Erauziz estali
Jone Arruabarrena 2019-01-17
Ilustrazioa: Uxue Bereziartua

Umeek, zerbaitek beldurtzen dituenean, begiak eskuez estaltzeko joera dute askotan; horrela, beldurtzen dituen hori ez ikustearekin batera, desagertuko balitz lez. Guk umeei barre egiten diegu. Absurdua iruditzen zaigu.

Gorputzen gehiengoak, berez, ileak dituzte; emakume, gizon, zein beste edozein genero izanda ere, gorputzen hankak, besoak, besapeak, ipurdiak, genitalak… biloz betetzen dira nerabezarora heltzearekin batera. Baina hau normaltzat daukagu soilik gorputz jakin batzuetan, edo, hobe esanda, ileak gorputz batzuetan baino ez direla ​existitzen saldu digute. Guztiok, umeak lez, eskuak jartzen ditugu begietan.

Telebistak biloak kentzeko produktuak eskaintzen dizkigu, baina pantaila txikian produktu horiek erabiltzen dituzten emakumeek ez daukate ilerik. Ez da beharrezkoa gure esku propioez baliatzea; medio masiboek beraienak jartzen baitizkigute aurrean, errealitatea estaliz.

Jakin nahiko nuke zenbatek ikusi dituzten bere inguruko emakumeak* ilea erauzi gabe. Hau da, zenbatek ikusi dituen diren bezala, beldurtzen gaituen hori ikusi beharrik ez izateko, aihotza pasatu gabe. Zenbat gizonei ez zaien burutik pasa ere egin beraien gorputzeko xerloak kentzea, emakumeak ileekin ikustea pasa ez zaien modu berean.

Jakin nahiko nuke, gutako zenbat izan den gai leku publiko batera, bere gorputzeko atalak diren ileok errotik erauzi gabe irteteko. Ez dira asko, eta ez da arraroa. Izan ere, frogatuz gero, ikusiko duzu nola batzuk disimulatzen saiatzen diren, baina begirada ezinbestean zure ileetan iltzatzen zaien. Beste batzuk ez dute erreparorik izango buelta ematean. Azkenik, izango dira nazka aurpegia jarri eta “ez izan zikina” bezalakoak botako dizkizutenak.

Gure burua zigortzen dugu etengabe, astero edo baita egunero ere berezkoa dugun zerbait errotik erauzteko; gure buruari min emanez azaleko poro guztiak minberatuta, gorri eta odoletan dauden arte. Gure patrikak hutsitzen ditugu, ile gabe utziko gaituztela agintzen diguten tratamenduetan. Gure planak moldatzen ditugu momentuan daukagun bilo kopuruaren arabera.

Baina batez ere, jakin nahiko nuke zenbat emakume diren gai beraien burua ileekin ikusteko eta ondo daudela sentitzeko, gai direla sentitzeko, seguru daudela sentitzeko, ederrak direla sentitzeko. Aurreko guztia kontuan hartuz gero, ez baita erraza nork bere burua maitatzea ezer kendu, aldatu, atera edo gehitu gabe.

Jakin nahiko nuke gutako zenbatek kendu duen umetako ohitura hori. Hau da, zenbatek kendu dituen azkenean eskuak begietatik, eta ohartu den beldurtzen zuen hori, hain ikaragarria zena, mamu bat baino ez zela; gure buruari beldur izatera bultzatzen gaituen mamu bat, eta horrela gure burua etengabe mugatu eta katez josten duena.

Eta jada umeak ez garenez, badakigu mamuak ez direla existitzen (eta era berean, gure hanketako biloak existitzen direla). Beldurgarria dela esan diguten hori, gure askatasuna baino ez baita. Zein da orain, absurdua dena?

Jone Arruabarrena
Jone Arruabarrena

Zure iruzkina

Your email address will not be published. Required fields are marked *