Zenbat aldiz errepikatu ote dugu kartzela dela sistema heteropatriarkalaren erreprodukziorik gordinena. Zenbat aldiz espetxeak hiru aldiz (gutxienez) zigortzen duela emakumea. Zenbatetan aldarrikatu ditugu emakume presoen eskubideak eta zenbatetan salatu gatibutasunak berez duela emakumea “berbideratzeko” helburu sozializatzaile perbertsoa. Zenbat ikerketa, zenbat hitzaldi gai beraren inguruan, zenbat albiste higuingarri, zenbat poz, zenbat irri, zenbat negar emakume preso batek haurra eduki duela albiste jaso dugunean.

Euskal Preso Politiko emakumeek, Euskal Herriaren askapenaren alde borroka egiteagatik jasotzen dute estatuaren errepresioa, jasaten dituzte salbuespenezko legediak. Egon daitezke isolamenduan, bat, bi, hiru urtez (gogora dezagun Arantza), gizonezkoentzako espetxe batean, bat, bi, hiru urtez, gaur, bihar, etzi, gizon uniformatuak soilik ikusten, autoritateak ematen dion boterea baliatuta, hark egin behar duena agintzen. Gizona da estatua; estatua gizonezkoa da. Euskal Preso Politiko emakumeek patio txikiagoa dute, ez dute emakumezkoentzako kartzelarik, eta Frantzian, sexualitatea ere kasik debekatuta dute; amatasuna debekatuta dute. Estatua gizona da. Euskal Preso Politiko emakumeek dispertsioa bizi dute, zaintza-saretik urrun, edozein harreman afektibo zailtzeko zigor hori ere bizi dute. Estatua gizona da, eta espetxea estatua denez, kartzela ere maskulinoa da. Gizonek gizonentzat eraikia. Horregatik, Euskal Preso Politiko emakumeek zigor hirukoitza bizi dute.

Itziar Moreno kideak pasa den astean ongi azaldu zuenez, kartzelak badu eginbehar sozializatzaile garrantzitsu bat. Kartzelak sistemari aurre egin dioten emakume horiek emakumetzea du helburu. Berdin dio puta, inmigrante, militante. Emakume normatiboak berreraikitzea da helburua. Zenbat antidepresibo, zenbat ordu josketa tailerrean, zenbat koadro, zenbat estetika saio. Izan ere estatua aita da, espetxea aita da, eta aitaren eginbeharra da emakume errebelde horiei bide egokia erakustea. Aitak erakutsiko digu bidea. Kartzelan emakume izatea erresistentzia konstante batean bizitzearen kontakizuna da. Erresistentzia hilerokoa duzunean, erresistentzia ama izan nahi duzunean, erresistentzia norberaren gorputzetik abiatuta. Lehen gudu-zelaia da gorputza emakumearentzat espetxean.

Badakit diodana ez dela ezer berria, eta espetxetik pasatako emakumeek inork baina hobeki jakingo dutela zer den norberaren azalean bizitzea diodana. Baina, askotan ez dugu gaitasunik egindako ekarpen teorikoak, azaldutako bizipenak, entzundako hamarnaka hitzaldiak errealitatean ezagutzeko. Estatua aita da bai, espetxea patriarkala da, eta agerian gelditu zen hori atzo jaso genuen notizia latzarekin. Sara Majarenas euskal preso politikoaren alaba zauritu zuen gizonezko batek, labankadaz, eta orain ospitalean dago haurra. Inolaz ere gauzatu daitekeen eraso matxista diabolikoena da. Asmoa, berriz, argia: gatibu dagoen amaren alabari min egin amari ahalik eta min handiena egiteko. Estatua, aita. Txanpon beraren bi aldeak direla diogunean horretaz ari gara, estatua bera da patriarkala, estatua bera da matxista eta erasotzaileak ez dira disfuntzio soziala, erasotzaileak patriarkatuaren seme sano-sanoak dira.

Sarak aske behar luke bere alabarekin, Sarak Euskal Herrian behar luke, eta ez ia 700 kilometrora dispertsaturik. Higuingarria da atzo gertatutakoa, baina Sarak kartzelan jarraitzen du eta alabak ospitalean. Euskal Herriari eta feministoi dagokigu orain beharrezko presio soziala egitea Sara eta alaba elkarrekin batu eta etxera etorri daitezen, eta instituzioei beharrezko harreman diplomatikoak edukitzea egoera ahalik eta hobekien kudeatzeko. Izan ere, horrelako egoera latzetan erakundeen eskuhartzeak nahaspilatu egin dezake egoera are eta gehiago. Alabak bi hilabete gehiago egin ditzake soilik amaren alboan, 3 urte bete ondoren urrundu egin beharko baitu amaren eskuetatik. 700 kilometrotara egoteak noski ez du egoera xamurtzen, eta gainera, Sara (13 urteko!!) kondena guztiz amaitzeko urtebeteren faltan dago. Sara eta alabak elkarrekin behar dute, eta aske behar dute, orain. Estatua, espetxea eta aitaren eskuetatik libre, kanpoan behar dute, etxean; eta hori, Euskal Herritarron eta feministon esku ere badago orain.

Lehenengo zita, asteartean 19:30tan Donostiako Bulebarrean daukagu. Eta, bigarren hitzordua, otsailaren 11ean, Bilgune Feministak Valladolideko espetxera antolatutako martxara joateko.

Bertan ikusiko garelakoan,

batu gaitezen eta hil dezagun estatua, hil dezagun aita!

 

Maider Galardi
Maider Galardi

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *