Errugbia eta futbola, gizonezkoen kirol hegemonikoen bi erraldoi mundial
klitto! 2018-05-21

Joan den astean, emakumeez osatutako Bizkaiko hiru taldek egindako bideoak sekulako arrakasta izan zuen sare sozialetan , eta Europako hainbat herrialdetara ere zabaldu da. Bilbon , Europako Errugbi Finalaren atarian, emakumeek egindako errugbiaren sustapenak indar handia hartu du. Anoetan ere, Realaren eta Athleticen arteko derbia oso entzutetsua izan da, inoizkorik onena emakumeen jardunaldi batean.Kirolaren asteburua izan da, eta baita emakumezko kirolari zein zaletuena ere.

Aurreko asteburuan, taldean jokaturiko kirolen bi ekitaldi nagusi izan dira Euskadiko sona handiko bi zelaietan. Batetik, San Mamesen, Errugbiko Europako Kluben arteko Finala gizonezkoen kategorian . Bestetik, Anoetan, Reala eta Atlheticen arteko futbol derbia emakumezkoen kategorian. Bi kirol horiek zenbait antzekotasun dituzte: zelaien dimentsioak, ateak edo makilak zelaiaren bi iskinetan, baloi borobil edo obalatua, 11 eta 15 laguneko taldeak, partida bideratzen duen epailea, eta jarraitzaileak. Beraz, aldea ondorengoa litzateke:

Futbola , basapiztiek jokaturiko zaldunen kirola da. Errugbia, aldiz, zaldunek jokaturiko basapiztien kirola”.

Errugbi jokalaria izan naiz, eta ,egun, errugbi zalea izaten jarraitzen dut. Ideia hori askotan azpimarratu behar izaten dut, kirol hori oso bortitza ez ote den galdetzen baitidate behin eta berriz. Nire ustez, aipaturiko esaerak ez du egun kirol horiek daukaten aniztasuna jasotzen. Errealitatea hautemateko begiradek, eragin zuzena daukate daukagun ikuspegian. Eta era berean, gure ikuspegiak gauzak ulertzeko moduan ondorioak ditu. Beraz, hemendik aurrera beste modu batean azalduko ditut errugbiaren onurak. Errugbiaren helburua, arerioa sahistea da, beste jokalariak bere gorputza erabiltzen du ni aurrera joatea eragozteko, eta entsaiorik ez lortzeko.Borroka horretan, kontaktua egon daiteke, eta agian lurrera botako naute, horrexegatik nire taldekideen babesa beharko dut baloia ez galtzeko.Baloia, helmugara iristeko lekukoa litzateke, eta hori lortzeko ezinbestekoa da taldekideen arteko elkarlana.Araudiak zehatz adierazten du jokoa garbia edo zikina izan den,partida bideratzen duen epailea eta gure xede bera duten arerioak. Horiexek dira osagaiak partidan zehar. Eta zelaitik kanpo irribarreak, garagardo brindisa, irabazi eta galdutako partiden oroitzapenak, entrenamendu eta aldageletako pasadizoak… Horiek denak izan zuten euren lekua Bilboko gizonezkoen Errugbiaren final handian.

San Mamesen ikusitako errugbi bera da emakumezkoek jokatzen duguna. Partida bideratzen duten arauak, gure arau berberak dira.Ikusitako plakatzeekin oihu egiten dugu eta entsegu bikainekin jauzi egin. Gure ondoko ikusleak , epailearen txilibitu hotsa aurreikusi dugunean harrituta geratu dira. Gu,emakumezkoak, partidan murgiltzea ez ohikoa da haientzat. Ondo etortzen da gero eta emakumezko gehiagok jokatzen duten basapiztien kirol horretan aritzeak jendea zur eta lur uztea. Egun, animalien kirol hori jokatzen ari diren jokalarien soslaia oso anitza baita, zorionez.

Kirolaren gaineko balioen inguruan hitz egiten dute, baina nik horretan dabiltzan pertsonek dituzten balioei buruz hitz egingo nuke. Bilbon , aurten, sekulako liskarrak izan ziren Europako Futbol Txapeldunen partida batzuetan. Eta iragan asteburuan izandako Europako Errugbi Finaletan ,ordea, ez da horrelakorik izan; ez partidan bertan, ezta ondoren ere. Agian, arreta aurreko esaera horretan aipaturiko jokalari basapizti-pertsona horietan jarri beharrean, asmo txarrekin datozen jarraitzaileetan jarri beharko genuke.Bilbon, partida ondorengo 3. denbora, normaltasun osoz bizi izan zen, festa giroan, lagun artean , garagardoren bat edo besterekin. Anoetan, igandean, giro bikaina izan zen 1. mailako emakume futbolariek bertan jokatutako estraineko partidan.

Ilusioa, urduritasuna, adiskidetasuna eta elkartasuna izan ziren nagusi bi ekitaldietan. Errugbia kirol gutxitua da Euskadin oraindik, eta baita emakumezkoen futbola ere, itzalean baitago, ikusezina da.. Partida aurretik emozio berak bizi izan zituzten jarraitzaileek, egoera berezia baitzen, berria. Ikusleen grina piztu, eta abestiak zein txalo zaparradak izan ziren nagusi. Oilo-ipurdia jartzen zait, jokalaria nintzela aldageletako tuneletik entzundakoak gogoratzen ditudanean: jendea irrikitan, ateratzeko abestiaren lehen notak entzun eta bat -batean dena gelditu egiten da, epailearen txilibitu hotsa entzuten den arte. Partida hasi eta ahalik eta ondoen egin besterik ez duzu nahi, eta kirola eginez gozatu.

San Mamestik Anoetara, barrutik ezagutzen duzun kirol bat emozioz bizitzetik, zu bezala bidea egiten ari diren emakume kirolariak babestu behar dituzun ardura sentitzera. Kirolarien arteko sororitatea sentitu, gune propioa aldarrikatu , emakumeon protagonismoa eta kontenplazioa. Emakumeok geure buruari protagonismoa aitortu behar diogu, eta denontzako guneak eskatu, berez ez baitira etorriko. Estadio batera joateko hainbat arrazoi egon daitezke, eta gure ikuspegi anitzek esperientzia aberastu baino ez dute egingo.

Kirola jendartearen isla dela diote, eta bertako gaitzak kirol mailan ere errepikatu egiten direla.Baina,nire ustez, kirol alorreko aldaketek, era berean, jendartea eraldatzeko gai dira. 21.000 ikusle egotea emakumezkoen futbol derbi batean, mugarri bat izan da eta horrek ez du atzera bueltarik.

Oharra: aspaldi sorturiko kirol elkarteei euren ereserkiak aztertzea proposatu nahi diet. Eta beharrezkoa balitz, beraien abestietan hitzak egokitzea klubeko partaide diren pertsona guztiak kontuan hartzeko. Beraien kamiseta janzten duten kide guztiek, gizon zein emakume, baitaukate erreferenteak izateko zein animatuak izateko eskubidea.

 klitto!
 klitto! Malen, Ana eta Irati

Klitto!k sinatutako lanak webgunearen sortzaileek (Malen Aldalur, Ana Iruretagoyena eta Irati Urkiola) sinatuta doaz.

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *