komunitatearen birkontzeptualizazioaren alde nago; indarkeria komunitateak ere sortzen baitu, hori kanalizatu behar da, publikoaren ongizatea bermatze bidean”.

Utopien balioa kontutan hartuta, baina pragmatismoa helduleku, praktika egituratuen aldeko aldarria egiten du: “Estaturik gabe, nola defendatzen dugu gure burua, aberastasuna birbanatu nahi ez duten horiengatik?”.

Esperientzia pertsonaletik ekin dio Onintza Enbeitak, politikotik pertsonalera izenburupean. Madrilgo diputatuen kongresuan izandako esperientziatik ikasitakoaz egin du. Garai hartan, izan ere, mantra baten moduan errepikatu behar izan zion bere buruari Milleten “pertsonala politikoa da”: “Pertsonalak politikan eragiten duen beste, eragiten du mundu politikoak pertsonalean”, dio. Hiru gunetatik aztertu du estatuko politikagintzan izandako esperientzia: kongresuan bertan, komunikabideei dagokienez, eta alderdiaren barruan.

Madrilgo kongresuaz kontatzen duena, bertako giro arrotza da: “Niri zilegitasuna kentzen zidan atmosfera bat sortu zen. Emakumea zara, gaztea, ez zara eurentzat politikari serioa: gutxiesten zaituzte, ez zaituzte serio hartzen. Uneoro esaten dizute kontatzen duzun hori zure arazoa dela, pertsonala eta subjetiboa. Alegia, gizartearen ehuneko berrogeita hamarraren kezka eta arazoak zeureak bakarrak direla”.

Hedabideen aldetik jaso duen erantzuna ere ez da duina izan: emakume bertsolari moduan ikusita, alde batera uzten zuten profesionalki izandako jarduna, gai askoren inguruko iritzi politikoa, unibertsitate ikasketak… “Badago ideologia folklorizatzeko saiakera bat”, dio: “Lau urte hauetan gehien erantzun dudan galdera da: egia da, zu Rocio Juradoren jarraitzailea zarela?”.

Etxekoaz ere kritika egiten du Enbeitak: zerrendak osatzerako orduan, emakumezkoen izena ez da lehenengo ateratzen, eta ez daude erabakitzeko eremuetan: “Zuzendaritzaren bileretan parte hartu dudanean izan da abortoaren legearen inguruan; antza, emakumeen gaiak diren horietan; inoiz ez aurrekontuen inguruan, adibidez”.

Feminismo hitza ekiditeko joera ere badagoela salatzen du, halaber, Enbeitak: “Feminismo hitza bera esatea saihestu egiten da. Ezpain gorrien iraultza bada, kanpaina egiten ari garenean esateko dugun guztia, horrek esan nahi du feminismoa ekiditen ari garela. Nik botoa eman nien, baina hasarretu nau. Gainera, ezpain gorriak jartzea identitate jakin bat gorpuzteko modu bat da, eta ezpain gorriak ez dituztenak kanpo geratzen dira”. Euskal Herrian horren inguruko hausnarketa egin behar dela iritzi du, eta baita, emakumeak politikagintzarako ahalduntzearen inguruan ere: “Ahalduntze prozesua bakarrik egin behar duzu, munduaren aurka. Alderdiek prestatu beharko lituztkete politikan arituko diren emakumeak. Eztabaida zabaldu behar da emakumeek politikagintzan jasaten dituzten erasoen inguruan eta horiei aurre egiteko garatu daitezkeen tresnen inguruan”.

Ana Iruretagoyena
Ana Iruretagoyena

Kazetaria ikasketaz, ofizioz irrati-esatari, pasioz feminista. Praktikarik gabeko teoriarik desio ez, eta bestelako maitasun-ereduak gorpuzten dihardut buru-belarri. Neska politek ez dutela hitz itsusirik esaten kontatu zidaten behin.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *